Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Oiongo zotzaiztak edo makila-dantzak

Dokumentuaren akzioak

Oiongo zotzaiztak edo makila-dantzak

2020/01/16 09:35
Oiongo zotzaiztak edo makila-dantzak

Oiongo ezpata-dantzariak. Ezkerretik eskuinera: Arturo Palacios, Andollo; Senen Palacios, Sarabia, Castor Fernandez, Bautista Andollo eta Eusebio Palacios. Oion, 1933-09-17.

Makila-dantzak dira Oiongo dantzei buruzko erreferentzia historiko zaharretan maiz ageri diren dantzak. Izan ere, Oiongo udal artxiboetako XVII-XIX. mendeetako hainbat dokumentuetako dantza aipamenak bildu ditu Manuel Gonzalezek Oiongo aldizkariko urtarrileko alean. Manuel Larramendik erabili zuen hitza ageri da Gonzalezen lanaren euskarazko aldaeran "paloteado" euskaraz emateko: zotzaiztak. 

1622-1888 urte bitarteko kontu liburuetakoko hainbat aipu jaso ditu eta horietatik Oionen dantzatu izanen diren dantzei buruzko informazioa eskuratu du. Ikusten da dantzan kaskabiloak erabiltzen zirela, proba edo entseguak egiten zirela edota beste tokietako dantzariek ere parte hartzen zutela. "1663. urteko San Bizente eta San Anastasio jaietan 50 erreal eman zitzaizkien dantzariei, 15 erreal gastatu ziren kaskabiloetan, San Bizente egunean dantzatu zuten dantzariekin gehiago gastatu ziren, eta frogetan hamabi pitxer ardo zuri gastatu ziren, zazpi kuartoan pitxerra". 

Oingo ezpata-dantzari txikiak
Oiongo ezpata-dantzariak. Atzeko ilara, ezkerretik eskuinera: Juvencio Ansotegi, Pedro Maestu. Ikurrinari eusten, Manuel Fernandezen semea, Julio Ansotegi. Aurreko ilaran, ezkerretik eskuinera: Hilario Ansotegi, Pedro Luis Fernandez, Antonio Santander. Oion, 1933-09-17.

Irakur daiteke dantzariek jantzi berriak eramaten zituztela, txapetekin, eta, gainera, txapinak erabiltzen zituztela eta makila eta kaskainetekin egiten zutela dantza. Horrek esan nahi du makila-dantza dantzatzen zutela. "1738ko San Bizente eta San Anastasio festetan 47 erreal gastatu zituzten dantzarako egin ziren txapeta, makila eta kaskainetatan”; “265 erreal gastatu zituzten jantzi berriak egiteko artilekian eta 65 erreal joskeretan eta bestelako huskeriatan”; “73 erreal gastatu zituzten bederatzi zapatila-pareetan eta xingoletan”.

Oiongo dantzari taldea
Oiongo dantzari taldea. Oion, 1933-09-17.

Makila- eta arku-dantzak

Gonzalezek aipatzen du duela hamabi urte jakin zutela San Bizente jaian makilekin dantzatzen zela, eta, Iruñeko gotzainaren ediktu bati esker, orain badakigu arku-dantzak ere bazeudela. Gaspar de Miranda y Argaiz jaunak, Iruñeko gotzainak ezarritako debekua idatziz jaso zen 1750eko martxoaren 12an elizaren fabrika-liburuan: "Nahiz eta antzinako dantza horiek gizonenak edo soilik emakumeenak izan, gaur egungo garai laidogarrien eta bi sexuetako pertsonen erlaxatze komunaren ondorioz gizon eta emakumeen nahasketak daude, eta hori kaltegarria da gazteen arima aske eta neurrigabearentzat. Hori eskandalu publiko moduan tratatu eta jakinaraziko da, bai dantzetan, lasterketetan eta lizun-topaketetan, ekintzetan, mugimenduetan eta ukitu lizunetan, edarietan, freskagarrietan eta dantzetan deabrua igarotzen den arkuetan, baita paraje publikoetan, estalietan, atalondoetan, ezkaratzetan eta igarobide estuetan ere..."

Oiongo irule taldeak
Oiongo bi irule taldeak. Oion, 1033-09-17.

XIX. mendean desagertu ziren

1888tik aurrera Gonzalezek ez du dantzei buruzko dokumenturik aurkitu. Dantza horiek emateko ohitura desagertzen joan zela ondorioztatu du. Uste du horren arrazoia gizonezkoen despopulatzea izan zela, bai gerren ondorioz (karlistadak), bai bestelako heriotzengatik ere, adibidez, 1885. urteko udan berrogeita hamar pertsona hil ziren Oionen kolerak jota. Herritarren % 6 hil zen. 

Artikulua osorik: Manuel Gonzalez Pastor: "Zotzaiztak" edo "makil-dantzak" dira Oyon-Oiongo dantzei buruzko erreferrentziarik zaharrenak (Oyon-Oion aldizkaria, 2020-01)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.