Dokumentuaren akzioak
Maskaradak Tremp-en
Artaziak, barrila, bandera, zaldia eta zaldiaren buztana furgonetan sartu eta Tremp-era abiatu ginen Kezka dantza taldeko bost dantzari eta bi txistulari pasa den uztailaren 14ko asteburuan bertan ospatu den En Tremp Dansa, 2n festival de Música i dansa del'altpirineu jaialdian parte hartzera.
Musika eta dantza uztartzen dituen jaialdia da Tremp-ekoa. Alde batetik musika arloan alor desberdinak lantzen ditu, hala nola, Saint Marc haurren koralaren kontzertua zuzenean ikusteko aukera (hauek Los chicos del Coro filmean ahotsa jartzen zuten umeak ziren) edo Julieta Venegas abeslari mexikarraren doinuak entzuteko parada ere izan zen.
Dantzari dagokionez, dantza garaikideko hainbat konpainia ikusteko aukera izan genuen: beste batzuen artean Senza Tempo, Bartzelonako dantza garaikideko konpainia, antzerkia eta dantza bateratzen dituena, edota Cia Iliacan, Tremp bertako dantza garaikideko taldea.
Dantza tradizionala ikusteko aukera ere izan zuten hara gerturatu zirenek. Horretarako Kezka dantza taldekoak izan ginen bertan Zuberoako maskaradak eskaintzen. Barrikada haustea, Gabota, Aintzina Pika eta Godalet dantza eskaini genuen Zuberoako masakaradako bost aintzindariek eta Kezka dantza taldeko bi txistulariekin osatutako taldeak. Aiert Ibarbia Txerrero, Ainhoa Lendinez Gathuzain, Irati Kortabitarte Kantiniersa, Oier Ibarbia Zamaltzain eta Josu Garate Enseinari aritu ginen. Txistulariak berriz Andoni Urbieta eta Iñaki Barua izan ziren.
Hasiera Parc del Pinell parkean eman genion. Bertan euskal dantzeri buruzko mintegi-tailerra eskaini genien bertara gerturatutako jendeari Josu Garateren eskutik. Ondoren, bertatik hasi eta Dr. Pearson Ramblatik gora kalejiran joan ginen Plaçeta de l'Eglésia, Elizako plazaraino, tartean Barrikada haustea, Gabota eta Aintzina Pika dantzatu genuen.
Emanaldi nagusia ordea arratsaldeko 9tan izan zen, herriko plazan, Plaça Capdevilan hain zuzen ere. Bertan, Zuberoako beste dantza horiez gain Godalet dantza ikusteko aukera ere izan zuten han bildu zirenek. Barrikada haustearekin eman genion amaiera Tremp-eko ekitaldiari.
Ezin ditugu ahaztu gurekin batera gidari izan ditugun eta antolakuntzaren parte izan diren Olatz eta Álvaro, eta baita gurekin batera joandako "staff teknikoa". Nola egingo genioke aurre hango bero itzelari zuek gabe?
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19