Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Cakewalka ragtimearen garaian: dantza jazzaren hastapenetan

Dokumentuaren akzioak

Cakewalka ragtimearen garaian: dantza jazzaren hastapenetan

2010/04/08 11:50
Cakewalka ragtimearen garaian: dantza jazzaren hastapenetan

H. M. Pettit, Cake-Walk. Leslie’s Weekly, 1899-01-5.

Cakewalk-a jazzaren hastapen garaietako dantza da. XIX. mendearen erdialdean abiatu zen Ameriketako hegoaldean, esklabu beltzen kontzentrazio handiak zeuden lurraldeetan. Bere unerik gorenena XIX. Eta XX. mendeen arteko trantsizioan izango du. Hain zuzen ere, Jazz-aren sorreran garrantzitsua izan zen ragtime musika motarekin lotuta agertuko da cakewalk-a. Azken batean cakewalka dantza da eta ragtimea musika, eta ragtimearen doinura dantzatu ziren hainbat cakewalk bi mendeen arteko trantsizio garaietan.

Jazz-aren lehen urteetan, jazza bera jaiotzen, sortzen ari zen urte horietan dantzari, eta zehatzago izanda, dantza mota bati begira jarri nahi dugu. Jazzak bere lehen urratsak dantzarekin lotuta eman bazituen, pentsatzekoa da horrek eragina izango zuela bere bilakaeran. Peter Claytonen iritziz lehen urteetako jazzean gertatu ziren aldaketa gehienak dantzako pistan izandako moda aldaketek eragindakoak izan ziren.

Dantzako bi kulturen nahasketa

Jazz-ean eta Ameriketako hainbat ekoizpen artistiko berritan bezala, Cakewalkean, hainbat jatorritako eraginak antzeman daitezke. Europako dantza tradizioak eta Afrikakoak bat egingo dute genero berri bat erditzeko. Bide beretik hainbat dantza mota sortu dira Jazz-aren inguru-marian. Adibidez, Irlanda, Eskozia eta Ingalaterrako oin jokoak erritmo afrikarrekin nahastu eta tapa eta klakea sortu ziren.

Esklabuen bidez dantza eta musika ulertzeko eta bizitzeko modu bat iritsi zen Afrikatik Ameriketara. Ameriketako iparraldeko kolonia berrietan, protestanteek kontrolatzen zituztenetan, dantza eta Afrikako danborrek ez zuten aukera handirik izan. Debekatuak izan ziren eta esklabuen kopuru txikiagoa zutenez ez zuen bilakaerarik izan. Hegoaldean ordean, erlijio katolikoa nagusi zen inguruan, dantza eta danborrak izan ziren Afrikatik iritsitako esklabuek gorde ahal izan zuten beren jatorrizko kulturetako ezaugarri ia bakarra. Beranduago saiatu ziren hori ere debekatzen baina ordurako errotuegia zegoen. Esklabuentzat beren nortasuna gordetzea ahalbidetzen zien ezaugarri bakarranetako bat bihurtu zen dantza. 

Afrikatik ekarritako kultura ezaugarriak Europatik iritsitakoekin nahasten hasi ziren. New Orleans-en vudu erritoak kristau erlijioarekin nahastu ziren. Askatutako esklabuek Europako tradizio kulturalak barneratzen hasi ziren. Adibidez, Frantziako martxa militarrak, esklabu ohiek bere egin eta kaleratzen zituztenak. New Orleans-eko portua Europako eta Afrikako kultura tradizionalen biltoki aberatsa zen: XIX. mendearen azken hondarretan Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Eskozia, Irlanda, Italia, Alemania eta Afrikako kulturen nahasketarako lapikoa zen.

Esklabuek Afrikatik ekarritako dantzak egiten zituzten, baina jabe zuriei atsegin eman nahian Europako dantzen ezaugarriak ere gehitzen hasi zitzaizkien: jiga, hornpipea eta kontra-dantzak besteak beste. Frantziako Quadrille-ak dira ekarpen poltsa horretan eragin handienetakoa izan zutenak. Rag asko sortzeko oinarri izan ziren kadrileak. Izan ere, ragtime-a pianoko Europako estiloa zen, erritmo afrikarrarekin nahastutakoa. Dantza egiteko moduari dagokionez, Europatik gorputzaren jarrera tenteak, eta oinekin Ingalaterran eta Irlandan egin ohi diren oin-jokoak jasoko dituzte. Bi iturri multzo nagusi horren nahastetik dantzako estetika afroamerikar bat osatzen joango da eta berehala hedatuko da Estatu Batuetako hegoaldean.

1890 hasieran New Orleans-en Europako tradizioko hainbat dantza egiten ziren: polka, mazurka, schottische, quadrille,... 1890eko hamarkadan dantza horiek indarra galtzen hasi ziren eta beste dantza mota sinpleago batzuek hartu zuten horien tokia. Oinez nahiko modu sinplean egiten dira, eta irristaka batzuetan. Horien artean two-step izenekoa dago, sendotzen ari zen ragtime doinuarekin egiteko aproposa. Blues-arekin slow drag izenekoa egiten zen. 

Olgetatik eszenatokiko ikuskizunera

XIX. mendearen bigarren erdian cakewalka Ameriketako hegoaldeko komunitate beltzetan dantzatu zen. Jabe zurien eta esklabu beltzen dantza moduak nahasten ditu eta ondorioz arrakastaz hedatu zen komunitate beltzean. Sortzen ari ziren dantza-modu horiek erakargarri gertatzen zitzaizkion hainbat zuriri, baina horiek dantzatzen diren ingurunea beltzen getto eta areto marjinalak ziren.

Halako batean dantzatzeko modu horiek jaso eta ikuskizunetan txertatzen dituen bide bat irekit zen. Minstrel shows izenekoak ziren. Beltzen ohiturak, musika, dantza eta antzerki umoretsua nahasita, show komikoak ziren. Karikatura eta arrazakeria tonu gordina zuten ikuskizun horiek, baina hala ere hortik abiatuta dantza modu berriak hedatu ziren.

Horrelakoei bidea ireki ziena T. D. Rice izan zen, bere aurpegia beltzez margotu zuen artista zuria, eta beltzen kanta eta dantzak komikoki interpretatzen zituena. Rice-k egin bezala, minstrel show horietan dantzatzen zutenak beltzez margotutako zuriak izaten ziren maiz, baina baziren beltzak ere tartean. Adibidez, William Herny Lane, “Master Juba” bezala ezagutua. Juba, Afrikako tradizioko dantza zen, eskuak asko mugitzen zirenak eta Charleston izango zena iragarri zuena. Ikuskizun hauetan beltzen dantzatzeko modua jaso eta komikoki aurkezten zen, baina aldi berean dantzatzeko modu horri duintasuna eskaintzen zioten.

Denborarekin minstrel show-aren bilakaerak vaudeville-a eman zuen, arrazismo zantzu gutxiago omen zituen ikuskizuna. Vaudeville-etan tradizio beltzeko dantzariak tradizio irlandar eta errusiarreko dantzariekin elkartu ziren, eta baita komiko eta zirku akrobatekin ere. Baina aldi berean, ikuskizun horietan duintasuna eskuratu zuen dantza batek hedapen izugarria ezagutu zuen dantza egiteko aretoetan: cakewalk-a.

XIX. mendearen erdialdetik aurrera nahiko ezaguna bazen cakewalk-a, minstrel show-en eskutik arrakasta izugarria eskuratu zuten. XX. mendeko lehen urteetan minstrel show-aren gainbehera hasi zen, baina bertan sendotutako cakewalk-ak bidea handia egina zuen dagoeneko. Eszenatoki gaineko ibilbideak sendotu eta duintasuna eman zion. 

Esanahia eta jatorria

Izenak pastela (cake) eta ibiltzea (walk) biltzen ditu bere baitan. Dantza emanaldi berezi horietan imitatzeko gaitasun onena erakusten zuena, dohain komiko handienak zituena eta dantzarako trebetasun aparta erakusten zuena saritzeko joera zabaldu zen. Pastel handi bat izan ohi zuten saritzat, eta horrek eman omen zion izena dantzari: pastelaren martxa edo cakewalk. 

Cakewalkaren jatorriaren inguruan hainbat proposamen daude. Zenbaiten ustez Ameriketako seminole indioek zuten martxa mota bat izan zen abiapuntua. Martxa horretan parte hartzen zutenek urez betetako ontzia zeramaten buruan eta martxa dantza erritmoan eta urik isurik gabe burutzen zuena saritzen zuten. Horixe jaso zuten hegoaldeko beltzek eta beren moldaketen ondorioa litzateke. Beste batzuen iritziz Afrikatik ekarritakoa da ibilkera modu hori, eta Ameriketan moldatua eta egokitua.

Emaitza beltzek zurien dantza modu sofistikatu eta dotoreak imitatuz egindako dantza irrigarria da. Minue-aren parodia moduko bat izango zela uste du Fordham-ek. Dantzariak dotore-dotore janzten ziren, eta martxa erritmora desfilatzen zuten, gorputza atzerantz bota eta oinekin urrats zail eta bereziak egiten zituzten. Desfilatu ahala jauziak, imitazioak eta dotorezia keinu komikoak egin ohi zituzten.

Ezaugarriak

Cakewalk-ak martxen, quadrilleen eta kontra-dantzen tradizioaren berrirakurketa bat egiten du. Dantza horietatik abiatuta handiuste itxura duten dantza horien interpretazio irrigarria egiten du cakewalk-ak. Hainbat ezaugarritan hautsiko du cakewalkak Europako dantza tradizio horien egitura:

  • Figurak: Quadrile, kontra-dantza eta martxen tradizioan bi bikoteko unitateetan dantza egiten da. Musikaren erritmora figura desberdinak egiten doaz dantzariak. Figura geometrikoak eta simetrikoak izan ohi dira. Cakewalkean bikoteen mugimendu simetrikoak hautsi, eta figurak osatzeko erabili ohi ziren mugimendu sistematizatuak alde batera utzita haustura inprobisatuak egin ohi zituzten. Bikoteak banatu eta bakoitzak bere bidea hartzen du.
  • Hieratismoa: Kadrile eta martxen dantzakera nahiko hieratikoa da. Gorputz tente eta zurrun mantentzen da, eta aurreko bikotearekin topo egiterakoan buruarekin egindako erreberentzia txiki batek bakarrik hausten du hieratismo hori. Cakewalkean hieratismo hori erridikulizatuko da behin eta berriz. Une batzuetan nabarmen zutik eta tente jarriz gorputza, eta beste batzuetan atzerantz etzanez. Atzerantz etzateko irudi hau cakewalkaren ezaugarri tipiko bihurtuko da. Horrekin batera mimika egingo da, nagusi zurien mugimenduak exajeratuz imitazio barregarriak egingo dira. Eskuak ere dantzatzen dituzte, dantzari espresibate handia emanez.
  •  Oinen jokoa: Kadrileetan oinen mugimendua oso mugatua da. Urratsak erritmikoki ematea baino ez da egiten, eta bakarrik norabidea da aldatzen dena. Cakewalk-ean oinak nabarmen altxatzen hasten dira, bai aurrera eta bai atzera, batzuetan ostikoak eginez, eta oinen joko inprobisatuak eginez. Erritmikoki ere hautsi egiten da oinen sekuentzia.

Jazz-aren lehen urratsekin bat egin zuen cakewalkak ragtimearen eskutik. Cakewalk-aren bidetik hainbat rag-en inspirazio iturri izan ziren quadrilleak. 2/4ko martxa erritmoak dira nagusi ragtimean. Hainbat ragtime dantzarako jotzen ziren, eta dantza egiteko modua cakewalk-a zen maiz. 2/4 eta 4/4 erritmoak erabiltzen ziren horretarako.

Cakewalk-ak dantza egiteko hainbat ragtime argitaratu ziren 1900 urtearen bueltan, eta horietako asko honako izen honekin: ragtime cakewalks. Cakewalkak sona handia eskuratu zuen XIX. mendearen azken zatian eta XX.aren lehen urratsetan eta horren erakusgarri Europako konpositore handi batek ere idatzi zuela cakewalk bat. Claude Debussyk “Golliwog’s Cakewalk” izeneko lana egin zuen. 

Nabarmena da Jazz-aren lehen urratsetan dantzak izan zuen eragina. Lehen garaietako jazz musika taldeen xede nagusia dantzarako musika egitea zen. Helburu horrekin hasi ziren New Orleans-eko hainbat talde eta asmo hori bete-betean antzeman zitekeen 30eko hamarkadan sortutako dantza areto erraldoietan. Swinga eta dantza banaezinak zirela dio John Fordham-ek. Eta ez da harritzekoa, Savoy eta honen tankerako dantza aretoetan dantzarako musika sortzeko gogo horren azken espresiotzat har baitaiteke swinga. Swing taldeekin lindy-hopa dantzatzen zen, be-bop jazzarekin jive izenekoa, eta jazz-funk-arekin boogiea. 90eko hamarkadan, hip-hoparen jaiotza bera jazzarekin lotuta jaioko da.

Dokumentuaren akzioak

2010/04/09 16:45

Eskerrikasko Iñaki. Ez nuen ezagutzen Marx Anaien filmeko dantza-pasarte hori eta benetan ikusgarria da! Esango nuke Lyndy Hop-aren hastapenak antzematen direla hor.

inaki
2010/04/09 16:35

Oso interesgarria artikulua Oier. Zorionak. Gai horiek: ragtime, tap, swing eta oro har jazzari lotutako dantza mota hauek aspalditik interesatu izan zaizkit eta artikulu honek errepaso historiko oso egokia eskaintzen du, cakewalkaren aitzakian. Umoretik sortutako interpretazio eta sormen lanak oso erakargarriak egiten zaizkit, batik bat imitatutako eredua uste handiko eta transzendentea denean eta batez ere, imitatzailearen grazia eta trebetasuna fina denean. Eta hori da nire ustez beltz horien kasua, estereotipoak estereotipo. Gero horrek bere ibilbidea darama eta beste dantza modu berri bat sortzen da ezer gertatu ez balitz bezala (edo bai?). Honen haritik gogora etorri zait swing-ari lotuta Marx Anaiek egindako “A Day at the Races” pelikulan azaltzen den dantza ataltxo gogoangarri bat, hain zuzen ere beltzek egindakoa eta youtubeko link honetan aurkitu daitekeena http://www.youtube.com/watch?v=tzpVeJodMSo Hau, uste dut, “jitterbug” deitutako generokoa dela eta gako horren bidez oso bideo interesgarriak topa daitezke sarean. Laster arte.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.