Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Dantzaren komunikazioa sarean, dantzan.com, facebook eta horien inguruko kontuak

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren komunikazioa sarean, dantzan.com, facebook eta horien inguruko kontuak

2014/06/05 10:50

Dantzan.com-en parte hartu eta ekarpenak egiteko modua erraztu eta erakargarriago egiteko hobekuntzak egiten ari gara azken hilabeteotan. Funtsean, dantzan.com-en hasiera hasieratik sustatu nahi izan dugun parte-hartze eredu irekia da orain ere bilatzen duguna. Dantzan.com-eko lehen bertsioan dagoeneko jarri genuen "zure albistea gehitu" botoia. 

Azken 2-3 urteotan, sare sozialen eztandarekin, antzematen genuen dantzari buruzko komunikazioa bereziki facebook-en izugarri indartzen ari zela, eta horrek kezka handia eragiten zigun. Zergatik? Ba facebook, sare itxia delako, alegia, facebook-en argitaratutako albisteak soilik facebook-eko erabiltzaileek, eta kasu gehienetan, gure lagun bezala lotuta ditugun erabiltzaileek irakurri edo ikusi ditzatekeelako. Gure iritziz horren ondorioa oso kaltegarria da dantza alorrarentzat, informazioa zirkulo itxietan bakarrik zabaltzen delako, eta dantzan.com-en oinarrizkotzat dugu printzipioaalegia, dantzari buruzko informazioa guztiontzat eskuragarri jartzea eta elkar ezagutzen ez dugunon arteko komunikazioa eta elkarrizketa gauzatu ahal izatea hautsi egiten duelako.  

Facebook-ek hainbat balio interesgarri ditu eta horregatik erakargarri gertatzen da. Argitaratzeko oso erraza da eta argitaratu dugun horrek erantzuna berehalakoan jasotzen du (atsegin dut-ak, komentarioak....) eta beraz, ahalegin txikia eginez oso esker onekoa gertatzen da. Baina bestetik, sare sozial itxia izanik, bere eragin eremua murriztua geratzen da: gure perfilean 500 lagun baditugu edo gure taldearen orrialdean 700 atsegin dut baditut, horiek bakarrik izango dute gure ekarpena ikusteko aukera. Gainera, etengabeko jario eguneratzearen ondorioz, praktikan, 500 lagunetik soilik 25-30ek (argitalpena egin dugun tarte horretan parean tokatu direnak, jario osoa errebisatzen dutenak edo atsegin dut batek bere pantailara bistaratu diotenak) ikusten dituzte argitaratzen ditugun ekarpenak. Bestalde, facebook-en iraunkortasuna oso mugatu da. Egunean bertan ikusi ez duzuna nekez ikusiko duzu biharamunean eta 2-3 egun pasata argitalpen hori "desagertu" egingo da betiko gure begien aurretik, eta orain hiru hilabeteko argitalpen bat aurkitzea paleolitoko arkeologoentzat ere ezinezkoa misioa da.  

Ohartuta gaude gaur egun euskal dantzari buruzko informazioaren %80 facebook-en ari dela sareratzen, baina informazio zirkulo txikietan soilik zabaltzen da, iraungitze oso azkarra izaten du, eta dantzarekiko interesa duen jendearen %95arentzat ez dago eskuragarri. Dantzan.com-en azken hilabeteotan egiten ari garen aldaketen helburua ekarpenak egiteko modua erraztea eta dantzaren inguruan egiten den komunikazioaren zati bat, informatiboa dena bereziki (badago beste zati bat, harreman pertsonalei dagokiena sare txikietakoa propio dena, ez gara horretaz ari hemen) dantzan.com-en bidez hedatzeko aukera eskaintzea da. Facebooken dantzari buruz argitaratzen den %5 erakartzea lortuko bagenu arrakasta itzela litzateke. 

Komunitatearen ideia eta erabiltzaileen profilak indartzea izan dira helburu horrekin egin ditugun aldaketak teknikoak. Esan bezala, gutxinaka joan dira aldaketak egiten (oraindik baditugu beste hainbat egiteko), baina halako batean horien eragina antzematen hasi gara. Noski, hau ez da uholde bat, eta noski, urteko garai zehatz eta berezi batean gaude, maiatza-ekainean izaten dira dantza "ebento" gehienak, eta denok horiek iragartzera jotzen dugu. Gainera, iragarpenak egin ohi ditugu normalean, eta ostera, horiek bezain interesgarriak edo interesgarriagoak diren ebentoaren ondoko kronikak  oso urriak izaten dira. Baina hori guztia horrela izanik ere, hainbat ekarpen izaten ari dira azken asteotan, dantza komunikazioa dantzan.com-en bidez egiten ari dira hainbat norbanako eta talde, eta egindako hobekuntzak eraginkorrak gertatzen ari direla iruditzen zaigu.  

Esan bezala, oraindik ajuste eta hobekuntza zenbait egin behar ditugu, eta horiek egindakoan hurrengo eduki motak (bideoak, argazkiak...) erakartzeko eta errazteko bideetan zentratu beharko gara, baina oraingoz ikusi dugu bideak erraztuz gero jendeak erantzuten duela. Azken egunotan blogek edukiak komunitateetako perfiletara ekarri ditugu, eta horrek ere apalduta zeuden blogen dinamika berpizten lagunduko ote duen itxaropena dugu. Azalpen hauekin batera gonbidatu nahi zaituztet parte-hartzearen txipa aktibo izan eta zuen ekarpenak, erantzunak, ebento iragarpenak eta dena delakoak dantzan.com-en, zuen komunitateko profila erabiliz sareratzera. 

Bizi-dantzan!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.