Jose Urtubi, itsasoaren alde banatako bi dantza talderen zuzendaria
Donostian emanaldi handia egin eta bi urtera, 1908an, Buenos Airesen, Argentinan ari zen Jose Urtubi dantza-maisua dantzariak prestatzen eta emanaldiak eskaintzen. 1906an Donostian 100 dantzariren parte hartzearekin egin zen dantza saioko zuzendaria Jose Urtubi zela jakin genuen Mikel Sarriegiri esker. Baita emanaldi horretan egin zen bandera-dantza ezezagunaren sortzailea ere bera zela.
Jose Urtubiren inguruko informazioaren bila hasi eta Buenos Airesen antolatu zuen emanaldi bati buruzkoa kronikatxoa eta irudiak agertu zaizkigu. Emanaldi hartan ere beste dantza batzuekin batera guretzat misteriotsua suertatu zen bandera-dantza egin zuten.
Donostiako jaialdia egin eta bi urtera, 1908ko azaroaren 14an, Buenos Aireseko Laurak bat Euskal Etxean kirol eta dantzekin lotutako sari banaketa ekitaldia antolatu zuten eta Euskal Etxeko dantzariek emanaldia eskaini zuten Urtubiren zuzendaritzapean. Caras y careta aldizkari argentinarreko ekitaldiko kronikan hiru argazki agertzen dira, hiruretan hamabi dantzarik eta buruzagiak osatutako taldea eta hiru txistulari ageri dira. Argazkia Laurak Bat klubeko saloietako batean ateratakoa da. Dantzari eta txistulari guztiak zuriz eta galtza luzeekin ageri zaizkigu. Irudietan Gipuzkoako maki txikiekikoa eta uztai txikiena dantzatzen ari direla dirudi, baita Urtubik berak sortutako bandera-dantza (baldera-dantza jatorrizkoan) ere.
Kronikan aipatzen da Urtubi Gipuzkoako Euskal dantzaris donostiarras dantza taldearen zuzendaria ere bazela. Garai berean, beraz, itsasoaren alde banatako bi dantzari talde zuzentzen zituen Jose Urtubiak, bata Donostiakoa eta bestea Buenos Aireskoa.