Dokumentuaren akzioak
Euskal Jaia 2019 lagun artean
Euskal jai berezia izan da aurtengoa, ezberdina, baina ederra. Ez da hainbeste atzerritar izan herrian, ezin izan ditugu Euskal Herritik kanporako dantzen eta gureek dituzten atzekotasunak bilatu, baina Dugunako lagunek eta Kezka Dantza Taldeko kide guzti guztiek bete genuen plaza. Fernando Abanzabalegi ere gogoan izan genuen, Eibarko euskal jaia hainbat eta hainbat urtean posible egin zuena.
Urkizun batu eta kalejiran herrian gora egin genuen joaldun, dantzari eta musikari guztiok. Arragueta kaletik barrena, Errebal eta Toribio Etxeberria gurutzatu genituen Untzagara iritsi aurretik. Han geundela, Enrike Izagirrek egindako aurkezpenekin batera sartu ginen plazara dantzara. Lehenengo joaldunak, Dugunako dantzariak gero eta herriko dantza taldea azkenik.
Aspaldian dantza taldeak izan duen dantzari kopuru handienarekin egin genuen plazara salto Kezkako dantzariok. Dantza eskolako haur, gazte zein helduak eta taldeko dantzariok hartu bait genuen lehenengo jendez lepo zegoen plaza. Oraingoan Kontra-dantzen txanda izan zen. Binaka biraka, launaka erreberentziak eginez zein zortziko taldeetan katean helduta jira eta buelta ibili ginen denok.
Guztira hiru kontra-dantza egin genituen, Argia dantza taldearen kontra-dantzak oinarri hartuta batzuk, Argiari esker onez egunerako propio atondutakoa beste bat. Batetik, Marian Arregik sortutako doinuarekin Juan Antonio Urbeltzek prestatutako kadrila oinarri hartuta egindako egokitzapena egin genuen. Ondoren, Auritzeko karrika-dantzaren doinura Argiaren axeri-boda ikuskizunerako eta Dantza filmerako egindako kontra-dantzaren moldaketa. Azkenik, Kaleko Argia izeneko kontra-dantza. XVIII. mendeko kontra-dantza baten moldaketa da hau, Eibarko Euskal Jaian tradizio handikoa den Alakinkirrinera doinuaren laguntzarekin.
Dugunako musikari artistek jarri zieten musika kontra-dantzei eta lanean jarraitu zuten guk amaitu ostean ere, Iruñeko Duguna dantza taldeko dantza koloretsu eta biziak hasi zirenean. Sanfermin trokeo-dantzak aurkeztu zituzten lehenengoz Untzaga plazan. Uztaialren 7an, San Fermin egunez, eta uztailaren 14an, festen azken egunean dantzatzen dituzte trokeo-dantza eder eta ikusgarriak hain zuzen ere. Guztira zazpi dantzek osatzen dute zikloa,eta Eibarrera sei ekarri zituzten: sarrera-irteera egiteko paseoa, makila-txikien dantza, makila-handiena, brokelen eta ezpaten dantza, zinta-dantza eta arku-dantza.
Taldeon emankizunak amaiuta erromerian jarraitu genuen bazkal ordura bitarteko artea.
Arratsaldean, Dugunako musikariek osatzen duten Gathubi taldeak jarraitu zuen plaza girotzen, oraingoan Josu Garatek gidatutako dantzaldian. Arratsaldeko zazpiak arte jarraitu genuen denok Untzagan dantzan, ordu horretan itxi baitzen dantzaldia larrain-dantzarekin. Gero, 19:30ak aldera, Depor aurrean batu ginen denok Fernando Abanzabalegiri omenaldia egiteko. Eibarko Euskal Jaia antolatzen lan izugarria egindako pertsona izanik bertso, kantu, hitz eta dantza artean gogoratu nahi izan genuen Fernando. Dantzariok Fandago eta Arin-arina dantzatu genituen bere omenez.
Hona 2019ko Eibarko Euskal Jaiaren argazkiak:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19