Dokumentuaren akzioak
Koko-marruak aseturik eta baserritarrak pozik
Ezin kexatu gara. Goizeko goibelak segituan egin zion tarte eguzkiari eta harek argituta egin genuen aurtengo ibilbidea. Behar bezala jantzi, aurpegiak ezkutatu, herramintei heldu, furgoneten banaketari kontu egin eta, zortzirak bueltan, astirik galdu gabe lehenengo txapligua jaurtitzen ginen merkatu plazaren aurrean.
Jarraian taldea bitan banatu genuen: batzuek Aginaga alderako bidea hartu zuten zuzenean eta besteek berriz, Amañako kale ezkutuetatik aurrera joanda, Zozola baserria zuten lehen bisita leku, iaz egin gabe gelditu ziren Mandiola aldeko baserrietara bidean.
Aginaga aldean Altzerreka izan zen lehena. Segidan San Romanen, Abuaga bietan, Torrepen eta Suinaga bietan entzun ziren txapliguak. Baserritarrek irribarrez agurtzen gintuzten eta baita dantzara animatu ere!
Alde egin aurretik, mamarruen zestoak betetzea gogotsu onartzen zuten denek ere... badaezpada!
Bien bitartean Mandiola aldeko taldeak, Zozolan hasi eta oinez egin zituen segidan Zozolabarri eta Aritxulueta biak. Hemen koko-marruak lehenengotik ase nahi izan zituzten eta armosua armosuaren gainean izan genuen. Ohikoa baino ozenago entzun ahal izan zen agurtzeko kopla... hau etxe hau luze gorde daixala!.
Gorostiagara iritsi aurretikoan egin zuten bat talde biek. Baserri atariak eskeintzen zuen plaza ederra ikusita, bertan sokadantza emateko tartea hartu genuen etxeko jaun andereak begira begira genituela.
Jarraian, bailaran beheraxeago bide bazterrean bertan, Orbesoraen baserrian zain genuen familia osoa; nagusien atzekaldean ezkutaturik hasieran etxeko txikienak eta koko-marruekin dantzan segituan.
Furgonetetara berriz igo eta Aginagara jarraitu genuen. Aginagagaineko ertzean dantzatu, abestu eta tripak bete ostean, taldeko argazki ederra atera genuen eliza atarian.
Goranzko bidea jarraitu genuen Bizkaian sartu-irtena eginaz Oregizar baserriak zapaltzen duen mugarrira iristeko.
Gora eta gora egin oraindik eta azkenik Arandoetara iritsi ginen. Ederra aldaketa egin du lau urte hauetan baserri gune honek! Ia ezagutu ere ez genituen etxeak... Oraindik berrizte lanetan darraite, batak zein besteak baina poza ematen du jaustear zeuden etxeak horrela berriztuta ikusteak. Lau urte barru irrikaz bueltatuko gara, nola aurkituko ote dugun galdezka.
Baserrietako eskeak bukatuta, Umbe elkartean -behar haundirik ez bagenuen ere aurtengoan- zerbait jan, edan eta deskansatzeko tartea hartu genuen. Zazpietan anbulategiko parkean txaranga eta beste koko-jantzitakoekin elkartu eta iluntzeko saioari ekin genion. Aurten bi pertsonaia berri izan genituen mozorro edo zomorro artean: fumigatzaileak! Extralurtarrak ziruditen haiek koko-marruen eztarriak baretzeaz arduratu ziren batez ere.
Eguraldiak lagunduta eta Mausitxak markatutako doinueri jarraituaz, giro ezin hobean joan zen kalejira. Urtetik urtera gero eta gehiago dira koko-jantzita gurekin batera Eibarko kaleetan jarduteko batzen zaizkigunak eta dudarik gabe honek jaia handiago eta batez ere biziago bihurtzen du. Aurpegia estali, hiru-lau trapu zahar soinean jantzi eta dantzan jarduteko humore pixkat (edo humorez jardun ahal izateko dantza pixkat?!), ez duzu besterik behar.
Erdi bidean Untzagan, jendez inguraturik, sokadantza emanda, San Andres elizako plazan azken dantza jauzi eta bueltak emanaz esan genion agur aurtengoari.
Hemen Iñaki Zugasti, Fernando Retolaza eta Felipe Loiolaren argazki gehiago hurrenez hurren.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19