Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Bortizkeria errituala

Dokumentuaren akzioak

Bortizkeria errituala

2009/09/03 14:41
Atera gara etxeko txikiekin buruhandi eta erraldoietara, eta hasi dira erraldoien baltsak eta  umeen korrikaldiak. Buruhandi bat hurbildu zaigu erasokor, puxika altxatu eta kolpea jaurtitzera. Baina sorpresa, goxo-goxo, ia laztanduz pasa du goma-espuma umeen buru gainetik. Deskantsuan dagoen konpartsako kide batengana hurbildu naiz. “Puxikarik ez duzue erabiltzen ala?”, “Ez, ilegala da behi puxikak erabiltzea”. “Suabe jotzen duzue hala ere”. “Bai, guraso batzuk kexatu ziren eta Udalak eskatu digu ez gogor jotzeko”.  

Inauteriak bizi-bizirik dituzten herrietan arruntak dira indarkeria agerraldiak. Maskaradetan kauterek eta buhameek ostikoka, zilipurdika, bultzaka, orruka eta elkarren gainera salto eginez pasatzen dituzte neguko igandeak. Ituren eta Zubietako mozorroek ankerkeria eta jarrera erasokorrean konpetitzen dute beraien artean. Luzaiden pazko igandez, Axe eta Tupina elkarri tiraka, bultzaka eta kolpeka hasi eta muturka bukatzeko gertu izaten dira. Hernaniko Axeri-dantzan, puxikekin armatuta eta sokari helduta zarta-hots ederra ateratzen dute inguratzen direnen bizkarrak ondo berotuz.

Ez dakit zein den indarkeri erritual horiek elikatzen dituen arrazoia —eta ez eskatu interpretazio psikoanalitikorik—, baina nire begiekin ikusi eta larruan frogatutakoa da folklorean nahiko maiz agertzen dela bortizkeria. Eta hara, bestelako baldintzetan inondik inora onartu ezin dudan indarkeria, jai giroan eta errituala denean erakargarri egiten zait. Benetako indarkeriak atzerakada eragiten dit. Ezin dut eraman. Baina indarkeria erritualak erakarri egiten nau. Arizkun-en Hartza eta mozorroen eskutik makila-salda ederra hartu nuen azkenengoz inauterietan, baina berriz ere itzultzeko desiatzen nago.

Telebista piztu eta borroka eta hilketaz betetako marrazkiak ikusten dituzte gure txikiek, baina kalera atera eta superbabesaren araudia aplikatuz erraldoiak eta buruhandiak goxatzen ari gara. Artisauek urteak daramatzate erraldoi eta buruhandiei itxura atsegina emateko ahaleginetan. Garai batekoak zantarrak, groteskoak, desproportzionatuak, desitxuratuak ziren. Orain hurbileko pertsonaia atsegin eta ederren traza eman nahi izaten diegu. Puxikarekin gogor jota ere zaila da inori min egitea, baina hala ere kolpe horiek biguntzeko agindua jaso du zenbaitek. Beldurra eragiteari uzten dioten egunean interes guztia galduko dutela iruditzen zait niri, baina joera garbia da, eta zaila dirudi horri aurre egitea. Disneyk habia egin du gure baratzean.

Argia, 2009-09-04

Dokumentuaren akzioak

aritz
2009/09/03 16:37
Arrazoia, Iruñean ere kexak izan dira hautsitako betaurreko eta halako batzuen erruz, baina hala ere kilikiek eta zaldikoek gogor jotzen jarraitzen dute. Jakin behar izaten da zeini jo fuerte eta zeini ez horrenbeste.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.