Dokumentuaren akzioak
Tenpraren Guarpenaren hiru emanaldi ikusminari erantzuteko
Oihane Puertas eta Idoia Lahidalga, Tenpraren Guarpena aurkezten. Eibar, Portalea, 2021-09-23. Argazkia: Oier Araolaza - Kezka dantza taldea cc-by-sa
Ez genuen aurreikusi Idoia Lahidalgaren eta Oihane Puertasen Tenpraren Guarpena dokumentalak horrelako ikusmina eragingo zuenik. Erronkariren berezko erakargarritasunari, bailara horretako emakumeen lanen oroitzapena, eta bereziki, Lahidalga eta Puertas sortzaile gazteen lana ikusteko nahia gehituta, ikusle erantzun ederra izan da ondorioa. 19:00etarako aurreikusitako emanaldia azkar bete zela ikusita, 20:00etarako bigarren emanaldia ireki genuen, eta hori ere bete zenean, egileen eskuzabaltasunari esker 20:45ean hirugarren pasea eskaini zen: 112 ikusle guztira.
Emakumeen lan ahaztuak
Tenpraren Guarpenak Erronkari ibarreko emakumeek egiten zituzten lanak jartzen ditu kontakizunaren erdigunean. Mendialdeko baso-mutil eta almadiazain gizonezkoen mundua maiz kontatua eta oroitua izan dela kontziente dira egileak eta emakumeen bizi-modu gogorrean egiten zituzten lanetan jartzen dute arreta. Zuberoara espartinak egitera doazen enaren oroitzapena ageri da dokumentalean, baina erdigunean horiek baino lilura gutxiago eragin izan duten bestelako lana, etxe, soro eta garbitokietan egiten zirenak agertzen ditu.
Bi belaunalditako lau emakumek kontatzen dituztenek osatzen dute narrazioa, eta Erronkari bertako bizi-lagunek eta emakumeek egin zituzten antzezpenekin grabatutako errekreazioekin irudikatzen dira kontakizunean ageri diren lanak. Irudi eta soinu zaindua nabarmentzen da lanean, eta muntaketa erritmo biziarekin doa saltoka kontakizuna lan batetik bestera.
Oroimenaren ariketa
Komunikazio ikasketak aprobetxatu dituztela erakutsiz ongi prestatu eta komunikatutako aurkezpenak egin dituzten Puertasek eta Idoiak emanaldien aurretik, eta galderak erantzuten ere zentzuz eta arrazoiz aritu dira. Galdera eta ekarpenetan zenbaitek aipatu zuen agian emakumeek Erronkarin egiten zituzten lanen antzekoak izango zirela Eibarren eta inguruetan garai horretako emakumeek egiten zituztenak, baina neguaren gorritasuna beste bat izanik mendialdean, ezin konparatu izoztutako errekan erropa garbitzeko lanak Deba ibarrekoekin. Ikusleen artetik ekarpena egin zutenen artean ziren XX. mendean Erronkariko azken euskalduna izan zen Antonia Anauten ondorengoetako batzuk.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19