Dokumentuaren akzioak
Ketariatik mundura nanopastorala Arraten
Mixel Etxekoparrek idatzi eta Etxekopar bera Jean Kristian Galtxetabururekin batera musikari dela eta Ihitz Iriart, Maika Etxekopar eta Beñat Larrori kantari, aktore eta dantzari direla Ketariatik mundura nanopastorala eskainiko dute datorren ekainaren 2an Arraten. Zuberoako pastoralen eredura baina formato txikian, edo hobe esanda, nanoan, aurkezten du Hebentik-ek honako hau: bi musikari, hiru kantari-dantzari-aktore eta ordubete pasako iraupena.
Elkanoren mundubira
Juan Sebastian Elkano marinel getariarra eta lehen mundubiraren inguruan idatzi du pastoral hau Mixel Etxekoparrek. Bidaiaren argiak eta itzalak gogoan izan ditu Etxekoparrek, abenturaren tamaina, aniztasunaren lilura, kolonizaziorako lehen urratsa... Historia txatalak, fikzioa eta mitologiarekin nahasten dira kontakizunean.
Artista boskotea
Artista talde txiki baina dohaitsua osatzen du nanopastorala eskaintzen duen boskoteak. Mixel Etxekopar musikari, kantari eta bertsolaria, hainbat ekitalditan eta diskatan parte hartu du, Ederlezi pastorala zuzendu zuen eta besteak beste Euskal Barrokensemblerekin ere aritzen da azken urteotan. JKristian Galtxetaburu soinujolea da eta Etxekoparrekin batera Etxetaburu diska grabatu du berriki. Maika Etxekopar kantari eta aktore moduan aritzen da, Amaren Alabak taldean aritu zen Ihitz Iriartekin, Euskal Barrokensemblerekin ere aritzen da kantuan eta aktore bezala Le Petit Théâtre de Pain eta Bonbon Beltz konpainiekin taularatu ditu lanak. Ihitz Iriartek Bidador pastorala zuzendu zuen eta berriki Julia Fernandez Pastorala gidatu du, Iruinkokoa plantan jartzearen arduradunetako bat izateaz gainera. Beñat Larrorik aurten taularatuko den Ligetx koblakaria(k) pastorala idatzi du, bere kideak bezala hainbat pastoral eta ikuskizunetan parte hartzeaz gainera.
Itsasoa eta Arrate
Itsasoa eta marinelen munduarekin lotutako kantu, antzerki, musika eta dantza ikuskizuna da Ketariatik mundura, eta Arraten ere eutsiko dio itsasoarekin lotura horri. Arratetik itsasoa ikusten dela eta itsasotik Arrate ikusten dela ikasten dute eibartarrek umetatik, eta are gehiago, bizitza Arratetik datorrela, hain zuzen ere itsasontziz, Arrateko elizako sabaitik zintzilik dagoen ontziari esker.
Deportiboak 100 urte
Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrena ospatzen da 2024. urte honetan eta horren aitzakian Klubeko Eguna bihurtuta dagoen garai baiteko Finalista Egunaren testuinguruan eskainiko da arraten nanopastorala, mendi-ibilaldi, pilota partida, soka-dantza, domina banaketa eta jolas artean.
Datuak
- Nanopastorala: Ketariatik Mundura.
- Data: 2024ko ekainaren 2an, 13:00etan.
- Tokia: Arrate (Eibar), gurutzean.
- Eguraldiak lagunduko ez balu elizaren arkupeetan, 13:30ean.
- Musikariak: Mixel Etxekopar eta JKristian Galtxetaburu.
- Aktoreak: Ihitz Iriart, Maika Etxekopar, Beñat Larrori.
- Ekoizpena: Hebentik.
- Antolatzailea: Eibarko Klub Deportiboa.
- Laguntzailea: Eibarko Udala.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19