Dokumentuaren akzioak
Haritzeko lagunekin 40. urteurrena ospatzen
Gogotsu geunden Haritzekoek luzatutako gonbite hartan parte hartzeko: 40 urte dantza taldea sortu zela. Hauek ere hamaika izango dituzte kontatzeko...eta izan ditzatela, dantzatzeko! Azkenengo hotz eta euriek ez zuten Haritzeko lagunek antolatua zuten festara hutsik egin nahi izan eta, plazan aurreikusia zegoen dantza jaialdia Herriko Antzokira eraman beharra izan zen. Txukun antolatu gintuzten Haritzeko lagunek han batu ginen ehundik gora dantzari eta musikariok. Oinetakoak aldatzeko faltan, dantzarako prest elkartu ginen denok eguerdirako Herriko Antzokian. Ikusleak berriz besaulkietan, epel epel, jaialdi harek emango zuenaren zain.
Gure-kaiko dantzariek eman zioten hasiera jaialdiari San Roke eguneko dantzekin. Segidan Iruñeko Duguna taldeak egin zuen salto agertokira Nafarroako dantza sortarekin, eta jarraian Kezkako 22 dantzariok Arrateko Amaren ezpata-dantza dantzatu genuen gure txistularien doinura. Atzetik etorri ziren gero Galdakaoko Andramarikoen indarra eta bizitasuna dantzari-dantza eta erromerietan, Donostiako Argiakoen dotorezia jauzi eta sokadantzan eta Portugaleteko Elai-Alaikoen berritasun eta koreografiak Zuberotarren azalean sartuta. Publikoak ere baiezkoan gaude baina, dantzariok behintzat, seguru, gozatu ederra hartu genuen elkarrengandik. Familia erretrato koloretsu batekin eman genion azkena dantza saioari.
Dantzen atzetik, bestela izan ezin ez zitekeen bezela, dutxatu eta kaleko erropa epelak jantzita, Ikastolako frontoiara zuzendu ginen parte hartzaile guztiok lagun arteko bazkariaz gozatzeko. Haritzeko dantzari eta lagunek jardun zuten zerbitzari lanetan, eta kafeak oraindik atera gabe zeudela, hemengo eta hango musikariak segituan hasi ziren frontoia berotzeko lanetan aulkietatik jendea altsa eraziz. Halaxe, giro polit eta batez ere, lagun artekoan, joan zen Haritz Euskal Dantzari Taldekoen 40. urteurrena. Ea luze gabe berriz denok elkar ikusteko aitzakia dugun, dantzan eta giro goxoan, beste 40 urte itxaron beharrik gabe!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19