Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Ezpata-dantzak jaialdia Eibarren

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantzak jaialdia Eibarren

2006/05/19 12:35

Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen 41. Euskal Jaiaren barruan, Ezpata-dantzen jaialdia antolatu du Eibarren Kezka Dantza Taldeak. Ezpata-dantzak jaialdi horretan Euskal Herriko zein atzerriko hainbat ezpata-dantza ikusteko aukera izango da. Bi egunetan izango dira emanaldiak. Maiatzaren 27an, larunbatean, eta maiatzaren 28an, igandean.

Euskal Herritik Deba, Beasain, Legazpia, Zumarraga, Markina, eta Eibarko ezpata-dantzak ikusteko aukera izango da. Euskal Herritik kanpoko hiru ezpata-dantza izango dira Eibarren: Flandriatik Antwerpen-eko ezpata-dantza, Frantziatik Dunkerqueko ezpata-dantza eta Kantabriatik Ruiloba herriko ezpata-dantza.

Maiatzaren 27an, larunbatean, arratsaldeko 19.00etan, Eibarko Untzaga Plazan

  • Debako Gure-Kai dantza taldea: Debako San Roke dantza
  • Beasaingo Aurtzaka dantza taldea: Loinaz San Martin ezpata-dantza eta Sarian zunzun
  • Dunkerqueko (Flandria - Frantzia) In the Kring dantza taldea
  • Legazpiko Sustraia dantza taldea: Legazpiko ezpata-dantza
  • Antwerpen-eko (Flandria - Beljika) Dansgroep Lange Wapper
  • Kezka Dantza Taldea: Arrateko Amaren ezpata-dantza

Maiatzaren 28an, igandean, eguerdiko 12.30etan, Eibarko Untzaga Plazan

  • Debabarreneko dantzariak eta Ustekabe fanfarea: Inude eta Artzaiak Dantza taldeak: Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar) eta Txindurri (Ermua).
  • Zumarragako Irrintzi dantza taldea: Antioko ezpata-dantza
  • Dunkerke-ko (Frantzia) ezpata-dantzariak
  • Markinako Zerutxu dantza taldea: Xemeingo ezpata-dantza
  • Antwerpen-eko (Beljika) Dansgroep Lange Wapper (ezpata-dantzariak)
  • Danzantes de Ruiloba (Cantabria): Danza de la Virgen de Ruiloba

Hona hemen parte hartuko duten ezpata-dantzari taldeen jatorriaren mapa eta talde bakoitzari buruzko informazioa.

Dansgroep Lange Wapper (Antwerpen)

Antwerpen (Amberes espainolez) Flandriako, Beljikako eta Europako hiri garrantzitsua bat da. 450.000 biztanle ditu eta Europako portu handienetako bat du. Antwerpen-eko ezpata-dantza taldea 1958. urtean sortu zen. Taldearen helburua bere eskualdeko dantza eta musika tradizionalen bilketa zen. Denborak aurrera egin ahala, eta dantza tekniken ezagutzan sakondu ahala, Renaakt Van Craenenbroeck-ek, taldeko sortzaileetakoa izan zena eta taldeko gidariak, dantza sorta berri bat sortu zuen teknika eta musika tradizionaletan oinarrituta. Ezpata-dantzekin interes berezia erakutsi zuen Renaat Van Craenenbroeck-ek eta Europa eta Ameriketako hainbat ikertzailerekin kontaktuan izan zen. Hainbat tokitan ezaguna da Renaat Van Craenenbroeck ezpata-dantzen munduaz erakutsi zuen ezagutzagatik.

Gaur egun taldeak 50 kide ditu eta Dansgroep Lange Wapper-ek Europako hainbat jaialditan parte hartu du: Txekian, Kroazian, Danimarka, Ingalaterran, Frantzian, Alemanian, Italian eta Herbeheretan.

Antwerpen-eko ezpata-dantza

Antwerpse Zwaarddans 1970. urtean berpiztu zen eta Antwerpeneko katedralaren aurrean dantzatzen da. Ordutik urtero dantzatzen Garizuma erdiko igandean (Pazko igandea baino hiru aste lehenago). Dantzaren berpiztea hiriko agiritegietan aurkitutako datuetatik eta Pieter Bruegel pintorearen marrazki batetik abiatuta egin zen. Aztarna zaharrenak XII. Mendekoak dira eta Ertaroan eta hurrengo gizaldietan gazteak gizonen gizartean sartzen ziren erritoen parteetako bat izan daiteke.

In The Kring (Dunkerque)

Frantziaren iparraldean, Frantzian dagoen Flandriako eskualdeko hiriburua da Dunkerque edo Dunkirk. 70.000 biztanle ditu eta Beljikako mugatik 10 kilometrora dago. Aspaldikoak dira Dunkerquen jaso diren ezpata-dantzen inguruko aipamenak. Adibidez, ikertzaileek bildutako datuen arabera 1572 eta 1602 urteetan Dunkerquen ezpata-dantzak egin zirela jakin ahal izan da. Flandriako herri errepertorioetan toki berezia izan dute ezpata-dantzek luzaroan. Hainbat hiri eta herritan egiten ziren ezpata-dantzak, eta ezpata-dantzari taldeak zeuden Westhoeck-en, Frantzian dagoen flandriar eskualdean: Dunkerque, Hondschoote, Bollezeele, Socx, Lynck, Téteghem...

Orain 16 urte, 1990. urtean, Dunkerque-ko In de Kring taldeko ezpata-dantzariek Renaat Van Craenenbroeck-ek irakatsitako egitura erabili berregin zuten ezpata-dantza. Ordutik, urtero egiten da ezpata-dantza berriz Dunkerquen. Jean Bart plazan egiten da, inauterietako asteartearen ondoko bigarren igandean. Danborrak eta pifanoek lagunduta, txuriz jantzitako zortzi edo hamabi dantzarik egiten dute ezpata-dantza Dunkerquen.

Danza de las Lanzas de Ruiloba (Kantabria)

Kantabriako kostaldean, Santander-etik 43 kilometrora dagoen herria da Ruiloba. 700 biztanle dituen herri txikia da. Kondaira zahar batek dioenez, Velarde abizeneko Ruilobako kapitain ausart batek eskuratutako garaipena ospatzeko eta gogoratzeko sortu zen orain hainbat mende dantza hau. Flandrian zegoen Velarde izeneko kapitain hau, eta bere gudataldea erabat urrituta zuen izurritearen ondorioz. Remedioko Ama Birjinari promesa egin zion, etxera bizirik itzultzeko laguntza eskainiz gero haren omenez jai handiak antolatuko zituela. Halaxe gertatu zen, eta ordutik dantzatzen da Lantzen dantza Ruiloban. Irailaren 9an egin da dantza hau Ruiloban, Remedioko elizaren aurrean.

Dantzarien katearekin hasten da dantza, erritmo arinean, lantza sorbalda gainean dutela. Dantzarien zuzendariak, buruzagi makila eskuan, gidatzen du dantza. Kriskitiñen erritmoarekin jakinarazten dira dantzaren zati aldaketak. Lehen urratsak egin, lantzek egindako zubiaren azpitik pasa, gainetik salto egin, dantzaren erritmoa galdu gabe eta danborrari jarraituz hainbat mugimendu egiten dituzte lantzekin. Taldeko neskak pasatzeko arkua egiten dute lantzekin, eta bukatzeko, lantzak elkar gurutzatuz borobil konplexu eta ikusgarria osatzen dute, eta bertan altxatzen dute dantzarietako bat.

Gure-Kai Dantza Taldea (Deba)

Debako Gure-Kai Dantza Taldeak abuztuaren 16an, San Roke egunean, Debako jaietako egun handian egiten den ezpata-dantza aurkeztuko du. Gure-Kai taldea 1950eko hamarkadan sortu zen jaietako Umeen Egunera lotuta. Anes Arrinda eta Txaro Garate dira Gure-Kai taldearen sorrera eta urte askotako ibilbidean bultzatzaile izan direnak, eta Andoni Iriondo da taldeko arduraduna azken 15 urteetan. Ezpata-dantzaz gain Debako jorrai-dantza tradizio propioari eusten dio talde honek bere herrian.

Abuztaren 16an, goizean goiz atera ohi da ezpata-dantzari taldea eliza aurretik, eta San Rokeren omenezko prozesioan San Roke ermitarako bidea egiten dute, bidean zehar dantza eginez. Ermitan meza ospatu ondoren herrirako ibilbidean ere parte hartzen dute dantzariek San Rokeren irudiari bidea irekiz.

Aurtzaka Dantza Taldea (Beasain)

Aurretik urte asko lanean zeramaten “Goierri” eta “Salleko Adiskideak” taldeak elkartuta, 1979. urtean sortu zen Aurtzaka dantza taldea. Euskal-Herria puntarik punta ibilia, atzerrian ere eginak ditu hainbat emanaldi eta jira, hala nola Espainian, Eskozian (1981), Inglaterra, Gales eta Londonen (1981, 1983, 1985), Polonian (1984), Bretainian (1987), Hungarian (2004) eta Turkian (2005). Bere partaideek, bestalde, euskal dantzaren ordezkaritza eraman dute Italiako Reggio Emilia (1988), Kubako La Habana (1988) edota Frantziako Lyon-eko (1992) Nazioarteko Dantza-Jaialdi famatuetara. Gaur egun, Goierriko dantza ohitura eta tradizioekin lan egiten du nagusiki, bertako zenbait ohitura berreskuratu eta sustatuz.

Loinazko San Martin Ezpata-dantza eta banderaren agurra

Beasaingo Jaietan, Loinatz bigarreneko prozesioan lau bider dantzatzen dira bai Ezpata-dantza bai Banderaren Agurra ere. Lehendabizi Ezpata-dantza egin ohi da, eta ondoren Banderaren Agurra. Ezpata-dantzari taldea 13 dantzariz osatu ohi da gehienetan. Buruzagia aurrean eta beste 12 dantzariak jarraian, hiru ilaretan banatuta. Batzutan 16 dantzari ere izan daitezke. Dantza honetan ez dira ezpata handiak agertzen, dantzari guztiek bi ezpata txiki erabiltzen baitituzte.

Dantza noizdanik egiten den zehaztu gabe baldin badago ere, prozesioa 1628. urtetik hona egiten dela badakigu. Ezpata-dantza baten aipamena egiten duen agiri zaharrena 1808ko udal akta bat izan arren, lehenagotik ere egiten zela ziurtatu daiteke. Dakigula, 1846 urteko etena besterik ez du izan gaurdaino. Azpimarratzekoa da dantzarekin lotuta, Udalerriko banderarekin burutzen den agurra edo bandera-jokoa. Prozesioan bandera Loinazko San Martinen Kofradiak izendatutako pertsonak eramaten du eta santuaren aurrean banderaren agurra egiteko ardura izaten du. Ohitura hau ere, gutxienez 1857 urtetik hona ezagutzen da.

Sarian Zunzun

Neskatilentzako dantza hau, Resurrección María Azkuek Segurako Bonifazia Elortzaren ahotik jasotako sorgin-dantza baten aipamenetik sortua da. Haren esanetan, neskatila talde batek erratz banaren gainean jarrita hitz-joko bat behin eta berriz abestuz egiten zuten. Aitor Furundarenak musikatu eta Mikel Sarriegik Goierriko tradizioaren osagaiekin dantza-jolas moduan eraiki zuen AURTZAKA taldearen GOIERRIKO dantzen ikuskizunerako 2004. urtean.

Sustraiak Dantza Taldea (Legazpia)

Taldea 1975. urtean sortu zen, garai batean Legazpin zeuden Itxaropena (mutilen taldea) eta Umetxoak (nesken taldea) taldeetan haurrak zirenean aritutako gazteen eskutik. Legazpiko dantzari ohiekin hitz egin ondoren, Gipuzkoako Dantzak ikasten hasi ziren, hauen artean Legazpiko Ezpata-dantza. Dantzari ohi hauek 1941 eta 1942 urte bitartean Lorenzo Pujanarekin ikasitakoak ziren. Sustraiak Dantza Taldeak Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin elkar-lanean aritu da, adibidez nesken Soinu Zaharren berreskurapenean eta garapenean, Federazioaren antolakuntzan eta abarrean. Taldearen errepertorioan Gipuzkoako dantzek pisu handia duten arren, Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetako dantzak ere dantzatzen ditu.

Legazpiko ezpata-dantza

Legazpin Ezpata-dantza dantzatzen den aurreneko agiria 1601. urtekoa da, 1663. urtean Mirandaolako Miraria deklaratu zenean Maiatzak 3a Legazpiko Egun nagusia bihurtu zen, ordundik gaur eguneraino egun honetan Ezpata-dantza dantzatzen delarik. Mendeetan zehar koreografia ezberdinak izan dituen arren, dantzarien kopuruaren arabera, gaur egun arte iritsi denak bitxitasun bat du. Ezpata luzeekin ateratzen diren dantzariek buruzagi nagusia altxatzen dute, “parrilla” edota “Arrosa” izeneko figura burutuz. Figura hau Markina-Xemeinen burutzen den Ezpata Dantzaren berdina da, Europako beste herrialdeetan ere burutzen delarik. Aurten Sustraiak Dantza Taldeak Ezpata Dantza hau berreskuratu zuela 30 urte bete da, hau dela eta Santikutz Egunean, maiatzak 3an, ekitaldi berezia burutu da.

Irrintzi dantza taldea (Urretxu-Zumarraga)

Irrintzi dantza taldea 1967. urtean sortu zen eta beraz, datorren urtean 40 urte beteko ditu. Urretxu eta Zumarragako dantzariak biltzen ditu bere baitan Irrintzi dantza taldean. Euskal Herriko musika eta dantza tradizionala bildu eta erakusteko ahaleginean dihardu lau hamarkadaz Irrintzik. Orain aste batzuk Beljikan izan berri da Irrintzi dantza taldea, Lovainako folklore jaialdian hain zuzen ere.

Irrintzi dantza taldeak zintzo gordetzen dituen bere herriko dantza tradizioak. Uztailaren 2an Santa Isabel egunean eta abuztuaren 15ean, Andre Mari egunean egiten da ezpata-dantza eta soka-dantza Zumarragan.

Zumarragako ezpata-dantza

Santa Isabel eguna, egun handia da Zumarragan. Erromeria egiten da Antioko ermitan, eta ekitaldi nagusia Zumarragako ezpata-dantza da. Ezpata-dantzariak, txistulariak eta udal-batza, alkatea bera buru dela, oinez igotzen dira Antioko santutegira. Ezpata luzeekin bi lerro osatzen dituzte dantzariek, aurrean buruzagia dutela eta taldeaen atzean hiru azkendari, bina ezpata txikirekin.

Meza aurretik, ezpata-dantzari taldea sartzen denerako, eliza bete-beteta izaten da. Taldea aldare aurreraino hurbildu eta buruzagia da dantzatzen lehena. Ondoren azkendariek, banan-banan, belaunikatuta hasiko dute beren saioa eta ezpata txikien jokoarekin bukatu dute. Ezpata-dantzari taldeak elizatik atera eta ermitari kanpo aldetik itzuli bat egin ohi dio. Mezaren ondoren aurreskua egiten dute elizaren atarian eta segidan, berriz ere ezpata-dantza, baina oraingoan belaunikatu beharreko zatirik gabe.

Santa Isabel egunaz gain, abuztuaren 15ean, Andre Mari egunean, dantzatzen da Zumarragako ezpata-dantza, baina egun horretan herriko parrokian bertan. Ezpata-dantza egin ondoren, soka-dantza ere egiten da.

Zerutxu dantza taldea (Markina-Xemein)

Markinako Zerutxu dantza taldea 1965. urtean sortu zen. Felipe Amutxastegi, taldearen sortzaile taldekoa izan da luzaroan Zerutxuren arduradun nagusia eta haren eskutik Markinako dantza tradizionalak matendu ditu taldeak. Soka-dantza, Mahaigainekoa, Saragi-dantza eta Xemeingo ezpata-dantza dira Zerutxuk gorde dituen dantza altxorretako batzuk.

Markina eta inguruetako dantza tradizionalk erakutsiz Europako hainbat tokitan izan dira Zerutxuko dantzariak eta Beljika eta Ingalaterran ezpata-dantzen inguruan egin diren jaialdietan euskal ordezkariak izan dira hainbat aldiz.

Xemeingo ezpata-dantza

Irailaren 29an, San Migel egunez dantzatu ohi da ezpata-dantza Xemeinen, Arretxinagako San Migelen eliza ondoan. Markinan ezpata-dantzari buruz ezagutzen den daturik zaharrena 1610. urtekoa da, Gorpuzti eguneko ospakizunetan egindako ezpata-dantzak eragindako gastuak jasota baitaude kontu-liburuetan.

Kezka Dantza Taldea (Eibar)

Orain ia 50 urte, 1958. urtean sortu zen Kezka Dantza Taldea, Eibarko Klub Deportiboan batzorde artistiko-kulturala sortzea erabaki zenean. Gregorio Santa Cruz izan zuen lehen zuzendaria taldeak, eta Eibarko eta Euskal Herriko dantza tradizionalak bildu eta erakusten aritu da ordudanik taldea.

Eibarko dantza tradizioak sendotzeko ahalegin handia egin du Kezka Dantza Taldeak azken urteotan. 1994. urtean San Joan eguneko soka-dantza berreskuratu zuen eta ordutik ekainaren 24an egiten da Untzaga Plazan. Azken urtoetan auzoetan soka-dantzen tradizioa indartzeko ahalegina egin du Kezka Dantza Taldeak eta Azitain, Santa Kurutz eta Azurtzan egiten dira soka-dantzak urtean zehar.

Arrateko Amaren ezpata-dantza

Iaz, 2005ean Arrateko Amaren dantzak jarri ditu martxan Kezka Dantza Taldeak. Arraten, irailaren 8an egiten dira dantza horiek, eta besteak beste Arrateko ezpata-dantza egiten da bertan. Arrate eguneko meza nagusian egin ohi da ezpata-dantza eta ondoren prozesioan Ama Birjinari lagundu ondoren zelaian eskaintzen dira Arrateko Amaren dantzak.

Gipuzkoako ezpata-dantza du abiapuntuan Arrateko ezpata-dantzak. Iztuetak deskribatu, tradizioz gorde eta XX. mendean Goizalditik jasotako testigantzari Argia dantzari taldeak eta Juan Antonio Urbeltzek emandako berregitearen emaitza jaso du Eibarko taldeak. Abiapuntu horrekin, eta inguruko ezpata-dantzen tradizioak (Xemein, Legazpika, Deba, e.a.) kontuan hartuta eta iturri horietatik edanda plazaratu da Arrateko ezpata-dantza.

Debabarreneko dantzariak (Elgoibar, Ermua eta Eibar)

Elgoibarko Haritz, Ermuko Txindurri eta Eibarko Kezka dantza taldeetako kideen artean Donostiako Inude eta Artzaien konpartsa eskainiko dute Eibarko Euskal Jaian. Debabarreneko dantza taldeako 1990eko hamarkadan hasi ziren elkarlanean eta dantza ekitaldiak elkarrekin antolatzen. Elkarlan horren emaitzetako bat da negu partean egiten diren Plazara Dantzara erromeriak.

Inude eta Artzaiak

Kezkaren dantza eskolako ikasleek parte hartuko dute Txindurri, Haritz eta Kezka taldeetako dantzari helduekin batera Donostiako Inude eta Artzaien konpartsa honetan. Musika Ustekabe fanfareak jarriko du eta bera arduratuko da Raimundo Sarriegik sortutako inauterietako doinu ederrak jotzeaz.

Dokumentuaren akzioak

monica
2006/05/25 05:27

Realmente me parece una pagina excelente,muy clara la información.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com