Patxi Basauri eta Otola, Kezkaren bi lagun

2024/10/10
Patxi Basauri eta Otola, Kezkaren bi lagun

Kezkaren ibilbidean kruzatu diren eta kruze horretan lagun izan ditugun bi pertsona hil dira atzo. Batetik Patxi Basauri, 30 urte baino gehiagoz Elgetako alkate izan zena. Gregorio Santa Cruzen dantza ikaslea izana zen Patxi Basauri eta Elgetako dantza taldea bultzatzen ere ibili zen.

Gregorio Santa Cruzi omenaldia Arraten. Elgetako dantzariak Santa Cruzekin. Atzekaldean, ezkerretik hasita Mariasun Agirre, Patxi Basauri eta Gregorio Santa Cruz ageri dira argazkian. Arrate, 1966-10-16.

Santa Cruzi buruzko liburua prestatzen aritu ginenean laguntza handia eman zigun Patxi Basaurik.

Aurresku Goimendin (Elgeta), 2004-07-25. Ezkerretik hasita: Ander Agirrebeña, Patxi Basauri, Enrike Izagirre eta Josu Garate. Argazkia: Ainhoa Larrañaga - Kezka dantza taldea cc-by-sa

Goimendin soka-dantza zelairatzen hasi ginenean Elgetako alkate zen Patxi (32 urtez izan da alkate) eta han izan zen, parte hartzen eta babesten. Azurtzako ermitako irudiak ze politak diren gogorarazi digu honek. Bai tokia, bai, argia, eta bai inguruko baserritarrek sortzen zuten giro berezia.

Aurresku Goimendin (Elgeta), 2004-07-25. Argazkia: Ainhoa Larrañaga - Kezka dantza taldea cc-by-sa

Aurresku Goimendin (Elgeta), 2004-07-25. Argazkia: Ainhoa Larrañaga - Kezka dantza taldea cc-by-sa

Otola, zinta-makila erraldoia zutitu zuen gizona

Egunotan zendu da baita ere Agustin Olabarria "Otola". Alabak, Ane eta Ibone Kezkan dantzan aritu ziren eta Otolak berak momentu kritiko batean eman zigun laguntza ez dugu erraz ahaztuko.

Zinta-dantza, Kezka dantza taldea, Eibar, 2012-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan cc-by-sa.

2012ko Zinta-dantza hura zutik jartzeko jende askok parte  hartu behar izan zuen (tartean Zuhaitzen osabak, 200 zinta kateatzeko sistema eraiki zuena Makina Erremintaren museoan...), baina Otolagatik ez balitz agian oraindik altxatu ezinda gaude.  Igande goizean 9 metroko zinta-paloa zutik jartzen hasi ginenean arazo larriak izan genituen. Estu eta larri genbiltzan, amore ematekotan Untzagatik "Otola" pasatu zenean. Hurbildu zitzaigun laguntzarik behar ote genuen galdetzera eta di-da batean antolatu zuen operazioa eta indar harrigarriz ―gizon sendoa eta garaia zen Agustin―, ia berak bakarrik zutitu zuen zutabea. Harrez gero, kalean ikusi eta zinta-makila erraldoia nola zutitu zuen gogoratzea bat izaten ziren. "Joder Otola, eskerrak hiri!".