Dokumentuaren akzioak
"Dantzaren industria" oximoron bat da
Dantzari baino, dantzaren sektore profesionalari bideratu nahi dizkio laguntzak Jaurlaritzak, eta dantzaren sektore profesionala egituratu eta indartu nahian, "dantzaren industria" izendatzen hasita dago azken aldian. Baina dantzaren industriarik existitzen da? Ez al da oximoron bat?
Genero arrakala aztergai
Eusko Jaurlaritzaren enkarguz "Dantzaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn" aztertu eta txostena egin du Jemima Canok. Txostenean, sumatzen genuena datuen bidez konfirmatu du Canok; oso feminizatua eta prekarizatua dagoen sektorean, dantzan, gizonezkook aukera, emanaldi, sari, ardura-lanpostu eta arreta gehiago dugula. "Emakumeak, askoz gehiago izanda ere, zailago egiten zaie toki horietara iristea" ebatzi du egileak. Hemen ikusi dezakezue txostenaz egindako laburpena eta txostena osorik ere bai.
Sarrera honetan "dantzaren industria" kontzeptua eztabaidatu nahi dugu. "Dantzaren industria" oximoron bat dela defendatzera gatoz, eta dantzaren sektoreari administraziotik bultzatu diren termino horietara makurtzeak mesede baino kaltea ekarriko digula ohartaraztera.
Wikipediak zer dioen
Dantza: Dantza gorputz mugimendu zehatz eta kateatuen segida bat da, batez ere, doinu baten arabera egiten dena. (...) Gorputzaren mugimenduetan datza, erritmikoki edo ez, musikak lagundurik edo ez.
Industria: Industria lehengaiak eraldatuz produktuak ekoizten dituzten jarduera eta prozesuen multzoa da.
Oximoron: Oximoron hitza grezieratik dator, ὀξύμωρον, "contradictio in terminis" latinez, euskaraz “eromena”.
Eduki sinbolikoa duten salgaiak?
Azterlanean "dantzaren industria" kontzeptua justifikatzeko Ramon Zalloren industria kulturalen definizioa baliatzen da. Horren arabera "eduki sinbolikoa duten salgaiak ekoiztu eta banatzen dituzten adar, segmentu eta jarduera industrial osagarrien multzoa" dira industria kulturalak, eta zehazten denez "salgai horiek sormen-lanaren ondorioa dira, kapitalaren arabera antolatzen dira (eta kapital hori zenbatetsi egiten da), eta kontsumo-merkatuetara bideratzen dira". Eta ideia horri tiraka, Jemima Canok laburbiltzen duenez dantzaren industriak "kultura irabazi-asmoz sortzen, tratatzen, ahalbidetzen edo banatzen" dutenak dira.
Hori da asmo-adierazpena, baina gero zein norbanako eta talde industriatzat jo ala ez erabakitzeko, zein izan da aplikatu den irizpidea? Profesional moduan identifikatuta agertzea ala ez. Tranpa horrek harrotu zitzakeen hautsen inguruko kezka bazuen azterlanaren egileak, bereziki dantza tradizionalaren alorrean, eta honela saiatu da zauriaren aurretik jartzen benda:
"Adiera hori kontuan hartuta, azterlana egitean zalantza izan dugu dantza tradizionaleko zenbait talde sartu ala ez, haien forma juridikoa gorabehera (irabazi-asmorik gabeko elkartea edo enpresa) ez dituztelako interprete profesionalak. Hemen ez da epaitzen dantzarien kalitate teknikoa, baizik eta ea pertsona horiek ordainsaria jasotzen duten, aseguratuta dauden eta profesionalki dantzan diharduten."
Dantzaren profesionalak ala prekarietatearen profesionalak
Ni neu Euskal Herriko Dantza Profesionalen (ADDE) elkarteko bazkidea naiz. Dantzaren sektore profesionala antolatu eta sendotzea beharrezkoa iruditzen zait, eta garrantzitsua da dantzaren alorreko profesionalen langile eskubideak defendatuko dituen langile-elkargo bat izatea. Baina beren burua dantzaren profesional moduan aurkezten duten gehienek ez dute lortzen dantzatik duintasunez bizitzea. Bestalde, bere burua dantzaren profesional moduan aurkezten ez duten beste askorentzat dantza diru-iturri garrantzitsua da. Sektore oso konplexua eta anitza da, baina badu ezaugarri komun bat ia-guztiak batzen dituena: prekarietatea. Dantzaren profesional gehienak profesionalak baino profesional-asmokoak gara, eta baldintza onenetan daudenak ere, ziurgabetasun eta zaurgarritasun handian daude.
Amateurren profesionaltasuna
Dantzaren amateurrak ez gara bakarrik etimologiak adierazten duen maitaleak. Amateurrek batzuetan ere kobratzen dute dantzaren alorrean egindako lanengatik (norbanakoek ala elkarteek, diru-irabazi asmorik gabekoak ez baitu esan nahi dohain egitea), baina gehienetan profesionalek askotan egiten duten bezala egiten dute, kobratu gabe jardun. Non dagoen aldea? Ba batzuk esaten dutela profesionalak direla eta besteek ez. Txistea gogorarazten dit honek, Josebak esaten dionean Maiteri, "Aizan, Patxik esaten din beraiek gauero egiten dutela txortan", eta Maitek erantzun, "Ba esan ezak hik ere".
Produktua gu gara, txerriak gara gu
Dantza industriatzat aurkeztu nahi izatea oker handia da, dantzaren berezko izaeraren guztiz kontrakoa. Dantzak ez du produkturik ekoizten. Oso eztabaidagarria den kasuan ere, eduki sinbolikoa duten salgaiak ekoiztuko balitu ere, ez dira jarduera industrial osagarrien multzoko parte. Dantza gorputzen mugimendua da, bakoitzak berea darabil dantzarako, gu gorputzak baikara finean. Erosleek dantza kontsumitzen dutenean gorputzak behar dira salerosketa horretarako, baina gorputzak ezin ditugu ez klonatu ez saldu, beraz, bakoitzak berea eraman behar du dagokion tokira, eta ekitaldia bukatukoan berarekin itzultzen da etxera.
Dantzak ez du musikak, literaturak edo zineak bezala sortzaileak ekoizten duen eta dantzariaren parte hartze zuzenik gabe kontsumitu daitekeen produkturik saltzen. Koreografiak? Munduan izango dira gutxi batzuk beren koreografiak saltzetik bizi direnak. Baina zenbat? Esanguratsua da industria moduan izendatzeko? Egile-eskubideetatik zenbat ateratzen dute koreografoek? Bideo-dantzak izan litezke? Agian bai, baina horren kontsumoa ez da batere esanguratsua, eta izango balitz, susmoa dut gehiago litzatekeela ikus-entzunezko industriarena, dantzarena baino. Behin Argiñanori entzun nion txistea gogorazten dit horrek, arrautzak txorizoarekin plater goxoa egiteko oiloak ekarpen garrantzitsua egiten duela, baina ezin daitekeela txerriaren konpromisoarekin alderatu.
Ez dago dantzaren industriarik
"Ikerketa honek ondorio bat erakusten dit: ez dagoela “euskal dantzaren industriarik”. Ez diot nik. Jemima Canok, "dantzaren industrian" genero azterketa egin duenak dio: "Ez dago enpresa-egiturarik, ez dago estrapolatzeko moduko arrakastarik, ez dago bertako negozio eredurik, ez dago merkatu sendorik eta ia ez dago neurketarik." Canok dantza industriatzat jotzearen aldeko eta kontrakoak aztertzen ditu:
Luze eta zabal idatzi daiteke ebazteko “kultura-industria” hitzak egokiak ote diren sektorea zer den deskribatzeko edo iruzur terminologiko bat baino ez den erabakitzeko. Batek daki balizko azpikeria horren helburua ez ote den produktu mota berezi bat (“kontsumo-ondare” kategorian sartzeko modukoak) sortzera behartzea, eta mehatxua ez ote den honako hau: dantza hor sartzen ez bada, kanpoan geratuko da. Nondik kanpo, ordea? Zer adierazi nahi dugu zehatz-mehatz kultur industriak dantza kanpoan uztea edo ez uztea diogunean?
Bere ustez, dantzaren alorrean "motorrik indartsuena sektore profesionala (formakuntzan nahiz produkzioan) izango da agian". Baliteke dantza garaikidean hala izatea. Euskal dantzan inondik inora ez da hori horrela. Eta euskal dantzaren dimentsioak (parte-hartzaileena, mugitzen den ekonomiarena, emanaldiena, gizartean duen sustraiena...) garaikidea baino dezente handiagoak direla iruditzen zait. Baina bere jarduera nagusiki amateurra denez, ba ez da aktibitatearen neurgailuetan ageri...
Tiro hankari
Canok komenigarritzat jotzen du dantza sektore ekonomiko, sektore industrial moduan aurkeztea, horrela "aberastasuna sortzen dugula, BPGri ekarpena egiten diogula eta abar" frogatuz inbertsio publikoa handitzea aldarrikatzeko. Nire ustez aterabide okerra du horrek. Hasteko, dimentsio ekonomikoki errekonoziblerik ez duen dantzaren aktibitate guztiak babesgabe uzten dituelako. Bestetik, ontzat ematen dugulako dantza sustatu behar dela ekonomikoki onuragarria delako. Beraz, dantza ekonomikoki "interesgarri" ez balitz ez litzateke babestu beharko?
Hezkuntza, osasuna edo euskara ez dira industria, baina administrazioak bere gain hartuta dituen zerbitzuak eta lehentasunak dira, industria diren ala ez justifikatu behar gabe. Egokiagoa ―eta bideragarriagoa― iruditzen zait niri aterabide hori, besteak beste gure buruari gezurrak kontatzea saihestuko digulako. Izan ere, dantzaren balio eta indar handiena, jarduera sostengatzen duten aktibo gehienek ez dutela hori diru-truke egiten da. Horren aurrean ezikusiarena egin ordez, tiroa hankari eman beharrean, hobe genuke gure aktibo garrantzitsuenak errekonozitu eta balioan jartzea, eta oro har dantza babestu eta sustatzeko plan integral bat bultzatzea, fokua aktibitatean bertan jarriz, sustatzaileek beren aurkezpen-txartelean profesionala ala amateurra jarrita duten kontuan hartu gabe.
Dantza sustatu behar da dantza delako
Aktibitatea indartzen eta egituratzen bada, profesionalen balioa, premia eta babesa ere indartuko dira. One Dance UK ekimen eredugarriak ez du ez industrian ez profesional/amateur bereizketan jartzen fokua. Dantzaren sektorearen artikulazioa eta balioan jartzea lehenesten du. Dantza kulturan, gizartean, osasunean eta ekonomian onura argiak dituen jarduera moduan ulertzen baitu, industria izan ala ez, profesionala izan ala ez. Hobe genuke eredu hori jarraitzea.
Dantzak ez du behar industriatzat jotzea bere balio kultural, sozial eta ekonomikoak aintzat hartzeko. Dantza jarduera osasuntsua eta kulturalki aberasgarria izateaz gainera, ekonomikoki ere onuragarria da. Baina hala ez balitz ere, bere dimentsio ekonomikoa hutsaren hurrengoa balitz ere, edozein gizartek eta erakunde publikok babestu, sustatu eta sostengatu beharreko jarduera litzateke; giza-kulturaren berezko ezaugarri eta adierazpena delako, eta gizakiari gizaki izaten laguntzen diolako.
Dantza sustatu behar da ez industria delako, baizik eta dantza delako. Dantza ez baita industria, ez, eta gainera ez du izateko beharrik ere.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Nik dantza tradizionalean dihardut, "ordainsaria jasotzen dut, aseguratuta nago eta profesionalki dantzan dihardut". Eta ez naiz lerrokatzen "dantzaren industria" kontzeptuarekin, ez dut nahi niretzat, eta ez dut nahi ere ordezkatzen dudan dantza tradizionalaren alorrarentzat. Dantza tradizionala benetako Kultura da, ez erabilera kapitalistarekin monetizatzeko baliabide bat.
Gehiago, "Kulturaren industria" terminoa eta dinamika ere ez dut batere gogoko, eta nago mesede baino kaltea egiten duela. Izan ere, gaur egun "Kultura" terminoa (sektore edo alor bezala) entretenimenduarekin parekatu dugu, gizarte burges hiritar aspertuen entretenimendurako edo aisirako eskaintzekin. Baina niretzat, Kultura beste zerbait da, beste zerbait behar luke, sakonagoa, serioagoa. Zer da herri batek kultura izatea, herri bat kultua izatea, herri bat kulturaz elikatzea? Eztabaida sakona... Beraz, oso gutxi interesatzen zait (edo batere ez) komunikabideetako Kultura atalean eskaintzen dutena. Nireitzat hori, ia beti, entretenimendua da.
Gehiago. Administraziotik, erakundeetatik, eta Eusko Jaurlaritzatik zehazki datorren ia ezerrekin ez naiz identifikatuta sentitzen, gaur-gaurkoz. "Basque" marka, adibidez. Oraingoan ere, iruditzen zait konplejuz betetako agintari ezjakinen BESTE emaitza bat dela, beste bat gehiago.
Beharbada dantza garaikide konpainiei, edo ez dakit nori interesatuko zaio dantzaren ikuspegi hiritar - produkzio - kontsumo (emanaldiak kontratzea) industria dinamika. Beharbada, ez dakit. Baina niri ez. Eta bat nator Oierren ondorioarekin, dantza tradizionalaren alorrerako behintzat. Alegia, "administraziotik bultzatu diren termino horietara makurtzeak mesede baino kaltea ekarriko digula".
Planto eta intsumisioa, berriz ere!!
https://www.berria.eus/pape[…]gutxi-batzuen-aringarri.htm