Dokumentuaren akzioak
Kezkako dantzariak Martin Zalakain ikusgarrian
Martin Zalakain ikuskizunean parte hartzen duten Kezkako dantzariak (Maite Gonzalez eta Amaia Visus falta dira).
2017ko azaroaren 11n estreinatu zen Juan Antonio Urbeltzen azken lana Bilboko Arriagan: Martin Zalakain.
Euskal Herriko hamaika txokotako dantzariak taula gainera ekarri ditu antzerkia eta dantza bera uztartu nahi izan dituen lanak; hala, Harkaitz Canok izen bereko Pio Barojaren eleberria antzerkirako euskaratu eta moldatu du eta Ander Lipus aktorea da hari dramatikoari tiraka ikuskizunaren gidari lana egiten duena.
Martin txikiaren abenturetatik hasi eta helduaroko bizipenetara garamatza moldaketa honek, pasarteak dantza tradizionalaren bidez kontatuz. Urbeltzen esanetara aritu gara ikuskizun honen prestaketan Kezka Dantza Taldeko zenbait kide, Euskal Herriko dantza talde eta lagun ugariz inguratuta, hala nola, Astigarragako Astigar, Añorgako Arkaitz, Iruñeko Duguna, Elgoibarko Haritz, Portugaleteko Elai-Alai, Debako Gure-Kai, Biarritzeko Maritzuli, Añorgako Konpainia eta guztiak biltzen dituen Donostiako Argia.
Bi urteko prestaketa lanen ondoren, joan den azaroaren 11n iritsi zen egun handia: Bilboko Arriaga Antzokiko taula gainera igo ginen eta estreinaldiek sortu ohi duten zirrara bereziarekin gozatu genuen.
Kezkako partaideeok Arkale tabernan girotutako eszenan egiten dugu agerraldi nagusia. Bertan, kantuan, fandagoan. arin-arinean eta erromeria giroko bestelako doinuetan aritzen gara, istorioaren garaiko festa eta zalaparta giroa bersortu nahian, Mikel Urbeltzen bibolinak eta Imanol Urkizuren panderoak lagunduta.
Edonola ere, emanaldietan zehar pieza batean baino gehiagotan dantzatzen dugu, baina ez dugu spoiler gehiegi egin nahi!
Ah! Martin bera ere aurpegi ezaguna egingo zaizue Kezkako dantzarien bila aritzen bazarete, izan ere, Josu Garatek hezur-haragitzen du lan honetako protagonista nagusia.
Dagoeneko estreinaldiaz gain, lau saio egin ditugu: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aritu ginen abenduan, leporaino betetako antzokiaren aurrean; Iruñeko Baluarte antzokiaren txanda etorri zen gero, urtarrilean eta joan diren otsailaren 17 eta 18an Baionan aritu gara. 5000 ikusle izan ditu dagoeneko Martin Zalakainek. Oraindik ez baduzu Martin Zalakain ikusi, honakoak dira datozen hilabeteetan egingo ditugun emanaldiak:
- 2018ko apirilaren 21ean, Gernikan.
- 2018ko maiatzaren 19an, Eibarko Coliseoan.
Eibarko emanaldirako sarrerak bi egunetan agortu ziren, beraz, egun berean bigarren emanaldi bat egingo da eta sarrerak salgai daude Kutxabank-en bidez (loturan sartu eta Coliseo antzokia bilatu).
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19