Dokumentuaren akzioak
Juan de Alzola, buruzagiari ezpata sartu zion dantzari sumindua
Ezpataz zaurituak, dantzari desertoreak eta abarketak jantzita hil zirenak. Zumarragan, uztailaren 2an, Santa Isabel egunez, Antioko baselizan dantzatzen den ezpata-dantzak tradizio eta historia luzea ditu, eta baita istorio bitxiak ere. Orain urte batzuk Otamotz aldizkarian argitaratutako zenbait pasadizo ekarri nahi ditugu hona. Dantza ondo ez zekielako maisuak kargu hartu eta haserre ezpata hankan sartu zionaren historia, dantzara agertu ez zirelako atxilotu zituztenena eta 65 urterekin dantza egin eta bertan zerraldo geratu zenarena. Hiru istorio harrigarri horiek Antioko ezpata-dantzan gertatutakoak dira. Gaur lehenengoa kontatuko dugu, Juan de Alzolarena istorioa, dantzan behar bezala jakin ez, gidariak ezpata-dantzatik kanporatu eta haserre dantzaren zuzendariari ezpata sartu zion dantzari suminduaren istorioa.
Santa Isabel egunez, 1656. urtean
Juan de Alzolak Zumarragako Antioko ezpata-dantzan parte hartzea erabakia zeukan 1656ko uztailaren 2 hartan, eta ezpata hartuta taldean sartu zen. Ez zen itxuraz dantzari oso abila, edo behintzat, ez zuen dantza behar bezala ikasi, ezpata-dantzaren gidaria ernegatzea lortu baitzuen bere hankasartzeekin. Ezpata-dantzak gidari bat ("Guión" esaten zitzaion gazteleraz, bai Legazpin eta bai Zumarragan halaxe jaso eta erabili da luzaroan) izan ohi zuen, buruzagiaren parekoa, eta Bartolome de Ibarguren zen urte hartako gidaria, ezpata-dantzaren kapitain eta zuzendaria.
Eguerdi alderako, pazientzia agortuta zuen Bartolome de Ibarguren ezpata-dantzaren gidariak; urrats eta mugimendu gehienak aldrebes egiten zituen Juan de Alzolarekin gogaituta zegoen. Ezpata-dantzan ari zirela, berriz ere okertu eta ezpata-dantza osoa trakestu zuen Juan de Alzolak. Nahikoa da, ezin dut gehiago jasan, pentsatuko zuen Bartolome de Ibarguren-ek, dantza bertan behera utzi, Juan de Alzolarengana joan eta bereak eta bi esan zizkion: ez zekiela ondo dantzatzen, ikasi berria zela eta alde egiteko trabatik. Ez bakarrik esan. Bultza ere egin zion taldetik atera nahian eta ez zuen etsi Juan lurrera bota zuen arte.
Plazaren erdian umiliatuta, dantzatik kanporatuta eta bultzaka lurrera botata, amorru betez altxatu zen Juan de Alzola, eta eskuan zeukan ezpatarekin kolpea tira zion Bartolome de Ibargureni, baita sartu ere, ezkerreko hankan egin baitzion ziztada ezpatarekin. Tomas de Plazaola sendagileak honela kontatu zuen egun batzuk beranduago burutu zen instrukzioan: "el dicho Bartolomé que guiava y le hizo cargo al dicho Juan de Alçola que no sabia bien a dançar que erea bisoño y se quitare y le dio empuxones al dicho Juan de Alçola y le derribo en el suelo y al lebantar le tiro con la espada desenbaynada al dicho Bartolome y le erio en la pierna".
Bederatzi egun preso
Juan de Alzolak preso eta Bartolome de Ibarguren-ek zaurituta ohean bukatu zuten 1656ko Santa Isabel eguna. Zortzi egun preso zeramatzanean eskribaua etorri zitzaion gertatutakoaz galdetzera. Alzolaren bertsioa bat zetorren Ibargurenek esandakoarekin, alegia, dantza ez zekiela eta ezpata-dantza uzteko kargu hartuz etorri zitzaiola gidaria, haserre eta bultzaka lurrera botaz. Baina lurretik altxatzerakoan, nahi gabe zauritu zuela ezpatarekin gidaria. Berak ez zuela Bartolome zauritzeko asmorik, lagunak zirela.
Eskribauak Bartolome de Ibargurenekin hitzegin zuen gero. Honek ez zuen ustez laguna zuen dantzari traketsa auzitara eraman nahi izan. Uztailaren 11n, medikuaren partea jaso zuen eskribauak. Zauria ondo ari zen osatzen. "le cura a Bartolome de Ybarguren desde dos de julio des presente mes de una estocada que tiene en la pierna ezquierda por la parte de fuera que parece ser hecha con cosa cortante que se llega asta periostrio y la llaga biene bien encarnando y no havido ningun açidente asi como pasmo, ynflamacion, calentura en el quinto ni en el séptimo, noveno, onceno como son dias criticos y aunque tiene que curar esta fuera de peligro de muerte…”.
Bederatzi egun preso izan ondoren, zaurituak kargurik aurkeztu ez zuenez eta zauria hobetzen ari zela ikusita, libre utzi zuen alkateak Juan de Alzola, momentuko beroaldian lagun eta ezpata-dantzaren gidari zen Juan de Ibargureni ezpata sartu zion dantzari kaskar eta sumindua.
Desertoreak eta abarketak jantzita hil zirenak hurrengo batean
Dantzaren inguruan gertatutako jazoera bitxi hau gustatu bazaizu, erne egon hurrengo batean jarraituko baitugu Zumarragako hari polit honi tiraka. Otamotz aldizkarian argitaratutako artikuluan hainbat kontu polit daude, eta baditugu bi begiz jota hurrengo ekinaldietarako: Dantzatik desertatzeagatik kartzelan bukatu zuten ezpata-dantzariena eta 65 urterekin aurreskuan desafioan hustuta azken hatsa eman zuen dantzariarena.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23