Dokumentuaren akzioak
San Juan soka-dantza Coliseo antzokitik sarera eskainiko da
Normalitate berria deitzen den honetan dantza eta festak ez dira lehengo tokira itzuli oraingoz. San Juan egunean Eibarren dantzatu ohi dugun soka-dantza Coliseo antzokian egingo dugu eta Eibarko Udalak bere kanalaren bidez zuzeneko emisioan sareratuko du dantza saioa ekainaren 24an, 20:30ean. Coliseo antzokian bertan ikusteko 90 sarrera-gonbidapen jarriko ditu herritarren eskura Eibarko Udalak eta gaur bertan joan daiteke Coliseoko txarteldegira sarrerak eskatzera.
25 urte ondoren
Egoera berezia eta aldaketa handiak dira aurtengo San Juan eguneko aurreskuarenak, baina gora-beheraz eta aldaketaz betetako ibilbidea izan du. Iaz 25 urte bete ziren San Juan eguneko aurreskua berreskuratu zutenetik Usartza txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak Eibarko Udalarekin. 1994ko ekainaren 24an berpiztu zen aurreskua San Juan egunean, eta hain zuzen aurretik beste 25 urte inguru eginak zituen lokartuta.
1994tik aurrera Eibarko Udal batzak parte hartu zuen soka-dantzan hainbat urtetan, baina 2005ean alkateak ez zuen parte hartu, bai ostera zinegotzietako batzuk, eta 2006tik aurrera udal batzako kideek ez dute parte hartu ekitaldian, eta urtero herriko elkarte eta norbanako batzuk omendu dira San Juan eguneko aurreskuan. 2015ean genero bereizketarik gabeko soka-dantza egiten hasi ginen, dantzari guztiek parte hartzen dute lehen sokan eta ez dago rol desberdinik generoaren arabera.
Osasun-langileei omenaldia
San Juan jaietan udalak herriko elkarte eta norbanakoak omentzeko ohitura du eta aurtengo San Juan berezi hauetan gure bizitzak errotik eraldatu dituen covid-19tik babestu gaituzten osasun-langileak omenduko dituzte. Soka-dantzan ere osasun-langileei eskainiko diegu aurreskua eta herriaren soka sinbolikoan sartzera gonbidatuko ditugu. Osasun-langileen ordezkari bi lagun gonbidatu ditugu soka-dantzara: Ane Astigarraga, Eibarko ospitalean covid19ko gaixoak artatzen dituen erizaina eta Iratxe Odriozola, Mendaroko larrialdietan lan egiten duen medikua. Biak osasun-langileak eta dantzariak dira, Elgoibarko Haritz dantzari taldean aritua lehena eta Ermuko Txindurrin dantzari, eta gaur egun batez ere txistulari aritzen dena bigarrena.
Antzokian bertan ikusteko sarrerak
Coliseo antzokian bertan 90 lagun inguru sartu ahal izango dira aurreskua bertan ikusteko. Eserlekuen arteko tarte minimoa, 1,5 m ezarrita, horiek da Coliseoan sartu daitezken ikusleak. Gonbidapen-sarrerak eskuratu nahi dituenak Coliseo antzokiaren txarteldegira jo behar du honako egutegi-ordutegian:
- ekainak 19, ostirala, 17:30etatik 19:30etara.
- ekainak 22, astelehena, 17:30etatik 19:30etara.
San Juan soka-dantza 2020 online
Antzokira etortzerik ez duzuen beste guztiok pantaila bidez ikusi ahal izango duzue soka-dantza, Eibarko Udalaren kanalean. Hemen xehetasunak, data, ordutegia eta kanalerako lotura:
- Zer: Eibarko San Juan soka-dantza.
- Nork: Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldea.
- Omenduak: Debabarrenako osasun-langileak.
- Data: 2020ko ekainaren 24an, asteazkena.
- Ordutegia: 20:30.
- Zuzeneko emanaldia: Eibarko Udalaren kanalean.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19