Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Aurtzaka, Goierriko dantzen ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Aurtzaka, Goierriko dantzen ikuskizuna

2005/01/11 20:35

Ataunen izan nintzen larunbatean, Beasaingo Aurtzaka dantza taldearen Goierriko dantzen ikuskizunarekin gozatzen. Talde xume batekin, baina dantza tradizionalen ezagutza sakonarekin, antzokiaren aukerak eta ikuskizunaren erritmoa sentsibilitate handiz erabilita egin daitekeen saio on baten eredua iruditu zitzaidan Aurtzakaren emanaldia.

Dantzariek gogotsu dihardute, baina prestaketa aldetik herren samar daude. Bakarlari batzuk salbu, dantzari gehienek ez dute oso maila altua eta exekuzioa oro har ez da distiratsua. Hala ere, zuzendariak muga horiek ongi ezagututa errendimendu izugarria eskuratu du.

Goierriko dantzen ikuskizunaren atzean dokumentazio lan garrantzitsua dago. Goierrialdeko dantza tradizioa eta folklorea ondo mamitu ondoren prestatu du Mikel Sarriegik ikuskizun hau. Segurako prozesioko San Migel, Beasaingo banderaria, Loinazko ezpata-dantza, Santaneroen esku-dantza, Iztuetak bildutako doinu zaharrak, eta emanaldi honetarako propio birsortutako beste hainbat dantza eta tradizio aurkezten dira emanaldian. Baina ez da bilketa etnografiko aspergarri bat. Inondik ere. Pieza bakoitzari tonu eta erritmo egokiena aurkitu dio Mikel Sarriegik eta Aitor Furundarenak osatutako bikote koreografiko-musikalak. Mugimendu geldo eta errepikakorrak dituzten erritoak solemnitatez jantzita ageri dira, eta irri-dantza arruntak izan zitezkeenak dantza ero, bizi eta dibertigarriak gertatu zaizkit. hari sotil eta fin batek lotzen du dena; dantzak, taldeak, erritoak eta giroak etenik eta artifiziorik gabe doaz agertzen eszenatokian.

Ikerketa etnografikoetan eta historikoetan bildutako datuetatik abiatuta hainbat dantza birsortu ditu Sarriegik, eta horietan nabarmena da erakusten duen tradizio koreografikoaren ezagutza. Horren erakusgarri ederrena nire ustez Otsolar dantza taldeko neskatilek dantzatutako “sarian zunzun” sorgin-dantza da. Resurrección Maria de Azkuek Seguran jasotako hitz-jokoa abiapuntuan hartuta, erratzak eskuan dantzatuko dira sorginak, ezpata-dantzen tradizioko mugimenduekin dantza alaia osatuz. Hain lehor daukagun nesken errepertoriorako ekarpen gogoangarria egin du Sarriegi eta Furundarena bikoteak eta mereziko luke hedapena ematea. Emanaldi bukaeran Mikel Sarriegik jakinarazi zidan garai batean Lazkaon erratzekin egindako ezpata-dantzen mugimenduen datuak ere badituela.

Sarriegi eta Furundarena bikotea aipatu dut birritan, izan ere musikaren arduraduna da Aitor Furundarena eta lan ederra egin du. Arrunt samarrak gerta zitezkeen dantzei bizipoza eman die berak jarritako musikak. Denetarik edan du Furundak, tradizioko doinuetatik hasi eta Tapia eta Leturia edo Albokaren azken diskoraino. Ziur aski bere pieza propioak ere izango ziren asko, baina ezjakinak ezin bereizi. Batzuetan Furunda ganberroa nagusitzen zen –estridente samarra ere nire gusturako uneren batean— eta bestetan sentsibilitate handiko musikaria –txistuari laguntzen eta haren hutsuneak betez, edo musukitarra ondo babestuta eskainiz—. Musikari talde zabalak inguratzen zuen, baina soinu-jolearen aldean eskamentu falta nabari zitzaien gehienei. Gainontzean jantzi eta argiekin lan txukuna egin zela iruditu zitzaidan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.