Dokumentuaren akzioak
Torredembarrako Pastorets-ak eta bastoners-ak Eibarren
Artzainak dantzan
Begibistakoa denez, pastorets-ak "artzainak" esan nahi du, eta artzain erako jantziekin dantza egiten dute. Makil luze batzuk erabiltzen dituzte, eta elkarri kolpatuz dantzatzen dute. Baina ondoren, makilak elkarri eman, taldea "lotu" eta ezpata-dantzetan oso ezagunak ditugun egiturak osatzen dituzte: ganbarak, arrosak eta parrillak. Dantzarien buruzagia (majoral izenekoa) parrilla gainera igo eta "biba" zenbait oihukatzen ditu.
Beraz, lehen tankeran "Inude eta Artzaien" tankerako itxura hartu arren, ondoren, ezpata-dantzen ohiko egitura koreografiak nabarmentzen dira pastorets-en dantzetan. Artzainen dantza hauen erreferentzia zaharrenak XVII. mendean aurkitu dituzte Katalunian. Torredembarran 1849koa da ezagutzen duten erreferentzia zaharrena, Mañe i Flaquer kazetari ezagunak aipatzen baitu, Santa Rosalia jaietako osagai gisa.
Torredembarrako Ball de Pastorets-a 2000. urtean berreskuratu zuten, berriz ere Santa Rosaliaren jaietarako.
Makila-dantzariak
Bastonersak makila-dantzariak dira, eta ezagun denez makila-dantzak, ball de bastons delakoak dantzatzen dituzte. Katalunian tradizio handikoak dira makila-dantzari talde hauek, eta Torredembarran 1853koa da honelako talde baten inguruan aurkitu den lehen aipamena.
Zortzi dantzari aritzen dira makila-jokoak eginez, eta buruzagi batek gidatzen ditu. Hain zuzen ere, koko-dantzetan (eta beste hainbat euskal dantzetan) aritzen garen modu beretsuan. Hori guztia kontuan hartuta, inauterietan gurekin batera dantzara kaleratzeko oso talde egokiak zirela irudituta egin diegu gonbidapena Torredembarrako pastorets eta bastoners-ei.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19