Dokumentuaren akzioak
Zumarragako ezpata-dantzan abarketak jantzita hil zen dantza-maisua
60 urtetik gora zituela, Antioko ezpata-dantzan dantzatu eta desafioan, bera baino dantzari gazteagoaren aurrean onenak emanda, ondoezak eman eta handik gutxira hil omen zen Jose Antonio Olano dantza-maisua.
Zumarragan, uztailaren 2an, Santa Isabel egunean, Antioko ermitan dantzatzen den ezpata-dantzaren inguruko bitxikeria bat baino gehiago direla aipatu izan dugu. Gaizki dantzatu zuelakoan elkarrekin haserretu eta dantza-maisuari ezpata sartu zion dantzariaren istorioa jaso genuen aurreko batean.
Oraingoan, Zumarragan bertan gertatu zen Jose Antonio Olanoren azken dantzari helduko diogu. Jose Antonio Olano 1821eko ekainaren 29an jaio zen Zaldibian. Juan Ignazio Iztueta dantzari eta idazlearen ikaslea eta oinordekoa izan zen. Ordizian dantzari-txiki talde bat sortu zuen eta Euskal Herriko hainbat herritan arrakasta handia lortu zuten. Badirudi, Zumarragan ere dantzatu izan zutela, 1882an bai behintzat. Olanok, orduan, dantzatu zuen azken aldiz.
Beste herrietako dantzariak ekartzeko ohitura
XIX. mendearen bukaera aldera, Zumarragako agintariek jai handietan ezpata-dantza dantzatzeko ohiturari eutsi nahi bazioten ere, gazteek dantza ikasi eta taldeari eusteko ahalegina indarra galtzen ari zen. Agintariek, danbolinteroak ez bezala, ez zituztelako herriko dantzariak profesionaltzat hartzen izan zitekeen?
Herrian ezpata-dantzarien taldea antolatzeko zailtasunak gertatzen zirenez, udal artxiboko dokumentuetan ikusi daitekeenez, jai handietarako beste herrietatik, soldata ordainduta, ekartzen zituen dantzariak udalak. Zumarragako kasuan 1881etik aurrerako dokumentuetan agertzen dira dantzariei ordaindutako soldaten datuak eta itxura denez, zenbait urtetan Ordiziako dantzariak kontratatu zituzten.
Beste herrietatik dantzariak ekartzeko joera oso zabaldua izan da, ez zen Zumarragan bakarrik gertatzen. Juan Ignazio Iztuetak, Gipuzkoako dantzei buruzko liburuan, dantzaren inguruko ohiturak galtzen eta jendeari dantza egitea ahazten ari zitzaiola esan zuen.
Olanoren azken dantza
Esan bezala, 1882ko uztailaren 2an, Olano eta bere Ordiziako taldea joan ziren Zumarragara ezpata-dantza eta aurreskua dantzatzera. Olano bera buru jarrita, ezpata-dantza dantzatu zuten eta ondoren soka-dantza atera zuten. Olano bera hasi zen aurreskuarekin Francisco Olaran, bere ikasle bikain eta gazteak egin zion aurre desafioan Olanori. 61 urte zituen Olanok, dezente gazteagoa zen Olaran, apaiz ikasketak egiten ari zen gazte sasoitsua zen. Dotore dantzatu omen zuen Olanok, artazietan ere ez omen zuen amorerik eman. Jendea harrituta utzi zuen. Dantzan dena eman zuela esan daiteke, bizia eman zuen.
Esaten denez, lehertzeraino dantzatu zuen, bai, hesteak lehertzeraino. Dantza bukatuta ondoezik sentitu, ermitatik Zumarragara oinez jaitsi eta etxera iritsita ohera sartu zen. Hurrengo egunean Bilbora joan beharra zeukan bertan aurreikusita zeukaten emanaldi bateko kontuak zehaztera. Trenean joan zen Bilbora baina Atxuriko geltokian berriro ere gaizki sentitu eta etxera, Ordiziara, itzuli zen. Martzelino Agirrezabalaga medikuak tratatu zuen, honek, hesteak lehertuta zeuzkala eta lehenbailehen testamentua egitea gomendatu zion.
Olanok, Gregorio Armendariz ikasleari hots egin eta jainkoaren izenean, gure ohitura onak gal ez zitezen, dantzekin jarraitzeko eskatu zion. Ganbaran zituen, dantzarako tresnak, arropak eta oinetakoak berari eman eta hil egin zen. Zumarragan aurreskua dantzatu eta bederatzi egunera, 1882ko uztailaren 11an, hil zen. Abarketak soinean zituela hil zela esan daiteke, itxuraz, bere azken dantzan, lehertzeraino dantzatu zuen, bizia emateraino.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23