Dokumentuaren akzioak
Algemesiko misterioak, hainbat ohar bidai labur baten bueltan
Gipuzkoako Segura herriko San Migel goiaingeruak izan du errua. Orain urte mordoxka bat, Aste Santuko prozesioko pertsonai bizidun honek dantzan egiten zuela jakin nuenean, misterio txiki bat bihurtu zen goiaingeru honek egun horretan prozesioaren ibilbidean zehar egiten dituen urrats eta keinu horiek zer dantza demontre ziren jakitea. Segurako maisu zaharrek diotenez, tarteka-tarteka, eskuineko eskuan daraman ezpataren muturra ezkerreko eskuko ezkutuan kokatu, eta urrats sinple batzuk jarraian ematean datza dantza hori, besterik gabe. Horrelaxe jaso genuen gure dantza-taldeko errepertorioan 2004.urtean.
Zertxobait geroxeago, halako batean, eta interneteko bideo batzuei esker, bere ahaidea izan zitekeen pertsonaiaren berri izan nuen, non eta Valentziako Algemesí herriko prozesioan: bada han pertsonai bat, Tornejants izeneko dantzarien gidaria, Segurako San Migelen imintzio eta dantza berberak egiten dituena. Non, eta Seguratik 600 km urrunago dagoen beste herrixka batean.
Harrez gero, jaso ahal izan ditut hemen bertan Euskal Herrian antzekoak diren beste kasu batzuk: Azkoitiko prozesioan berreskuratu duten San Migelek dantza urrats bertsuak egiten ditu, Zarauzko San Gabrielek eta Aiako San Migelek ere dantzan egiten omen zuten (Zarauzko Folklorea liburuan horrela jasotzen dute X. Alberdi eta X. Etxabek). Eta ausartzen naiz esatera beste herri askotako prozesioetan, San Migel goiaingerua tartean izanik, dantza berezi hau egiteko ohitura zabaldua egongo zela gutxienik Gipuzkoan: Hondarribia, Donostia, Errenteria, Andoain, Pasaia,... Oñatiko Korpusetan San Migelek gaur egun dantzan egiten ez badu ere, badauka urrats segida bat, antzeko joan-etorrian egiten duena.
Hau horrela izanik, eta hari honi tiraka jarraitzeko asmotan, joan den abenduaren 7an eta 8an, jai egunak nituela probestuz, hor abiatu nintzen zantzu hauen atzetik Algemesiko herrialde valentziar horretaraino. Eta bertan aurkitu nuena, San Migelik ez beharbada, baina sekulako festa izan zen! 2011. urteaz geroztik, UNESCOk munduko ondare ez-material gisa izendatua daukan festa koloretsu, aberats eta paregabea, dena prozesio baten inguruan egituratua eta herri oso baten ikur eta harrotasun arrazoi bihurtu dena.
Gaur egun irailaren 8an ospatu ohi da Festa de la Mare de Déu delakoa, baina iazkoan, UNESCOren izendapenaren 5. urteurrena ospatzeko asmotan, abenduaren 8ko Andre Mariaren egunean prozesio osoa atera zuten kaleetara irailekoaren ia erreplika bat eginaz.
Bezperako egunean, tornejantsen dantzari eta ikerlari den David Pous lagunak egin zidan harrera, eta bere eskutik ezagutu nituen Festaren Museoa eta honen zuzendari Julio Blasco; Eliza nagusia eta bertako parrokoa Jesus Corbí; tornejants dantzariak eta hauen dantza-maisu Enrique David eta Juanfran Felici, etab. Denen eskutik jaso nuen bai festa eta prozesioaren, nola bertan parte hartzen duten dantza-talde eta dantzen berri ugari. Oso polita gertatu zen baita ere, eguerdiko 12:00etan puntuan Eliza nagusiko kanpandorrera igo eta bezperako xiribia izeneko kanpai-soinuak eta iraulketak jotzen ikustea ere bertatik bertara, hori bai, belarriak ongi babestuta.
Gauean, "Felicitación Sabatina" mezaren ondoren, Elizan bertan 200 dantzaritik gorako talde batek Algemesikoa den Dansà izeneko dantza nola egiten zuten ikusi ahal izan nuen, Berca dantza taldeak berriki zabaldu duen ohitura batean. Dansà hau, Valentzian erabat zabaldua dagoen dantza genero herrikoia da.
Hurrengo egunean, abenduak 8an, Mare de Déu-aren irudia Elizatik Museoa dagoen Komentuko klaustrora ekarri zuten, bertan meza eman eta ondoren prozesioari hasiera emateko.
Festa handi honen historiari dagokionez, 1247an kokatzen dute hasiera, nekazari batek Mare de Déu-aren irudia marugatz zuhaitz batean aurkitu zuenean, gure Arantzazuko Ama elorriaren gainean bezalatsu. Hor hasi zen Ama Birjinarekiko jaiera Algemesí herrian sortu zen prozesioa, eta horren ondorio da gaur egun ezagutzen den dantza eta musika mediterraneoez osatutako multzo aberatsa biltzen duen Mare de Déu de la Salut-aren Prozesioa.
Prozesio honek garai bateko Korpusetako prozesio handi ikusgarri haien egitura mantentzen duela esan daiteke. Herritar kopuru handi batek parte hartzen du, eta historikoki, gremio edota gizarte-estamentuka zatitu izan da: zenbat eta Ama Birjinaren iruditik gertuago kokatu, orduan eta gizarte maila altuagoa adierazten zuten parte hartzaileek.
Harrigarria da, nola jai adierazpen bakar batean kontzentraturik aurki ditzakegun edozein geografia oso bateko dantza-folklorea osatzen duten hainbat eta hainbat forma edo aldaera. Ez gara oso oker egongo, garai bateko Iruñeko edo Bilboko Korpusetako prozesioak ere egituraz oso antzekoak izango zirela esaten badugu. Badakigu antzekotasunak aurkitzea zein erreza suerta daitekeen eta baita zein arriskutsua askotan, gero gaizki-ulertuak eman daitezkeelako. Zuhur jokatu behar da inondik ere. Halere, lizentzia hartuko dut kasu honetan, saihetsezina delako behin festaren zurrunbiloaren barruan gaudela, begi eta belarrien aurrean jartzen zaigun ororekin gure inguruko dantza mundu eta iruditeriarekiko loturek osatzen duten erreferentzi etengabeei ihes egitea. Osagarri moduan, festaren webgunean informazio eta argazki ederrak ikus daitezke.
Jakina da, dokumentatua daukagulako, valentziar dantzariek Euskal Herrian izan zuten presentzia, batez ere XVIII. mendean. Hala erakutsi digute, beste batzuen artean, J. Ramos-en, A. Murua-aren, I. Irigoien-en eta J. Pomares-en dokumentatze lanek.
"Los danzantes valencianos pasaron por las ciudades y los pueblos más importantes en sus fiestas principales, tanto ordinarias como extraordinarias,(...) en Elciego por Santa Isabel, en Tolosa el día del Corpus, en Segura, Vicente Riberter, por San Juan y en 1760 con motivo de las Juntas Generales de Guipúzcoa, en Villafranca de Ordicia, en 1781, contratados de nuevo para las Juntas Generales por su extraordinaria habilidad, en diferentes localidades vizcaínas (...) en Estella al menos en 1698, en Tarazona en 1789, (...) en Tafalla, (...) en 1736, después de costosas y largas obras, con ocho días de solemnes fiestas y ocho días de danzantes valencianos (...). Estuvieron también muchos años, a partir de 1686, en las en su día importantes fiestas del Corpus de Bilbao, las más celebradas de la villa, como constata Iñaki Irigoyen en su última publicación, magníficamente documentada, sobre las fiestas bilbaínas (...)" (J. Pomares, Dantzariak aldizkaria, 54. Alea)
Valentziar erako dantzek genero bat ere sortu zuten, nahiz eta ez dakigun zein ziren dantza horiek. Ikertzeko dago, zenbaterainoko eragina izan zuten bisita horiek, bai batzuen, zein besteen bilakaeran, eta zein zentzutan eman zen eragin hori. Esate baterako, valentziar dantzarien datuak izan baino lehen, Iruñean dokumentatuta daude XVII. mendean zehar ezpata, uztai eta brokel-dantzak.
Algemesiko festan ikusi ahal izan nituenen ohar sorta bat azalduko dut jarraian, jakinik, dozena pare bat begi eta belarri beharko liratekeela xehetasun guztiak ongi antzean harrapatu ahal izateko. Esan bezala, Komentuko klaustroan eman zitzaion hasiera prozesioari, non bertan parte hartuko zuten talde guztiek beren eskaintza zuzena egin zioten Mare de Déu-ari.
Muixeranga: Castellers-en jatorria omen
1733 urteaz geroztik daude dokumentatuak giza-gaztelugile hauek. La Ribera eskualde osoan ezagunak ziren, baina Algemesikoa bakarrik mantendu da. XVIII. mendean Ball de Valencians izenarekin Kataluniako hegoaldera zabaldu ziren, eta hauen bilakaerak, gaur egungo Castellers guztien jatorritzat jotzen dira. 1998an emakumeak parte hartzen hasi ziren.
Laurehun pertsonek osatzen dute talde hau, dorreak egiteko orduan teknika desberdina erabiltzen dute, belaunak tolestuak mantentzen baitituzte goiko partaideak kokatu arte, eta ondoren altxatu, oso efektu ikusgarria sortuz, dorrea behetik gora sortzen dela baitirudi. Dorreez aparte, irudiak ere egiten dituzte, mota desberdin mordoxka bat osatuz. Interesgarria iruditzen zait alde honetatik, haien senide zuzentzat jotzen den La Mojiganga de Titaguas ere aipatzea. Azken hauek 7 urtean behin egiten dira bakarrik, baina irudi katalogo oso aberatsa dute, eta erraza suertatzen da iberiar penintsulan zabalduta dauden dorre-mota desberdinen oso antzekoak ezagutzea.
Els Bastonets
1839. urtetik ezagutzen da, danza de los ocho edo danza de hombres. XIX. mendearen hondarrean baile de los Indios izenarekin agertzen da, beharbada buruko lumadun kapelu horiengatik. Eta niri, gure zurezko kutxetan jatorria duen eta Pasaian lehenago gipuzkoar aurresku txapelketak apaintzeko erabiltzen zen soka-dantzako indiarren irudia etorri zitzaidan burura berehala.
1980an emakumeen taldea osatu zen. Dirudienez, neska talde batek denon izkutuan entseguak egin eta prestatu omen zen, eta prozesio egunean bertan agertu omen ziren abiatzeko momentuan puntuan, beraien partaidetza atzera botaezina bihurtuz.
Dantza mordoska handia egiten dute, bi dozena inguru: El Paco, l’Ú, la Queta, Tres Colpets, la Figuera, la Cacería, el Bolero, la Planxa, el Negrito, Set i Deneu, la Corredora, el 2 i el 15, el Mambrú, la Gallega, lAmpla i Defensa de Planxa.
Makilaz aparte, gure metalezko brokelaren senidea den planxeta erabiltzen dute, kolpe eta gurutzaketa ikusgarriak eginaz. Gainera, auzoko L’Alcúdian egiten den bastonets dantzan bada zati bat ere bobo izenekoa. Eta Sueca, beste auzokoan, baita ezpatekin dantzatzen zen beste dantza bat ere.
Les Pastoretes
1834koa da lehen aipamena danza de muchachos y muchachas izenpean. Beste dantzekin batera (carxofa, arquets, etab.), garai batean danzetes deitzen omen zitzaion dantza-sorta osoari (brokel-dantzak edo dantzari-dantza moduko bat?).
Dantzatzerakoan egiten dituzten desplazamenduek, gure boastitzea gogorazten dute. Baina, baita, Bastidako artzainen dantza, atzera aurrerako joan-etorriarekin. Eta bat egiten dute dantzaren buru egiten duten bi artzai nagusien pertsonaiarekin, errege-erreginen rola jokatzen dutenak Algemesin.
Ball de la Carxofa
Gutxienez 1830. urtetik ezagutzen da oihalgileen gremioaren ezaugarri zena eta danza de las doncellas izena ematen zitzaiona. Bastoner-ak danza de hombres, pastoret-ak danza de muchachos y muchachas, zinta-dantza danza de las doncellas. Dantzak izen hauekin sailkatzeak ez al du Iztuetaren soka-dantzen sailkapena gogora ekartzen?
Ball de la Carxofa 12 neskatilek egiten duten dantza bakar bat da. Eta uso bat askatu ohi zuten makilburuan dagoen orburu horretatik (Gipuzkoako zinta-dantzan garai batean egiten zen modu berean). Zintak txirikordatzeko egiten dituzten mugimenduak gure zinta-dantzaren berberak direla ikus daiteke, nabarmenkiro.
Els Arquets
Lehenago Carxofarekin batera talde berak dantzatzen bazuen ere, orain izaera isolatua du. Honako zati hauek osatzen dute: Els cruces, l1 i el 2, la Cadena eta els Caps. Uztaiak borobilak dira. Dantza honetan ere, gure kontradantzako zortzikoa bere horretan ikus dezakegu leku aldaketetan.
Les Llauradores (nekazarien boleroa)
1905etik aurrera gehitu zitzaion prozesioari lehen aldiz. Atentzioa pizten duen ezaugarrietako bat jantziak dira, eder, landu eta gaur egun kostu handikoak. Bolero tradizionalak dantzatzen dituzte, 6 hain zuzen ere: Valéncia, Reies, Transats, Típics , Madrid, Botets. Azken hau Elizak debekatua egon da denbora luzez, emakumea salto batez altxatzeko gerritik heltzen zaiolako.
Els Tornejants, Ama Birjinaren gerlari zaindariak
Museoan dagoen azalpen testuaren lehen paragrafoan aipatzen da dantzari berezi hauek euskal aurreskuarekin eduki dezaketen harremanaren hipotesia. Ezin omen dute harreman zuzenik frogatu, baina bitartean azpimarratuta uzten dute. Zentzu honetan, nahiko nabarmenak egiten zaizkigu, gure zenbait dantza mugimendurekin erakusten dituzten antzekotasunak, baita ematen dieten izenekin ere: muriska edo cabrioles, gurpilak, lasterka jiratu modukoak, carrerilles, paseoa, aurrez-aurrekoak.
Eta zer esanik ez, beren varetes edo zume itxurako makilekin egiten dituzten irudi eta jokoak, eskuetan, besoetan, lepoan. Luzaideko eta Baxenafarroako Bestaberrietako makilarienak bailiran, airean gora itzulika botatzeak eta guzti, ondoren lurrera erori gabe berriro eskuetan hartzeko.
1800. urtekoa omen da dantzari hauen daukaten lehen erreferentzia. Beren ustetan, nobleziaren estamentuarekin lotutako dantza eta dantzariak ziren, horregatik dira prozesioan Ama Birjinarengandik gertuen doazenak. Beste dantzak bezalaxe, dantza-maisuen bidez trasmititu da hau ere. Tradizioak dio guda-dantzak direla, torneoko gerrariek elkarren aurka burutzen zituztenak irudikatuz. Oso giro serio eta misteriotsuan dantzatzen dira, danbor (timbal) hutsaren soinuaz bakarrik. Azken honek, Iztuetaren liburuko aipamena gogorazten digu: "Arratzaren otsa da dantzarien gidaririk zuzenena".
Frogatu gabeko hipotesitzat dute, Castellon-go Morellako torneadoresekiko harremana. Morellako Sexenni festa horretan, gogora dezagun zein deigarria egin zitzaigun Iztuetak bere liburuan deskribatu zigun jira galduaren mugimendua aurkitzea, edo irudi hauetan ikusten diren bezala:
Els volants
Ama Birjinaren irudia laguntzen joaten direnak dira, eta gaur egun janzkera aldatu eta berrituta dute, paje itxurakoa. Eginkizun horrekin, ez dute dantzik egiten, baina izen horrekin, gure bolantak dakarzkigu gogora, Sagasetaren esanetan [bolant-dantzak] berdin balio du elizbira baterako Bestaberritan adibidez- agintariei lagun egiteko, nola dantzalekuaz jabetzeko. Dantzatzeari utzi dioten bolantak ote dira Algemesiko hauek?
Prozesioaren amaiera
Prozesioaren une gorena, elizaurrean dagoen plaza nagusian talde guztiak elkartzen direnean gertatzen da: musika, kanpai, suziri eta dantza guztiak batera lehertzen dira eta Ama Birjinaren irudia elizara sartu bitartean halako eztanda koloretsu baten extasia sortzen da. Eta nire buruan, hemen aipatutako guztiak eta gehiago borborka irakin zuten.
Bereziki eskertu nahi diet David eta Juliori, festa handi hau zuzenean eta barrutik ezagutzeko eman zizkidaten erraztasun guztiengatik, eta ea aurrerantzean, aurkitu ditugun hari-mutur horiei tiraka jarraitzerik daukagun, elkartzen gaituen dantzazaletasunak eskaintzen digun plazer hutsagatik besterik ez bada ere.
Albokoak
Bide batez, merezi du aipatzea, Algemesiko festa handi horretan atentzioa bereziki pizten duen gauzetako bat delako, lurralde hartako jantzien, apaingarrien eta erropen oparotasuna. Zentzu honetan, oso gomendagarria da Valentziako hiriburuan bisitatu daitekeen Museu Valencià d´Etnologia. Gainerako osagai eta edukiez gain, jantzitarako 14.000 pieza inguru omen ditu bere bilduman, eta egun hauetan, oso erakusketa gomendagarria dauka ikusgai: Inventat la tradiciò. Nahikoa izan daiteke Valentzia hiriak historian zehar jokatu duen merkatalgune papera gogora ekartzea, bertan janzkeraren moda edo boladek urteen poderioz utzi duten hondare harrigarriaz jabetu ahal izateko.
Algemesiko honek eman dit bidea baita ere, beste antzeko erakustaldi batzuen ezagupidea egiteko:
Behinena, Valentzia hiriburuko Korpus-etako prozesioa litzateke. Azken urte hauetan berrindartzen ari omen da, eta Fallen zarata mediatikoak estaliko ez balute, bertako prozesio eta jai handia hobeto ezagutu beharrekoa da, daukan tamaina eta aberastasunagatik.
Hemen ikusi daitezke prozesioaren parte diren dantza guztiak:
Aldiz, beren txikitasunean, liluragarriak iruditzen zaizkit Valentziako mendialdeko Titaguas bezalako herrixka txiki batean (apenas 500 biztanle) zazpi urtean behin ospatzen omen diren prozesioko dantzak. Iazko abuztuan tokatu dira, eta ez dira beste zazpi urtean plazaratuko 2023 urtera arte. Lehen aipatu dugun Mojigangaz gainera, orain gutxi jarri dituzte youtuben neskatxa eta mutikoek egiten dituzten dantzak, eta horri esker ikus ditzazkegu zinta-, uztai-, makil-, ezpata-dantzak eta beste asko. Ezpata-dantzan Durangaldeko ezpata-jokoaren antzeko mugimendu bat ere ikus daiteke. Mutikoek egindako dantzak, guda-dantzak direla esaten da hemen ere. Eta zuzen-zuzenean gogorazten dituzte hain urrun ez duten Castello-ko Todolellako dantza.
XVIII. mendeko dantzak omen dira, eta esango nuke, tarteka bakarrik ospatze horri esker, dantza hauentzako denbora zazpi bider mantsoago pasa dela, eta ondorioz, garai batean nolakoak ziren ikusi ahal izateko aukera ezinhobea eskaintzen digutela. Ez ahaztu Iztuetaren esanetan, gure brokel-dantzak ere garai batean bost urtean behin bakarrik prestatzen zirela.
Algemesiko prozesioan Misterio izeneko pertsonai eta dramatizazio biblikoak irudikatzen dira. Momentuz eta niretzako behintzat, misterio kutsua izaten jarraituko dute valentziar lurraldeetako dantza eta jai guzti hauek gureekin izan zituzten eta dituzten loturek.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Mikel Sarriegi Etxezarreta
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Ataungo eskua
- Aritz Ibañez Lusarreta on Iñaki Mugerza oroimenean
- Oier Araolaza on Dantza-espezie bat galzorian? 2019/06/24
- Mikel Sarriegi on Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori 2017/06/14
- Oier Araolaza on Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori 2017/06/14
- Oier Araolaza on Maixuaren irribarrea ispiluan 2015/07/24
- Aritz Ibañez Lusarreta on Maixuaren irribarrea ispiluan 2015/07/24