Zamaltzaina eta Lajkonika elkartu zirenekoa
Krakovian, Polonian izan gara martxoko azken egunetan. Zuberoako Zamaltzaina eta Krakoviako Lajkonika elkartu eta elkar ezagutu duten ekitaldian parte hartzeko aukera izan dugu. Krakoviako Historia Museoak Lajkonik izeneko hiriko zaldiko ezagunari buruz erakusketa antolatu du, eta Europan eta mundu zabalean dauden antzeko zaldikoak erakutsi nahi izan ditu. Horien artean aipamen berezia egin diote antolatzaileek zamaltzainari, eta hain zuzen, zamaltzaina gorpuztu eta bere dantzak bertan erakustera gonbidatu gaituzte Krakoviara.
Martxoaren 31an, erakusketaren inaugurazio ekitaldian, hiru zaldiko tradizioren kalejira koloretsua eta emanaldia egin dira Krakoviako merkatu plazan eta Szczepanski plazan. Krakovia bertako Lajkonik eta bere segizioaz gain, Zywiec herriskan urte berri egunean egiten den maskarada, eta Zuberoako maskaradetako zamaltzaina eta bere segizioa izan dira bertan.
Kezka dantza taldeak antolatu du zamaltzainaren emanaldia, eta Kezkako eta Haritzeko dantzari eta musikariekin batera, Maritzuli eta Argia dantzari taldeetako Jon Iruretagoienak parte hartu du ekitaldian, zamaltzaina bera dantzatuz. Jon Iruretagoiena zamaltzainarekin batera, Josu Garatek enseinaria eta Pitxu lanak egin ditu, Ainhoa Larrañaga gathuzaina izan da, Eire Vila kantiniersa, Oier Araolaza txerreroa, eta Enrike Izagirre eta Irati Kortabitarte marexal eta kerestu lanetan aritu dira. Jose Migel Laskurain izan dugu txirula eta ttun-ttunarekin musikari lanetan.
Lajkonik, Krakoviako zaldikoaren historia


zuten espero. Baina ezustean, Zwierzyniec-eko herritarrek aurre egin zieten, eta borroka odoltsua izan zen, alde bietan hainbat hildako gertatuz. Hala ere, tatariarrak nagusitzen ari ziren eta almadiazainen 
Hiru zaldiko eta beraien segizioak
Merkatu plaza plaza erraldoia da. Krakoviako turismo gidek diotenez Europako handiena da. Lehen inpresioan ez du hala ematen, plaza handia dirudi baina lehen ere handiak ezagutu ditugu (Sint Niklaas-ekoa, adibidez) eta pentsatu genuen Europan izango zirela hori baino handiagoak ere. Gero ohartu ginen merkatua bera plazaren erdi-erdian dagoela, eta plazak merkatu plaza inguratzen duela, eta beraz, bertan egonik ez dagoela modurik plaza bere osotasunean ikusteko, zatika baizik. Beraz, ez dakigu handiena den, baina handia bada.
Merkatu plazan bertan dago Krakoviako Historia Museoa eta bertatik abiatu zen zaldikoaren hiru taldeon segizioa, Lajkonika aurretik, zamaltzaina ondoren eta Zywiecki-eko konikia (zaldikoa) eta bere maskarada zaratatsua azkenik. Merkatu plazari itzulia egin genion kalejiran, zaldikoak eta benetako zaldiak tiratutako zalgurdiak aurrez aurre jarriz. Ondoren, Szcepanski plazan Krakoviako alkatea zain geneukan, eta bere ongi etorria jaso ondoren, talde bakoitzak bere emanaldia eskaini zuen.
Lajkonik-ak ekin zion saioari. Mazoarekin alkatea eta zenbait ikusle kolpatu zituen Lajkonikak, bandera dantzatu zuen banderariak, eta bere dantza ponposoak egin zituen berriz zaldikoak, horietako baterako neska gazte bat harrapatuz. Kasualitatez, beranduago ezagutuko genuen neska izan zen Lajkonikaren biktima, Daria izeneko varsoviarra.
Ondoren, geure txanda izan zen eta Zuberoako maskaradetan zamaltzainaren parte hartzearekin egin ohi diren zenbait dantza eta errito egin genituen. Barrikadarekin hasi eta aitzina pika dantzatu genuen.

Hirugarren txanda Zywieck-eko maskaradarena izan zen. Poloniako hegoaldean, ingurune menditsuan dagoen herri txikia da Zywieck, eta bertan urteberri egunean ospatzen dituzten inauteriak ekarri zituzten Krakoviara. Bi zaldiko ikusgarri, elkarren ondoan idiak bailitzan dabiltzanak, hil eta berpizten den hartza, domatzailea, ijito kautera kinkalleroak, tximinia garbitzailea, deabrua, heriotza, eta bestelako maskara koloretsuak soinujole eta danborjoleen erritmora dantza eroan.
Lajkonikaren munduan, zaldikoak munduan
Dantza emanaldia bukatuta, Krakoviako Historia Museoan sartu eta erakusketa inauguratu zen. Pintxo jana prestatuta zuten areto eder batean, eta tatariarren inbasioa han bertan ikustea tokatu zitzaigun, jubilatu eta herritar oldeak ukalondoak zorroztuta pintxo harrapaketa-gudan. Giro lasaiagoarekin, erakusketa gelan zaldikoen mundura bidaia ederra egiteko aukera izan genuen. Krakoviako egonaldian gidari eta laguntzaile izan ditugun Andrjez Szoka eta Magdalena Kwiecinska museoko teknikariak (historialaria lehena, antropologoa bigarrena) izan dira erakusketaren arduradunak eta lan ederra egin dute. Andrjez izan da erakusketa eta dantza jaialdiaren beraren sustatzailea eta gu bertan izatearen arduraduna, eta zinez eskertuta gaude berarekin.
Errumania, Suitza, Ingalaterra, Frantzia, Katalunia, India, Indonesia, Japonia eta Euskal Herriko zaldikoak ikus zitezkeen erakusketan, Polonia bertako hainbat adibiderekin batera. Hainbat zaldikoren egitura, egurrez eginak gehienak, apaingarriak, jantziak, argazkiak, panelak eta erritualak erakusten dituzten bideoak. Munduko mapa eder bat ere bai, zaldiko bakoitza mapan bertan kokatuta ageri dela, eta erakusketaren katalogo potoloa, polonieraz idatzita, hori bai. Erakusketan dagoen euskal zamalzaina bera Bilboko Euskal Museoak utzitakoa da.
Ekitaldiak oihartzun polita izan du Krakovian bertan, kaleetan agerian ziren erakusketaren kartel handiak, zamaltzaina hitza handiz zutela, eta bertako prentsan ere agertu dira aipamenak. Hona horietako batzuk eta Iñaki Zugastik egindako argazki sorta ere. Aurrerago Arantza Uriguenek eta Eire Vilak hartutako bideo irudiak ikusteko aukera ere izango dugu.









