Dokumentuaren akzioak
Gorosta eta Mandiola hamargarrenaren lekuko
Aurten ere etorri eta joan dira inauteriak Eibarren. Azken hamar urteotan Koko-dantzek ekarri dute jaia herrira eta pasa den otsailaren 18an Gorosta eta Mandiolako bailarek izan zuten kokomarru, dantzari eta gainontzeko pertsonaia guztiak dantza eta kantuan ikusteko aukera.
Lau urteko zikloetako 3. bueltan sartuta, aurrean aipatutako bailaretan gora eta behera, baserriz-baserri, aritu ginen Kezkako dantzariek osatutako koko-kuadrila. Urtea joan eta urtea etorri, gainera, hango zein hemengo lagunak ere gehitu zaizkigu komitibara eta hauen laguntzaz jaia geroz eta handiago, ederrago egiten ari da. Eskerrik asko!
Eibar zuloan dago, bai, baina bertan egote horrek ematen dizkigu inguruko mendi eta bailarak eta horrela, zuloan hasi, aldapan gora eta behera ibili eta berriro ere zuloan amaitzen ditugu koko-dantzok; merkatu-plazatik mendian gora eta bailarotatik Eibarko kaleetara.
Horixe ba urteroko jarduna: dantza, kantua, jan-erana eta festa. Jardun horri hasiera goizean goiz eman genion aurten ere: 08:30etarako Merkatu plazan! Bertan bota zuen Don Eusebiok lehen txapligua eta agurtu genituen baserritik produkturik onenak ekartzen ditutzen baserritarrak ere.
Zuloa lagatzeko momentu iritsi eta bailarak zain genituen goizean goizeko ihintza urtzen hasi zenerako.
Azken urteetan hartutako martxari jarraituta taldearen erdia fungonetaz iritsi zen Gorosta zein Mandiolan urrutien gelditzen diren baserrietara. Horrela, ASua, Gisasola, Berretxinagoikoa, Ixua baserria, Ixua jatetxea, Nebera, Iturruagoikoa, Iturruabehekoa, Mandiolaginekoa, Mandiolazpikoa eta Arlaban egin dituzte bata bestearen ostean baina ez jarraian.
Izan ere, aurtengoan baserriko produktuak otarrean bezala sartu ditugu sabelean ere. Baserriotan hamarretako, hamaiketako eta hamabitakoak ere egin ditugu. Ederrak zeuden baserritarrek prestatutako odolostea, txistorra eta kroketak, besteak beste. Argi gelditu zaigu beste urte batez ere, ortuan bezain ongi moldatzen direla gure baserritarrak sukaldean!
Bestalde, koko-dantzetatik gehien gustatzen zaigun alderdietako bat gugandik hain hurbil baina batzuetan hain urrun dauden baserrietako bizilagunekin elkartzea eta elkar ezagutzea da. Dantzarako, kanturako eta berriketarako aukera izan ohi dugu eta asko izaten dira egun honetan bizitako momentu hunkigarriak: txikienen irribarreetatik hasi, gazteen indarretik pasa eta helduen istorioetaraino. Aurtengoan ere dantzan, irribarrez eta malko txikiren batekin ospatu dugu elkartzeko aukera.
Ibilbidea oinez egin zuen taldeak, aldiz, Orbetik gora hasi zuen jarduna, eta baita ondo hasi ere. Aldapan gora hasi eta hori berori abesten amaitu genuen lehenengo baserrian, Eskaregin. Bertako txikiak, Haritzek, panderoa esku artean hartu eta koko jantzitako guztiak dantzan jarri bait gintuen San Blas eta kafe artean gosaria egiten genuen bitartean!
Kontzertua gutxi ez eta amak egindako Burburixo erropak jantzita batu zitzaingun ibilbidera Haritz, hau bai fitxajea!
Hurrengo baserri guztietan, Eskaregin, Agirregainekoan, Agirreazpikoan, Azaldegigainekoan, Nagiorben, Nagiorbebekoan, Bonetan, Sagarbietan, Azpirin, Mandiolagainekoan, Mandiolazpikoan eta Asolaazpikoan harrera ezin hobea egin ziguten etxeetakoek. Porru, patata, sagardo, sagar, intxaur, gazta, txorixo, aza eta abarrak emateaz gain mahai gaina ere odoloste, salda, tortila, okela egosi zein San Blasez beteta eskaini ziguten eta egon ziren baita etxean egon ezin eta atarian janari poltsa ederra laga zigutenik ere! Eskerrik asko hamaikagarrenez Eibarko baserritarrei!
2017ko Koko-dantza hauetan Azpiri baserriko atarian elkartu ginen bi taldeak. Gertukoa dugun baserria da gainera eta jendetza batu zen bertan, hangoak eta hemengoak, denak dantzan, denak saltsan! Mahai inguru ederra jarri ziguten Azpirin ere eta denok bertan geundela Koko-marruen soka-dantza egiteko plaza ederra ikusi genuen. Baita taldeko argazkia ateratzekoa ere.
Fox-trotarekin hasi eta arin-arinarekin bukatzen duen koko-dantza, lotuan, sueltuan eta makila-dantzan egiten duguna, kalejirak eta kokomarruen soka-dantza izan dira orain arte koko-dantzen errepertorioko pieza nagusiak, baina aurten habanera ere gehitu zaio honi. Marian Arregik Pepe Andoain-i ikasitako Molinatxo habanerarekin koko-dantzak eta baserri inguruak paregabeko eszenatoki bilakatu zitzaizkigun pega-pega eginda Habana Eibarko alturetara hurbiltzeko.
Baserrietako lanak amaituta, eta zulo ederrera bueltan, atseden apur bat hartu eta indarrak berreskuratzeko parada izan genuen Unbe elkartean. Hor ere taldeko mallabitarrek ekarritako enpanadak eta salda tradizio bilakatzen hasiak dira jada! Atsedenerako tartea ez da luzea izaten eta konturatu orduko Eibarko kaleak zain genituen festa jarraitzeko.
19:00etan bildu ginen berriro ere dantza eta kantuari ein genion. Oraingoan baserri inguruetan paregabe lanean aritutako musikariei Mausitxak hartu zien lekukoa eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barrian aritu ginen koko-dantzak erakusten! Eibartar ugari bilbu izan dira hasieratik jai honen inguruan baina orain, lehenengo txapligua entzun eta koko-dantzetako lehen bertsoak entzun zirenetik hamar urtera, giroak hobera egin du! Zuri ere eskerrik asko Eibar eta uste askotarako Koko-dantzak!
Kolorez, inauteriz eta dantzaz jantzitako argazki gahiago ikusi nahi? Hona Fernando Retolaza eta Felipe Loiolaren koko-galeria:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19