Dokumentuaren akzioak
Gure auzoetako jaien soka etetzen
Azken urteetako ohiturari jarraiki, bihar Elgetako Goimendi-Azurtza auzora joateko zita genuen soka-dantza ateratzeko asmoz. Aurten ez dagoela beharrik abisatu digute, ez omen da jairik ospatuko, eta zaldi zuri gaineko Santiagok baseliza barruko ilunpetan eman beharko du beste urte betez.
Herriko plazan edo antzoki batean dantzan diharduguneko gogo eta ilusio berarekin dantzatzen dugu gure auzoetako jaietan ere. Testuingurua humilagoa izanda ere, gertutasun berezia dute auzoetako jaiek. Maitasunez antolatutako egun bereziak dira –ezin bestela–, auzotarren nortasuna berretsi eta bat egiteko balio izaten dutenak. Eibarren herriko auzoetako jaiez gain (Urki, Legarre, San Kristobal, Amaña) baditugu gurean eliza, baseliza edo santu eta santaren baten inguruan ospaturiko jaiak: Azitain, Arrate, Salbador (Otaola-Kiñarra), Santa Kurutz (Mandiola), Aginaga, Santiago (Goimendi-Azurtza, berez Elgeta)... Mendi arteko errepidea bezala, urteak joan eta urteak etorri agertzen eta desagertzen doazen jaiak dira gehienak ere; "beti" antolatze lanetan aritu dena erretiratzearekin batera itzaltzen direnak eta berriz auzora odol gazteak datozenean indarberriturik argi egiten dutenak.
Urteak dira auzo jai hauetako meza ostetan soka-dantzak ateratzeari ekin geniola garai batean edozein erromeri eta jai girotan ohikoa zen dantza moldea biziberrituz. Halaxe atera izan ditugu azken hamarkadan gizonezkoen sokak Azitaingo eta, aipatutako, Santiago elizen atarietan, eta emakumezkoena berriz Mandiola bailarako Santa Kurutzen, Santiago (uztailak 25), San Anton (urtarrilak 17) eta Santa Kurutz (maiatzak 3) egunetan urrenez urren (edo aste barrua jausiz gero hurrengo larunbatean).
Azkenengoz 2011an lotu genituen eskuak sokan Azitain aldean, Felix Bergarak jaiak antolatzeari utzi behar izan zion urtean hain zuzen ere. Goimendi auzoan aurten, auzoaren desegituraketak bultzatuta batez ere, urtetan auzotarrek osatutako soka eten egingo da eta Kiñarra aldeko Salbador baselizaren bueltan ere litekeena da aurten mezatarako kanpai hotsik ez entzutea.
Zorionez tunelak bi alde izaten ditu eta Mandiola-ballen Santa Kurutzeko jaiek osasuntsu diraute. Azitaingoa azkenengoz ospatzen zuten urte berean, sokaren gidaritza emakumeen eskuetara pasa zen eta nahigabe eta zoritxarrez –ala zorionez!– gure auzoetako soka-dantzaren ordezkari bakar bihurtu da. Ez dela kasualitatea esango luke batek baino gehiagok.
Sinbolikoki baino ez bazen ere, azken urteetan osatutako sokek ezin izan diote egoera gordinari aurre egin. Oinarri erlijiosoa duten jai eta ospakizunek sinisdunen gainbeheraren bide beretsua jarraitzen dute, eta baserrien zahartze eta hustutzeari lotutako errealitatea gehituz gero, nekazari giroetan inongo ospakizunik antolatzea diren mirari txikiak desagertuz doaz. Ez dakigu behin desegindako soka berriz lotzerik izango ote den. Guk badaezpadan arropa zuri-gorriak prest izango ditugu tokatzen denerako.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19