Eibartik Suitzara, Untzagatik Arratera bezala: Kezka Zurich-en 2016 kronika
2016ko uztaileko lehen egunetan Suitzan, Zurich-en dantza egiteko aukera izan dugu Kezka dantza taldeko kideok. Bertako euskal etxeak gonbidatu gintuen Internationales Volkstanztreffen Zúrich jaialdian parte hartzera. Zuricheko euskal etxeko kideen laguntzarekin, besteak beste bertan bizi den Imanol Zabaleta dantzari eta musikari gasteiztarrarekin laguntzarekin, lau egun zoragarri egin ditugu hiria ezagutuz eta gure herriko dantzak Suitzan erakutsiz.
Ekaina amaitu aurretik, 30ean, irten zen lehen dantzari espedizioa Loiutik Zurich aldera. Gerora beste bi txandatan joan ginen bidaiatzen, ez baitzen erraza material eta arropa guztiak, eta dantzari eta musikariak kontuan hartuta, 33 pertsonako taldea Suitzako hirira helaraztea.
Internationales Volkstanztreffen Zúrich jaialdia Suizako hiriburuan 3 urtean behin egiten den Zürich Fäscht jaialdi erraldoiaren barnean kokatzen den dantza eta folklorearen erakusleihoa da. Hiriaren erdi-erdian dagoen Lindenhof parkea, hori bilakatu zitzaigun aipatutako erakusleiho, eta bertako oholtzara lau aldiz igo ginen hiru egunetan. Bestela ere izan genuen hiri osoa hartzen duen festaz gozatzeko aukera, kontzertu bat han, saltxitxa eta garagardoal non-nahi, erdigunean ezagutu eta disfrutatzeko tarteak... dantza eta aisia uztartzeko parada aprobetxau behar beti!
Ordulari suitzarren fama motz geraten dela frogatu ahal izano dugu. Inoiz ez zitzaigun tokatu jaialdi batean, gure emanaldiak 11:52 edo 15:43 moduko orduetan zehaztuta izatea. Eta oraindik gutxiago, ondoren ordutegi hori minutu-zehatzarekin betetzea. Izugarria ordutegiaren zehaztasuna eta betetze-maila. Guk ere, badaezpada, agindutako 15, 45 edo 60 minutuko emanaldiak, euskal ordulariekin, baina ahalik eta zehatzen neurtuta prestatu eta eskaini genituen. Puntuan hasi eta puntuan bukatu dugu behintzat!
Hauekin batera Lapurdiko kostaldeko dantzak, zein Zuberoako maskaradetako dantzak ere eraman genituen, Euskal Herriko dantzen zatitxo bat Suitzako hirian erakusteko nahiaz.
Uztailaren 1ean 17:00etan egin genuen lehen agerraldia eta honen atzetik ordu laurdeneko bi emanaldi txiki eskaini genituen 2an. 3an, aldiz, berriro ere ordu bete pasatxoko ikuskizuna plazaratu genuen.
33 dantzari eta musikari
28 dantzari eta 5 musikari, guztira 33 lagunek osatu zuten Kezka dantza taldearen espedizioa. Hauek izan ziren zehazki:
- Dantzariak: Maitane Fariñas, Jone Saez, Miren Hazas, Leire Andikoetxea, Egoitz Blanco, Julene Usobiaga, Oier Araolaza, Ekhi Zugasti, Ainhoa Larrañaga, Nagore Fernandez, Luken Aranburu, Maider Otaola, Eider Agirrebeña, Joanes Plazaola, Oihane Llorente, Maddi Alberdi, Olatz Mandiola, Amaia Gorrotxategi, Irati Egiguren, Ander Garitagoitia, Maier Fernandez, Jone Lahidalga, Idoia Lahidalga, Naroa Arrizabalaga, Unai Txurruka, Esther Kareaga, Olaiz Agirrebeña eta Amaia Rodriguez.
- Musikariak: Andoni Altzibar, Iñaki Barua, Jose Miguel Laskurain, Andoni Urbieta eta Amaia Baglietto ofizialak, eta horiekin batera Imanol Zabaleta, Naroa Arrizabalaga, Maddi Alberdi, Unai Txurruka eta Oier Araolaza.
