Dokumentuaren akzioak
Zumiriki, Oskar Alegriaren filma Eibarren
Datorren maiatzaren 6an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Eibarko Coliseo Antzokian eskainiko da Oskar Alegriaren Zumiriki filma Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen Eibarko Euskal Jaiaren baitan.
Posible da oroitzapen bererat bitan bidaiatzea? Zinemagileak egurrezko etxola bat eraikitzen du ibaiertz isolatu batean, haurtzaroan jokatzen zuen irlatik hurbil. Egun, irla urperaturik dago, bere lurra ikusezina, urtegi baten pareta eraiki zutenetik. Irlako arbolek, haatik, oraindik zutik diraute, hautsitako jostailu baten mastak bailiran ur erdian. Hor dago enbora arteko airea, iragana berpizteko leku bakarra.
- "Maisulan ausarta. Argi ikusten da zinema haurtzaroko etxea dela". Ignacio Agüero.
- "Ezein filmeren antzik ez duen artelana, memoriaren Robinson Crusoe baten oihartzunean". Eric Pauwels.
- "Arimarako festa bat, denboraren antropologia ariketa, maisulan bat". Alan Berliner.
Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinema-zuzendaria da. Bere lehen luze-metraia Emak Bakia Baita (2012) izan zen. Bertan Lapurdiko kostaldeko etxe baten historia kontatzen zuen, Man Ray zinemagilearen 1926ko Emak Bakia pelikulan ageri den etxearen bilaketa zuena ardatz. Euskal dantzei buruzko film laburren sorta bat ere egina du, EKEren enkarguz. 2013-2017 bitartean, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko zuzendari artistikoa izan zen.
Zumiriki (2019) Veneziako Mostran estreinatu zen, Goya sarietarako sei hautagaitza (Filme onena, zuzendaria, jatorrizko gidoia, muntaia, soinua eta dokumental filma) jaso zituen eta Sevillako jaialdian Olatu Berriak saileko filme onenaren saria eskuratu zuen.
Zumiriki Eibarren
- Data: 2022ko maiatzaren 6an, ostirala, 19:00etan.
- Tokia: Coliseo Antzokia, Eibar.
- Sarrerak (dohain) Coliseoko txarteldegian eta Kutxabanken hartu daitezke dagoeneko.
Bere irlara itzultzea amesten zuen naufragoa
Zumiriki filmaren inguruan Ander Izagirrek El Paisen argitaratutako artikulua euskaratu dugu hemen:
Oskar Alegriak lau hilabete pasa zituen kamuflatuta eta bakarrik Nafarroako erreka baten ertzean. Han grabatu zuen Zumiriki pelikula, irailean Veneziako zinemaldian estreinatuko dena [2019ko irailean estreinatu zen].
Oskar Alegriak Zumiriki bat zeukan: Arga ibaiaren erdian irlatxo bat, 100 metro luze eta 25 zabal zuen lurraldea, bertaratzeko uretan belaunetaraino sartu behar zena umetan, hango arboletara igo eta adar artean erreinatzeko. 2010ean uhartetxoa urpean desagertu zen, inguruan presa eraiki zutenean, baina oraindik azaleratzen dira zazpi makalen enborrak, adarrek itolarrian laguntza eskatzen duten besoak diruditela. (Zazpi? Dagoeneko bost. Bi erori ziren Alegriak filma errodatzen zuen bitartean). Zumiriki hitza ere desagertzera zihoan, baina Jesus Alegriak, Oskarren aitak, mekanografiatu egin zuen Artazuko, bere herriko hitzen hiztegi txikian, ia galduak diren beste hitz batzuekin batera, hala nola kurriskil (“jaio berri diren bildotsen ikuilu txikia"), kukurruku (“mitxoleta”) edo peloa (“behiaren errapearen hoztea”). Zumiriki (“irla errekaren erdian”) zerrendako azkena zen.
Alegria, 46 urteko [2019an] iruindarra, azken hitzak erreskatatzen aditua da, azken istorioak, azken paisajeak. Bere aurreko luzemetraian, Emak Bakiaren Etxea, nazioarteko jaialdietan 17 sari eskuratu zituen horretan, Man Rayk euskal kostaldean Emak Bakia laburmetraia grabatu zuen etxearen bila aritu zen. Oraingoan Arga ibaiaren ertzeko basoan etxola bat egin zuen bertan lau hilabete pasatzeko erabateko bakardadean, 2018ko maiatzaren eta abuztuaren artean. Ura, kontserbak, txokolate asko, bi oilo, baratza ereiteko haziak, botikina, 70 liburu eta basoko mamuak harrapatzeko 5 kamera eraman zituen. Arau batekin: ez ateratzea handik errodajearen bukaera arte. "Sentipen ederrena hirugarren hilabetean iritsi zitzaidan", dio.
"Sentipen arin bat, oso arina, munduko biztanle bakarra izatearena. Hiru hilabete neramatzan adar bakoitza kontrolatzen, errekako hegazti bakoitza, basoko gorozki bakoitza, aldaketa nimiñoena neuk izendatutako bazterretan. Genesia egitea modukoa zen. Egun batean igelei begiratzen nien, beste batean haizeari, beste batean egunsentiko argiari". Egun bakarrean atera izan banintz, kotxera itzuli izan banintz edo txanpura, protagonistetako batzuk ez zuten onartuko parte hartzea filmean. "Katajineta nire txabolara etortzen zen nik uraren eta lurraren usaina nuelako. Hirugarren hilabetean ni baso hutsa nintzen".
Zumirikik naufrago baten egunerokoa jasotzen du, animalien gaueko bizimodua, arbolen heriotza mailakatua, denboraren inguruko entsegu bat, Francisco Albisturren ―40 urte ibai-ertz horretan bakarrik bizi izan zen gizona, bere hankapean etxekotutako azeria lagun zuela ibiltzen zena― oinatz arrastoen bilaketa. Eta finean, irlaren errekonkista. Alegriak 120 metroko nabigaziora jauzi egiten du ―"ez da egitandia, keinua da"― poema bat bere haurtzaroko arboletan zintzilikatzeko eta betiko alde egiteko.
Zertarako balio du desagertzera doazen irlak, arbolak eta ahotsak errejistratzeak? "Gutxienez", dio Alegriak, "heriotzari azken hitza ebasteko. Nire hiztegia eramango duzu, baina ni azken hitzarekin geratuko naiz. Helduleku horrek uzten dit esaten: "Nire mundua oraindik hemen da". 2018ko uztailean, zumiriki hitza bost aldiz agertzen zen Interneten. 2019ko uztailean, filma Veneziako Zinemaldirako hautatua izan ondoren 6000tik gora ziren. Oskar Alegriak zumirikia salbatu du.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19