Dokumentuaren akzioak
Ostarteak zabalak dira gero Arrate gainean
10:55 Argazkia egiteko ordua dugu. Dantzari gehienak prest daude. Iñaki eta Felipe, argazkilariak udalekuko terrazako atean daude. Kezkatuta begiratzen dute kalera. Euri fin eta itsaskorrak dirau, azken orduetan bezala. Kalabobos famatua. Eta ez du trazarik atertzeko. Erabakiak hartzeko unea da. Arriskatu egingo gara, ez zaigu beste irtenbiderik okurritzen. Aulkiak prestatu eta dantzariak antolatzen hasi gara. Nahikoa burukomin izan dugu dantzari guztiak argazki kameren objetibo txikietan kabitu ahal izaten. 64 dantzari argazkirako antolatu nahian, ez gara euriaz gehiago akordatu. Ez eta beharrik ere. Ostartea zabaldu baita dantzariak argitara atera ahala. Lotsati lehenengo, lotsagabe ondoren, eguzkitsu azkenerako. Ostarteak zabalak dira gero Arrate gainean!
Argazkia bukatu eta urteroko sesioa. Eliza barrura ezpata-dantzaren barruko ala kanpoko lerroak tokatzen ote diren. Aurten barrukoak sartu dira. Datorren urtean akordatzen ez bagara, aber hemen begiratzeaz gogoratzen garen. Hamaiketako meza nagusian, konsagrazioaren ondoren sartu ohi gara eliza barrura. Altxatu du gora Xabier parrokoak ostia eta prestatu ditugu barruko bi lerroak. Ezpatak altxatu eta zubiak egiteko uneak "emozio" fuerteak izaten ditu berarekin. Jendea gain-gainean, eta ezpatak trabesean, indarka, batera eta bestera... halako batean "Kristoren odola" eta "eliztarren batena" elkartuko zaizkigu...
Prozesio motza
Gurutzerako bidea lokaztuta zegoela eta, prozesioa elizaren inguruan egingo dela abisatu digute. Pena hartu dugu, polita izaten baita basoko ezpata-dantza. Asfalto garbian azkar egin dugu buelta, eta elizako atarian Ama Birjinaren aurrean dantzatu dugu Arrateko ezpata-dantza.
Aurtengo lau bakarlariek bezperan ere dantzatu arren ez dute neke trazarik. Beasaingoak ditugu laurak: Nerea Mendizabala, Jaione Barandiaran eta Izaskun Salazar dira aurtengo hiru gonbidatuak, eta haiekin da, laukotea osatzen eta aitaponteko lanak eginez, Mikel Sarriegi.
Arrateko zelaiko floridadia?
Zelaiko lokatzean nekez aurki daiteke belar arrastorik. Azken bi egunetako euriek eta bezperako festak berde aztarnarik gabe utzi du zelaia (?), eta gosetutako basurde saldoak baino basa handiagoa utzi du. Olazabalen caddiea bezala ibili gara, greeen-eko egoera aztertzen, eta azkenean ezpata-dantza eta trokeo-dantzak probalekuan, harri gainean egitea erabaki dugu.
Usartzako txistulariak ederki asko entzun ditugu aurten, soinu ekipo txukuna eta txosna guneko altabozekin lotura jarri baititu Udalak. Lejardik ur botilak ekarri dizkigu, eta aitzakiarik ez dago beraz dantzari ekiteko. Bi parrilla osatu ditugu ezpata-dantzan eta onenak eman ditugu trokeo-dantzetan. Beasaingo dantzariek Goierriko urratsekin loratutako zortziko ederrak dantzatu dituzte, eta ezpata-dantza berriz osatuta egin dugu erretreta, zerua eguzkitsu eta dantzariok irripartsu.
Honen bestez, eskerrik asko kofrade lagun zaituztegun guztiori. Datorren urtean berriz hitzordua Arrate gainean, astelehenez, aste barruko zereginek uzten diguten einean. Gu hasiak gara abarketa berriak erosteko aurrezten!
Hemen Iñaki Zugastik eta Felipe Loyolak egindako argazki sorta:
- Arrateko Amaren dantzak 2013 [argazkiak]
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19