Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Zumarragan, ezpata-dantzara agertu ez zirelako atxilotu zituzten dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Zumarragan, ezpata-dantzara agertu ez zirelako atxilotu zituzten dantzariak

2015/11/13 11:30
Zumarragan, ezpata-dantzara agertu ez zirelako atxilotu zituzten dantzariak

Zumarraga, 1923ko abuztuaren 15a. Irudia: Eusko Ikusgaiak.

Zumarraga-1923-ezpata-dantza1
Zumarraga, 1923ko abuztuaren 15a. Irudia: Eusko Ikusgaiak.
1762ko abuztuaren 15an ez zen ezpata-dantzarik dantzatu Zumarragan eta gainera bi dantzarik kartzelan bukatu zuten. Horra Andre Mari egun handia izan behar zuenak utzitako balantzea. Zumarragako ezpata-dantzaren historiak utzi dizkigun bitxikeriekin jarraituko dugu, eta azken hatsa eman arte abarketak jantzita jarraitu zuen dantza-maisuaren eta buruzagiari ezpata sartu zion dantzariaren ondoren Francisco eta Juan Izagirre dantzarien historia dakargu gaur, ezpata-dantzara agertu ez zirelako preso bukatu zuten dantzarien historia.

Ezpata-dantzarik ez zen dantzatu

Zumarragaga-1923-ezpta-dantza2
Zumarraga, 1923ko abuztuaren 15a. Irudia: Eusko Ikusgaiak.
Antonio Pradak, Zumarragako udal artxiboan aurkitutako dokumentazioarenen arabera, badakigu 1762ko Andra Mari egunean Zumarragan ez zela ezpata-dantzarik dantzatu. Urte berean, uztailaren 2an, ezpata-dantzaren ondorengo soka-dantzan Francisco eta Juan Izagirre izan ziren aurreskua eta atzeskua. Abuztuaren 15ean, ordea, bi dantzari hauek ez ziren ezpata-dantza dantzatzera agertu, eta hori ikusita, beste guztiek ez dantzatzea erabaki zuten. Joseph Antonio de Yarza, garaiko alkatea, gozoa jarri omen zen. Aguazila, Izagirretarrengana bidali zuen, udaletxera joateko aginduarekin; baina hauek alkatearen errieta entzuteko gogorik ez eta aguazilari kasurik egin gabe etxera abiatu ziren. Aguazilak alkateari bi dantzariek esandakoa kontatuta, lehen baina haserreago, berriro bidali zuen aguazila Izagirretarrena baina oraingoan atxilotzeko aginduarekin. Dantzariek ordea, atxilotze aginduari jaramon handirik egin gabe, bazkal ondoren agertuko zirela esan zioten aguazilari. Bazkalostean, udaletxera agertu zirenean, alkateak bertako gela batean preso hartu zituen.

Bi dantzariak auzitara

Alkateak dantzara agertu ez ziren bi dantzariak preso hartu eta auzitara bidali nahi izan zituen. Horretarako, ahal zen informazio gehien biltzeko eskatu zion idazkariari. Honek hamabost orrialdeko txostena idatzi zuen. Paper hauetan, urte hartako dantzari guztien izenak eta goizean gertatutakoari buruzko hainbat herritarren adierazpenak bildu zituen. Besteak beste, Ignacio de Egaña alkateordearenak, Francisco de Alzola epailearenak, Agustin de Zaldua errejidorearenak eta, lekuko moduan, Francisco de Echeverriarenak. Manuel de Goicoechea lizentziatuak, Francisco eta Juan dantzariak, alkatearen esana ez betetzeagatik eta esan behar ez direnak esateagatik erruduntzat jotzen ditu. Hau horrela, bi dantzarien ondasunak bahitzeko agindua eman zion herriko aguazilari.

Zumarraga-1923-ezpata-dantza5
Zumarraga, 1923ko abuztuaren 15a. Irudia: Eusko Ikusgaiak.

Ez dantzatzea izan zuten delitu

Pasadizo honekin ikus daiteke Zumarragako ezpata-dantzak itzal handia zuela herrian. Agintarientzat eta herritarrentzat oso garrantzitsua zen festa egunetan ezpata-dantza dantzatzea. Bi dantzari dantzara ez agertzeagatik ze iskanbila sortu zen erreparatu besterik ez dago. Txostenean dantzari guztien izenak zeuden eta bakoitzaren alboan markatxoa eginda. Horrek esan nahi du, behar bezala, izenez izen errepasatu zituztela. Argi ikusten da ohore handia zela herritarrentzat dantzariek dantzatzea eta horretarako ardura zutenek dantzara ez agertzea delitu larritzat jo zutela.

Ezpata-dantzari esker libratutakoak

Zumarraga-1923-ezpata-dantza3
Zumarraga, 1923ko abuztuaren 15a. Irudia: Eusko Ikusgaiak.
Zumarragan, ezpata-dantza dela eta ez dela, kartzelatuak izan diren gazteak daudela ikusi badugu ere, ezpata-dantzari esker libratu diren dantzariak ere badaude. Garai batean, Zumarragako festetan, udal baimenak lortzen ziren soldaduskan zeuden dantzarientzako. Horrela, herritik urrun zeuden gazteak herrira etortzen ziren festak pasatzera. 1972an, berriz, poliziaren eskuetan zegoen gazte bat libre utzi zuten ezpata-dantza dantzatu beharra zuelako. XVII. eta XVIII. mendeetan ezpata-dantzagatik gazte batzuek kartzela ezagutu bazuten ere, XX. mendean alderantzizkoa gertatu zela esan daiteke.

Dokumentuaren akzioak

2015/11/14 09:55
Txantxa gutxi dantza egin nahi ez zutenekin. Kartzelarik ez, baina Beasaingo Udalak ere 1894an garai hartako 5 pezetako isuna jarri zien herriko jaietako ezpata-dantzan parte hartzeari uko egin zioten gazteei. Bolondresen faltan, zozketaz izendatu zituzten.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.