Santa Kurutz 2017: Soka luzatzen
Tiraka, animoka, estututa izan ditugu azken urteotan Santa Kurutzeko gazteak, sokan sartzen jendea animatzen ez zela eta, lotsatu egiten omen ziren. Baina batzutan naturaltasun kontua besterik ez da lotsa kentzearena, eta azken bi urteotan horrela egin dira gauzak Mandiola auzoko Santa Kurutz gainean, giro onean, dantzan, natural!
Aurreko urtekoa txikia izan ez bazen ere, gogoan dugun sokarik luzeena osatu zuten maiatzaren 7an inguruetako baserrietatik eta kaletik ermitara hurbildutakoek. Idoia Lahidalga eta Maitene Fariñas zerbitzariek ez zuten lan gogorrik egin behar izan soka osatzeko, gerturatutakoak azkar heldu baitzioten elkarri eskutik.
Oihane Llorente aurresku eta Leire Andikoetxea atzesku zirela gauzatu zen soka-dantza, eta hasi bezain pronto hara! berriro gertatu zen! txapela ermita gainera! hori ere tradizio bilakatzen hasi zaigu Santa Kurutzen, eskerrak auzokoek desafioko lehen notak entzun orduko eskailera prest izaten duten!
Desafio, zubi, zortziko, agur, fandago eta arin-arin, kalejira... lanean fin aritu ziren denak, dantzari eta musikariak. Aurten ere, Usartzako txistulari lagunak izan ditugu gu dantzan jartzen: Enrike Montero, German Ereña, Asier Kastelos eta Ainhoa Urkizu hain zuzen ere.
Gure lanak amaitu baziren ere giroak ez zuen inola ere amaitzeko asmorik eta jateko eta edatekoen artean jolasean, kantuan eta dantzan jarraitu zuen Santa Kurutzek.
Iñaki Zugastik Santa Kurutzen ateratako argazki sorta zabalagoa ikusteko, egin klik hemen:
