Dokumentuaren akzioak
Euri jasaren biharamuna
Ezertaz konturatu orduko eurijasa izugarria daukagu plazan. Minutu erdian lepo beteta zegoen plaza erabat hustu da. Soinu ekipoa plastikoekin estaltzen saiatzen ari dira Jainaga, Narbaiza eta Ima. Haizeak eta euriak ia bota dute behera atzeko teloia. Eskerrak Soinuakoak erne zeuden eta berehala kendu dute. Eszenatokiko gaineko estalkia ere kendu behar izan dute Rotulbaskekoek. Ahal izan duguna baztertu eta korri egin dugu adinekoen egoitzako aterpera.
19.37. Blai, blai eginda gaude batzuk. Gertatu berri dena sinestu ezinda. Bost minutuan pikutara joan dira azken hilabeteetako prestaketa lan eta ensaio guztiak. Dantzari txiki eta ez hain txikien aurpegietan harridura, amorrua eta pena nahasten dira. Beste zenbaiten aurpegian ardura. Batez ere euriaren azpian soinu ekipoak dituztenengan. Ordu erdiz ez da egon aterpetik irtengo zenik. Halako batean hasi da atertzen. Gauzak ahalik eta txukunen bildu eta erretirada.
Azken urteotan ez genbiltzan suerte handiarekin eguraldi kontuetan. Soka-dantza, Plazara Dantzara eta inauterietan ohi (nahi) baino gehixeago egin digu euria, iazko Dantzari Egunean eguzki galdatan erre ginen ia, eta Arrateko Amaren dantzen Arrateko aurkezpenean goitik behera egin zuen euriak. Kupoa beteta geneukalakoan geunden. Tarte batean behintzat ez zitzaigula halakorik tokatzen. Iluso halakoak!
Dantza saio baten erdian (bete-betean gainera) gogoratzen dugun euri-jasa gogorrena erori zen ostiralean. Eta horrelakoak ez dira erraz ahazten.
Soinu ekipoak kalterik izan ote duen jakin gabe gaude oraindik. Horrez gain okerrik ez zen izan, eta beraz, hurrengoan pentsatzen hasi beharko dugu. Datorren larunbatean, ekainaren 24an, soka-dantza. Eguraldia -ejem- lagun.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
Zorte on, larunbatean!