Jose Zugasti: zure Formen Dantza da gure Dantzen Forma

2024/12/19
Jose Zugasti: zure Formen Dantza da gure Dantzen Forma

Egunotan zendu da Jose Zugasti Arizmendiarreta (1952-2024) eskultore eibartarra. Formarekiko interesa partekatzeaz gain, Kezkako Iñakiren anaia, Arantzaren koinatua eta Hiart eta Ekhiren osaba zen Jose Zugasti. Erasanda gaituzte Kezkaren muinean den familian hiru hilabetetan izan diren hiru heriotzek.

Kokuen itxuraldatzea Kakalardokuan

2010eko azaroaren 29an, San Andres bezperaz, Jose Zugastiren Formen Dantza eskultura inauguratu zen Ego-gainen. Toki horretan garai batean Ego erreka zeharkatuz zegoen Kakalardokuaren zubia eta zubi hori gurutzatzen zuten kokuen itxuraldaketa eta metamorfosia izan zuen gogoan Zugastik eskultura planteatzerakoan.

Arku-dantza Formen Dantza eskulturaren inaugurazioan, Eibar, 2010-11-29. Argazkia: Iñaki Zugasti - Kezka dantza taldea / cc-by-sa

Formen Dantza kokatutako toki horretan Alfa lantegiaren fundizioa izan zen. Hamar urte lehenago hor bertan elkartu ginen dantzariak eta Eibarko Klub Deportiboko argazkilariak, Eibarko industriaren aro oparoenaren sinbolo zen fabrikan, desagertu aurretik, azken koladen argira dantza eta argazkiak egiteko. Alfatik sortutako beste atal batean, horti metro gutxira dagoen Alfa Arten egin ziren Zugastiren Formen Dantzaren arkuak.

Kezka dantza taldeko dantzariak Alfan, fundizioan, 2000. urtean. Argazkia: Felipe Loiola - Eibarko Klub Deportiboa / cc-by-sa

Arkuak dantzan

Zugastik arkuak dantzan jarri nahi izan zituen, Oñatiko arku-dantzan bezala, gorputzak eta arkuak elkarren artean nahasten direnean sortzen duten nahas-masa, dantzariek salamala deitzen duten horretan inspiratuta irudikatu zituen eskultura osatuko zuten arkuak, dantzan.

Arku-dantza Formen Dantza eskulturaren inaugurazioan, Eibar, 2010-11-29. Argazkia: Iñaki Zugasti - Kezka dantza taldea / cc-by-sa


Eskultura gorputzen artean ikustea gustatzen zitzaion Jose Zugastiri. Erakusketa gelan baino hobe kalean eta herritarrengandik aparte baino hobe herritarren artean. Poza hartzen zuen jendea arkuen artetik pasatzen ikustean. Edo eskultura, altzari urbanoa bailitzan tertuliarako lekutzat eta umeen olgetarako jolastokitzat hartuta ikusten zuenean.

Formen dantzak lotuta

Inaugurazioko ekitaldiari begira ere eskulturarekin dantza egitea iradoki zigun Jose Zugastik. Halaxe egin genuen, jatorriz Eibarkoa den Ibarzabal arku-dantzarekin, arku eta gorputz, eskultura eta dantza, Zugastiren formen dantza eta Kezkaren dantzen forma uztartu genituen Usartzako txistularien doinura, betiko lotuta geratu zen korapiloan. Eskerrik asko Jose.

Jose Zugasti, Kezkako dantzariak eta Formen Dantza eskultura, Eibar, 2010-11-29. Argazkia: Iñaki Zugasti - Kezka dantza taldea / cc-by-sa