Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Amateurrak vs profesionalak

Dokumentuaren akzioak

Amateurrak vs profesionalak

2009/07/07 10:37
Ziur aski datozen urteotan behin baino gehiagotan eztabaidatuko dugu amateur eta profesionalen onura eta kalteetaz. Izan ere, hamarkada batzuetan ezkutuan izan dugu dantza alorreko profesionalaren figura eta orain azaleratzen hasi da berriz. Eta "berriz" diot, dantza tradizionala amateurismoarekin lotzeko joera nahiko "berria" delako, XX. mendekoa, eta batez ere 60-70eko hamarkadetan nagusitu zena. Horren aurreko dantza-maisu eta danbolinteroak profesionalak ziren. Gehienek beste lanbideren bat izango zuten dantzaz gain, baina dantzarako bere jarduna "profesionalki" planteatzen zuten: tratua egin, tarifa azaldu eta lana kobratu.

Dantza jarduera amateur bezala identifikatzea dantza taldeen ereduarekin eta garai zehatz batekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela esango nuke. XX. mendeko bigarren erdian milaka dantzari, dantza-irakasle eta baita dantza-maisu batzuk ere, lan izugarria egin dute dantza tradizionala sustatzen, irakasten eta transmititzen, ia-beti musutruk, edo jasotako ordaina talderako utziz.

Aurrera begira, niri behintzat, garrantzitsua iruditzen zait gure alor honetan ere, amateurren ondoan "profesionalak" izatea. Dantza-maisuei egozten dizkiegun gaitasunak eta ezagutzak dituztenak beren jarduera "profesionalki" egin dezatela komeni zaigu, transmisioa egin dezaten eta beren lanak dagokion ordain eta errekonozimendua jaso dezan. Baina gizarte egoera zail honetan gure espazioa defendatu eta sendotzen jarraitzeko profesionalki prestatu eta profesionalki jardungo duten agenteak behar ditugula iruditzen zait. Profesionalek ez dute sektorea salbatuko, baina gure sektorearen jarduera "normalizatzen" lagunduko dutela uste dut. Zenbaitek beren burua hobeto prestatzeko aukera izango du, baldintzak duintzen lagunduko du (eta horretaz denok probestuko gara), eta amateurismotik ezinezkoa den dinamika sistematikoak bideratu ahal izango dira. Profesionalen artean, amateurren artean bezala, dantzari eta dantza-irakasle onak, erdipurdikoak eta kaskarrak izango ditugu. Dantzarako dohain bereziak dituen norbait egunean zortzi orduz beste lanbide batean ikusten dudanean dantzarentzat galera handia izaten ari dela pentsatzen dut nik, eta ez gaudela horrelako lujoetarako.

Zalantzarik gabe profesionalak sortzeak tensioak sortuko ditu profesional eta amateurren artean. Eta hori ulertzekoa da. Luzaroan jarduera hori xentimorik kobratu egin duenari ez zaio gustagarri egiten norbait aldamenean lan beragatik kobratzen ari dela ikusteak. Norkberak ezer kobratu gabe irakatsi eta bere ikasleak gauza bera kobratzen egiten ari dela ikustean, bere oinarri filosofikoetako bati traizioa egiten ari zaiola senti dezake zenbaitek. Dantza-maisu batek egoera berria ulertu arren, horrek eragiten zizkion kontraesanak eta arrangurak agertu zizkidan behin. Berak kobratu ez eta gainera bere poltsikotik ordaintzen zituen dantzan irakasteak eragiten zituen gastu guztiak. Eta orain bere ikasle izandako batzuk, erdiak ere behar bezala ikasi gabe, kobratzen ikusten zituen.

Uste dut datozen urteotan maiz gertatuko direla horreko injustiziak. Eta hori samurtzeko modu bakarra gure dantza-maisuei baldintza onetan (profesionalak dituen abantailak baliatu alegia) irakasteko aukerak eskaini, baloratuak eta errekonozituak sentiarazi, eta mimatzea dela. Hori guztia eginda ere gertatuko dira arrangurak, baina etorkizunera begira profesionalak eta amateurrak elkarbizitzen, eta elkarrengandik elikatzen ikastea baino ez zaigu geratzen. Hori lortzen badugu sektore benetan indartsua izan gaitezkeela uste dut.

<dantzan> posta zerrendarako idatzitakoa

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.