Dokumentuaren akzioak
Udaberriko protokolo batzuk
Hona hemen azken aldian tokatu zaizkigun zenbait protokolo-dantzen aipamenak. Apirilaren 2an Balentziagaren oroimenezko ziklismo proba jokatu zen Eibarren. Karrera garrantzitsua da afizionado mailan, eta jakinekoa da bertan irabazten duenak datorren urtean profesionaletan aritzeko urrats garrantzitsua ematen duela. David Rodriguez-ek irabazi zuen karrera eta Gaizka Arrizabalagari tokatu zitzaion agurra dantzatzea Usartza txistulari taldeak lagunduta.
Apirila Errepublikaren hilabetea izaten da, eta Eibarren ez dugu ahazteko II. Errepublika aldarrikatu zen lehen herria izan zela hau, eta beraz, horren inguruko ospakizunak ohikoak izaten ditugu. Aurten bi ekitaldi izan ditugu Errepublikaren inguruan. Batetik, apirilaren 9an, Ezker Batuak antolatu ohi duen Errepublikaren inguruko ekitaldia burutu zen. Adineko errepublikazaleei omenaldia egin eta Aiert Ibarbiak agurra dantzatu zuen Andoni Altzibar, Felix Elortza eta Iñaki Barua Kezkako txistularien laguntzarekin.
Aurten 75 urte bete dira II. Errepublika martxan jarri zenetik (1931ko apirilaren 14an ezarri zen, Eibarren bezperan 13an aurreratu baziren ere) eta hori gogorazteko plaka bat jarri zuen Eibarko Udalak Untzaga plazan. Hain zuzen ere gaur egun Untzaga Plaza dena Alfonso XIII plaza zen Errepublika iritsi bezperan, eta 1931ko apirilaren 14an Errepublikaren plaza izena jarri zioten. 75. urteurrenean, 2006ko apirilaren 13an, Udaletxean jarri zen plaka gertaera horiek gogoratuz eta plaka horren inaugurazioan Ekhi Zugastik dantzatu zuen agurra, Usartza txistulari taldearen doinuetara.
Maiatzaren 13an ekitaldi berezia ospatu zen Eibarko Hezkuntza Esparruan. Txolarte elkarteak bere 10. urteurrena ospatzen zuen eta elkarte horren egiten duen lan bikaina eskertuz omenaldia egin zitzaien. Oier Ibarbiak dantzatu zuen agurra eta Jose Migel Laskurain Usartzako txistulariak jo zuen danbolina.
Maiatzaren 15ean, San Isidro egunez, Debabarreneko nezkariei harrera egiten zaie Arraten eta nekazarien eguna ospatzeko ekitaldiak izaten dira: meza, prozesioa, herri-kirolak, bazkaria. Aurten San Isidro prozesioan atera zuten lagunak izan dira protagonista, lehen aldiz lau emakume, lau baserritarrek eraman baitute santuaren irudia. Prozesioan laguntzen, eta elizara itzultzean agurra dantzatzen Enrike Izagirre ibili zen eta musikaren ardura Usartza txistulari taldearena izan zen.
Argazkietan klik eginez gero tamaina handiagoan, eta kasu batzuetan argazki gehiago ikusteko aukera duzue.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19