Dokumentuaren akzioak
Koko-dantzak 2023: Herensugeak masusten kontra-dantza ekarri zuenekoa
Goizeko zortzi-terdietan Errebaleko merkatu plazan lehen txapligu, kalejira, fox-trot, arin-arin, makila-dantza, kopla-kantu eta dantza eginda abiatu ditugu 2023ko otsailaren 11n koko-dantzak.
Iturburutik gora hasi gara baserriz-baserriko koko-eske eta koko-dantzetan: Amazabalegi Abeletxe, Amazabalegi Asola-aldea, Amazabalegi Gainekoa eta Amazabalegi Azpikoan harrera beroa egin digute. Dantza, gosari, hamarretako eta festa, koko-dantzez gain eguneko lehen habanera zein koko-marruen soka-dantzak egin ditugu festa betean.
Amazabalegi inguruetatik beherako bideek argazkilarien jolaserako aukera eskaini dute.
Pagei Abeletxe eguzkiak goiz hotza epeltzen lagundu digu.
Ixuan ume, guraso eta ikusle koadrila handia geneukan zain.
Usartzatik Akondiara bidean ondo berotu gara aldapan gora.
Berretxina Azpikora jaitsi ondoren azken aldapatxoaren gainean sumatu dugu harrera beroa genuela han ere esperoan. Egun luzatzen doa eta dantza eta dantza arteko jaki eta edariez gain, deskantsuak ere gero eta beharrezkoagoak zaizkigu.
Eskerrak goitik beherakoan ditugun zain Iturrua Gainekoa eta Iturrua Azpikoa. Eguraldi zoragarriarekin mendiaz eta paisaiaz gozatzeko aukera ere izan dugu.
Santa Kurutz atzean utzita hartu dugu kalerako bidea, musikari Adolfo Jainaga, Unai Narbaiza, Andoni Riaño eta Iraide Ansorenak markatutako erritmoaren doinura.
Herensugearen iratzartzea
Hamabost urte ondoren koko-dantzak bizirik eta hazten jarraitzen duten erakusgarri, izan dugu berrikuntzarik 2023 urte honetan. Errebaleko plazatik irten da koko-dantzen segizioa arratsaldeko Eibar herri erdiguneko kalejiran.
Kalejira, koko-dantza edo makila-dantza, soka-dantza eta masusten kontra-dantzaz gain baserrietan hasitako bidetik Arragueta kalian habanera lotuan dantzatzeko modua izan dugu Ekhi Zugasti batuta musikariei.
Mauxitxa txaranga batu zaio goizeko musikariei eta aspaldi egitekoen zerrendan genuen masusten kontra-dantza estreinatzeko unea izan da. Forjarien kantaren doinuak balts, kontra-dantza eta mazurka erritmoak hartu ditu Xabi Oruesagastiren modalketetan eta Hazas anai-arrebek sortutako herensuge buruari gorputza osatu eta dantzan jartzeko modua egin dugu.
Errebalen hasi eta Errebalen bukatu da koko-dantza, kantuz bukatu ere, Añorgako Dibertimendurako Beñat Gaztelumendik moldatu zuten Old Dirty Town-en Herri Zahar Hau kanta Eibarko koko-dantzetara egokituta:
Herri Zahar Hau
Amañatik Azitainera,
Ubitxatik Jardiñetara,
Isasin gora, Legarren behera...
herri zahar hau, herri zahar hau.
Mahatsaria, Urki ta Txonta
Txatar, burdiñ, tallar-zulua
pintada bat, garrasixa,
herri zahar hau, herri zahar hau.
Barren uger, kako, bentanak,
taladrina, lizun usaiña,
ederrena, ez zara baina...
herri zahar hau, herri zahar hau.
Sirenia, tornu-kantua,
Trokel, barauts, paboi orbanak,
bizi garan, bizi gaitun,
herri zahar hau, herri zahar hau.
Amañatik Azitainera,
Ubitxatik Jardiñetara,
Isasin gora, Legarren behera...
herri zahar hau, herri zahar hau.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19