Dokumentuaren akzioak
Txapin beltzak jantzi dituzte Legazpiko ezpata-dantzariek
Txapinak, abarketak edota abarkak soinean ikusi izan ditugu historian zehar Legazpiko dantzariak. Modak, erosotasunak edota eskuragarritasunak bultzatuta hainbat aldaketa izan dituzte Legazpiko dantzarien jantziek eta, batez ere, oinetakoek. Aurten, goitik behera berritu dituzte arropak, horrekin batera oinetakoak urte luzetarako definitzea erabaki dute, hala azaldu digu Jon Dorronsorok, Sustraiak dantza taldeko kideak. Hemendik aurrera oinetan txapin beltzak dituztela ikusiko ditugu. Erropen bilakaeraz gain, Legazpiko ezpata-dantzan emakumezkoen eta gizonezkoen parte hartzean ere hainbat aldaketa izan dira.
XX. mende hasieran eta erdian abarketa edo txapin zuriak
XX. mende hasierako eta 1954ko irudietan dantzariak oinetako zuriekin agertzen zaizkigu. 1954an antzematen da abarketa zuriak koloretako zintekin daramatzatela dantzariek. Irudi zaharrenetan, ordea, dantzari batzuek koloretako zintadun abarketak badituzte ere, beste zenbaitek abarketa zuri-zuriak edo txapin zuriak daramatzatela ematen du.
1980ko hamarkadan larruzko abarkak
1960ko hamarkadan etenaldia izan zuen Legazpiko ezpata-dantzak. 1970eko hamarkadan, ordea, dantzari batzuk elkartu eta adinekoei laguntza eskatuta berriro atera zuten dantza 1976an. Ordutik gaur arte urtero dantzatu du Sustraiak dantza taldeak ezpata-dantza Santikutz egunean. Dorronsorok azaldu digunez eta argazkietan ere hala ikusten da, lehenengo urteetan abarketekin dantzatu zuten, baina 1980an, larruzko abarkekin atera ziren dantzariak plazara. Oinetakoak aldatzez gain, galtza luzeak alboratu eta zaraulak edo prakamotzak berreskuratu zituzten.
2015-2017 abarketa zuriak
Ia berrogei urtean larruzko abarkekin ibili eta gero, abarketa zuriak jantzi dituzte azken urteetan Legazpiko dantzariek. Urteak dira Ramon Garciaren aholkuak jarraitzen dituztela Sustraiak dantza taldeko kideek, haren gomendioei jarraituta, hasieran zenbait dantzetarako erabili izan duten XIX. mendeko jantzi zibilean baztertu zituzten abarkak eta, orain, baita jantzi zurian ere. Izan ere, argazki zaharretan eta dokumentuetan ikusi da abarkak lanerako oinetakoak zirela, eta ez kalerakoak edota festa egunetarakoak.
2018tik aurrera txapin beltzak
Dorronsoroko kontatu digu aurten goitik behera berritu dituztela dantzarien jantzi zuriak. Behin berritzen hasita, luzarorako definitu nahi izan dituzte hainbeste aldaketa izan dituzten dantzarien oinetakoak. "Idatzi zaharretan dantzarien oinetakoak kontuak ageri direnean, zapata edo txapin modukoak ageri dira, askotan dantzari bakoitzak bordatu edota zintekin apainduak", erreferentzia horiei helduz, txapin beltzekin atera dira aurten eta hala jarraitzeko asmoa dute.
Bestalde, oinetakoen berrikuntzaz gain leku aldaketa ere izan da aurtengoan. Azokako arkupean egin dute aurten lehengo aldiz ezpata-dantza. Orain arte, eguraldi txarra egiten bazuen ere, plazara atera izan dira dantzariak, euripean eta ia ikuslerik gabe. Orain dela urte gutxi batzuk berritu eta egokitu dute azokako arkupea eta ordutik aurtengoan egin du lehen aldiz euria. Hemendik aurrera, eguraldi makurra bada, estalpean egingo dute dantza. Dantzariek, dudarik gabe, nahiago dute plazan dantzatu, baina eguraldiak hala behartzen badu, azokan dantzatzearen aukera egokiagoa dela uste dute.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23