Dokumentuaren akzioak
La Mercè-k Arrateko Amaren bisita jaso du
Larunbatean goizean goiz abiatu ginen Eibarko Kezka-ko eta Elgoibarko Haritz-eko dantzariok Elgoibarko Udal bandako txistulariekin eta Oihane eta Eneritz trikitilariekin batera Bartzelonarantz. Gurekin batera Zubietako joaldunak izan genituen bidailagun. Ezpatak, makilak, arkuak... eta dantzako arropa guztiarekin iritsi ginen Bartzelonako Rambla del Raval-era. Heldu bezain laster entzun genituen lehenengo hitzak euskaraz izan ziren. Betagarri-koen soinu proba gaueko kontzerturako.
Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturik "Euskal Herria a la Mercè" jaialdia antolatu zen irailaren 21etik 24ra hiriko jai nagusienean, La Mercè-n alegia. Eibarko eta Elgoibarko dantzariok festan murgildu ginen larunbatetik iganderarte.
Bartzelonara iritsi bezain pronto arropaz aldatu eta kalejirarako prestatu ginen. Larunbata, arratsaldeko zazpirak, eta gainera La Mercè-ko jaietan zeharo murgilduta zeudenez, Bartzelonako alde zaharreko kaleak jendez lepo zeuden. Rambla Raval-en hasi eta hango kale estuetan barrena abiatu ginen. Gure aurretik Joaldunak zihoazen guri bidea zabalduz. Besteak beste auzo gotikoa eta Ramblak igaro genituen. Arrateko Amaren ezpata-dantza, Zuberoako Barrikada-haustea eta Aintzina-pika eta Arratiako jota eta porrua dantzatuz ordu bete pasatxo ibili ginen hango kale estuetan barrena kalean gora eta kalean behera berriz ere leku berean bukatu arte.
Igandean genuen hitzordua berriz ere Rambla del Raval-en. Oraingoan ordubete pasako emanaldia genuen zain eta 12:30ak aldera ekin genion beharrari. Ikusle ugari bildu zen euskal dantzen emanaldia ikusteko, bertakoak gehienak baina Bartzelonan bizi diren hainbat euskaldun ere bai. Hasteko Arrateko ezpata-dantza. Ondoren Gipuzkoako dantzak. Erregelak, kaskarots eta dantzari-dantza, eta Arratiako jota eta porrua dantzatuz borobildu genuen emanaldia.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gurekin ibili diren Bartzelonako Euskal Etxeko ordezkariei eta baita guri laguntzen aritu diren guztiei.
Hona hemen Iñaki Zugastik atera zituen larunbateko kalejirako argazkiak eta baita igandeko emanaldikoak ere.
Moltes
gràcies!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19