Dokumentuaren akzioak
Zuricheko Folklore Jaialdian dantzatuko du Kezka dantza taldeak
Suitzara, Zurichera abiatuko da Kezka dantza taldea bihar, osteguna, ekainak 30, eta uztailaren 1etik 3ra bertan ospatuko den Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartuko dute dantzari eta musikari eibartarrek. 35 lagunez osatutako espedizioak lau emanaldi eskainiko ditu ostiraletik igandera Zurichen, Lindenhof parkean ospatuko den folklore jaialdian.
Jaialdi handia da Zurichekoa. Hiru urtetik behin ospatzen da, eta antolatzen denean ekitaldi erraldoia izaten da. Eibarko taldearekin batera mundu osoko beste 27 taldek parte hartuko dute bertan. Zerrenda luzea da beraz: Kuba, Grezia, Eslovakia, Kroazia, Mexiko, Serbia, Polonia, Bulgaria, Egipto, Italia, Errusia, Thailandia eta Suizako taldeek parte hartuko Internationales Volkstanztreffen Zürich jaialdian.
Suitzako euskaldunak bitartekari
Suitzako Euskal Etxea aritu da Zuricheko Folklore Jaialdia eta Kezka dantza taldearen arteko bitartekari eta babesle lanetan Eibarko dantza taldea bertan izan dadin. Euskal kultura Zurichen ezagutzera emateko ekitaldiak antolatzen ditu eta horien artean Zuricheko Nazioarteko Folklore jaialdian euskal dantza talde baten parte hartzea bultzatzeko laguntza eskaintzen du.
Jaialdia irekiko du Kezkak
Ostiralean, uztailaren 1ean, arratsaldeko 17:00etan hasiko da jaialdia, eta lehen ekitaldi horretan, Kuba eta Poloniarekin batera "Baskenland" iragartzen du programak, beraz, jaialdiaren irekieran parte hartuko du Eibarko Kezka dantza taldeak. Ondoren, beste hiru emanaldi eskainiko ditu asteburuan Kezkak. Larunbatean bi emanaldi egingo ditu, eta igandean azken saioa eskainiko du.
Nazioarteko ibilbidea
Azken hamarkadetan nazioartean hainbat emanaldi eskaini ditu Kezka dantza taldeak, baina Suitzara iritsi gabe zegoen oraindik. 1980 hamarkada hasieran Olivenzan (Extremadura) eta 90koan San Asension (Errioxa) izan ondoren, azken hamabost urteotan Sint Niklaas (Beljika), Roca Grimalda (Italia), York (Ingalaterra), Southampton (Ingalaterra), Szeged (Hungaria), Krakovia (Polonia), Torredembarra (Katalunia), Villach (Austria), Valladolid (Espainia), edo Miranda do Douron (Portugal) izan da Kezka dantza taldea Eibarko eta Euskal Herriko dantzen erakustaldiak eskaintzen.
Bere ohiko dantza errepetorioa, alegia, Arrateko eta Eibarko dantzak izango dira Kezkaren emanaldiaren ardatza. Arrateko trokeo-dantzak eta San Joan eguneko soka-dantza eskainiko ditu Suitzan Kezkak. Horrez gain, Lapurdiko kostaldeko dantzak eta Zuberoako maskaradetakoak ere agertuko ditu, euskal dantzen aniztasunaren argazki txiki bat ezagutzera emateko asmoz.
33 dantzari eta musikari
28 dantzari eta 5 musikari, guztira 33 lagunek osatzen dute Kezka dantza taldearen espedizioa. Hauek izango dira zehazki:
- Dantzariak: Maitane Fariñas, Jone Saez, Miren Hazas, Leire Andikoetxea, Egoitz Blanco, Julene Usobiaga, Oier Araolaza, Ekhi Zugasti, Ainhoa Larrañaga, Nagore Fernandez, Luken Aranburu, Maider Otaola, Eider Agirrebeña, Joanes Plazaola, Oihane Llorente, Maddi Alberdi, Olatz Mandiola, Amaia Gorrotxategi, Irati Egiguren, Ander Garitagoitia, Maier Fernandez, Jone Lahidalga, Idoia Lahidalga, Naroa Arrizabalaga, Unai Txurruka, Esther Kareaga, Olaiz Agirrebeña eta Amaia Rodriguez.
- Musikariak: Andoni Altzibar, Iñaki Barua, Jose Miguel Laskurain, Andoni Urbieta eta Amaia Baglietto.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19