Martin Zalakain Deban
Tiene Urbía una barriada vieja y otra nueva. La barriada vieja…
Orduan ere jakinekoa genuen Astillero kalean bizi ginela berez, baina guretzat hura kale zaharra izan zen beti ume sasoian; hantxe kokatzen zen, beste batzuen artean, amama Juanaren antzinako etxea. Urte haietan, Gabonetan edo bestelako jaiegun haundietan, igual bildotsen bat azaldu ohi zen sukaldean edo teilatu azpiko ganbaran behin baino gehiagotan; bapatean, guk ezer uste ez genuela. Zuri-zuria, leuna, oraindik moztu gabeko buztanluzea akaso. Egunbeteko jostailu berezitzat hartzen genuen haurrok. Biharamon goizean, ostera, ohetik jaiki orduko, desagertua izaten zen gehienetan, airean ke garbiaren antzera. Inork ez omen zuen jakiten orduan ere nola edo nora. Beste noizbait, beharbada, bezperako oilo gorria falta zela eta katilu baten arraultze oraindik oskol biguneko bat agertuko zen, hil eta ondorenerako itzal gisa lagata. Triku bat ere badarabilt behingo beste akordu baten, harri ondoko bazterrean, latazko menbrilu-kaxa baten barruan. Etxe zahar eta haundi hura urtean zehar Eibarren bi logelako pisu baten bizi zen umearentzat bazen ipuinetako gaztelu baten pare.
En este caserío […] pasó los primeros años Martín Zalacaín […] en este caserío soñó […] y rompió los primeros pantalones.

Martín, a los dieciséis años […] estaba en sus glorias.
Gerora, ordea, Martin Zalakainek ez bezalaxe, eskola apur bat jaso, estudiante ez oso tunante ikasi eta arratsalde-iluntzean Igarza bodegoiko partidak amaitzen ziren bezalaxe, bizimoduak Deba gehiegitan ikutu ez zuen beste ubide batzuetan sarrarazi ninduen.
Y Martín, con sus palabras, […] despareció por el camino de Elizondo.
Irakasle txukun nahi izatetik bizi izan naiz. Dantzari txukun ikasi nahi izatetik ere bai, sosa ez denak ere biziarazten gaitu eta. Nago, suabe-suabe diot, aurrenekoan hobeto moldatu ote naizen bigarrenetik baino. Eta gutxien uste nuenean, berrogeitaka urterekin, Deba marraztu zitzaidan berriro ubidearen bihurgune baten atzean. Jakin ere ez nekien orduan: Mendata zeukan izena Debako institutuak.
Martín […] se dirigió hacia Urbía una mañana. […] Subió por su calle a ver la casa. La escuela estaba cerrada.
Hamalau urte joan dira harez gero. Uste dut promozio guztietako dozenerdi-hamarren bat izen arazorik gabe jaurtiko nituzkeela buruz, gehiegi pentsatu behar izan gabe. Zalacaín el aventurero eleberria nekarren ikasleentzat irakurgai; ustez, gazteentzat egokia. Gerrak, abenturak. Eta garaipenak: irakurri, gozatu eta gaurkoa izan ez arren, gaztelaniaz idatzitako literaturan Euskal Herriaren argazki indartsu bat ikusi izana; horrek guztiak eragin behar lukeen satisfakzioa. Liburuagatik erreklamazio gogorrak jaso nituen, ostera, eta Urbiako harresiak bezalaxe, azkenengo hamar urtean jausi egin da Zalacaín gure testuen artetik. Norbera ere Tellagorriren adinerantzago doa Martin Zalakain gaztearen alderantz baino, eta egun Astillero kaleak ez dauka gure kale zaharraren antz haundirik. Bertan bizi behar izateko, hobe horrelaxe, seguruenera.
Dantza alorrean Eibarren, Elgoibarren eta Donostian jantzi eta indar hartutakoak gara gu, eta joan den zazpi urtean badute berrehun gaztetik gora “urdina eder zeruan, / ederragorik San Juan” abestua Debako institutua utzi izan duten egunean. Eskua elkarri eman eta urrats berean. Dantzak bizimodurako hainbat irakaspen, sosegua, une gozo ugari eta lagunik onenetako batzuek ekarri dizkit. Eta azkenera, Martin Zalakainen anaia dantzaria.
De cómo llegaron unos titiriteros […] cruzaron la parte nueva del pueblo y se detuvieron en lo alto.
Martin Zalakain hori Marian Arregi zenaren eta Juan Antonio Urbeltzen arimak bizi du sortu zenetik. Dantzan egin nahi duen goizera esnatzen denean, izpiritu hori berri-berriztua jazten du atzera. Arkaleren ostatuan, gauero, kantu zaharrak estrainekoz abesten diren moduan. Makila-dantzak eta habanerak dantzaldirik dantzaldi berrasmatzen diren bezalaxe. Zalakainekin dira Kattalin eta Tellagorri eta Santa Kruz apaizaren kuadrilla. On Pio Baroja bera ere bai. Egunen kulunka aldakorrean, titiritero-dantzariok Debatik igaro eta kiroldegian aritzekoak dira urriaren 1ean. Pentsa ezazu: Lantzeko eroek tumbalalaikaren doinua berriro entzuteagatik zentzutu ere ez dute nahi! Ezagut ezazu Martin Zalakain. Betiko lagun egingo duzu.




