Dokumentuaren akzioak
Erakusketa: Koko-dantzak eta Kaldereroak Eibarren
Besteak beste, Fernando Retolaza, Felipe Loiola eta Iñaki Zugastiren argazkiak aurkitzen ditugu zintzilik, tarteka kalderero eta koko-dantzen inguruko gora behera edo azalpenen bat jasotzen duten testuek lagunduta.
Kaldereroak
1932. eta 1935. urte bitartean kaleratu ziren Kaldereroak Eibarren lehen aldiz. Danba kuadrillako 20 gazte inguru ziren, Eibarko Orfeoiko partaideak gehienak. Arrakasta haundia izan zuen ekimenak. Halakoa eze, gerrateak ekarri zuen eten luzea gainditu eta orduko ohiartzunak gogoratuz, 1991an hasi zela Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldea ohitura berreskuratzen. Garai hartan Kezka dantza taldeko arduraduna zen Pablo Uribetxeberriak askotan entzuna zien guraso eta eibartar nagusiei gerraurreko Eibarko kaldereroen berri. Kantuak ere gogoratzen zituzten askok. Kezka dantza taldeko gurasoei laguntza eskatu eta Arantza Arrietarekin batera ideia martxan jarri zuten, mende erdi geroago. Gaur arte. Kontuak ondo egin baditugu behintzat, datorren urtean 25. aldiz aterako da Eibarko kaldereroen konpartsa kalera.
Koko-dantzak
"Aratuste asteburuaren aurreko larunbatean, 2008ko urtarrilaren 26ean, koko-dantzari eta koko-marru konpartsa bat plazaratuko du Kezka dantza taldeak eta baserriz-baserri Arrate inguruko hainbat txoko bisitatuko ditu." Hauxe genion hementxe bertan orduko haretan. "Eibarren plazaratuko ditugun koko-dantzari eta koko-marruak bertakoak dira, bereziak eta nortasun propioa dutenak, baina aldi berean inauteriaren izpiritu tradizional eta europarrean oinarrituak eta testuinguru horretan bete-betean txertatzen direnak." Eta horrela gorpuztu genituen mamarruak, burburixuak, masustak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, Arrateko Ama-Birjina, Martin Perratzailia, sasi-kartia… eta koko-dantzarixak eta euren makil-jokoa. San Martinetatik hasita Karnabaletaraino, neguko jaietan ohitura izaten da kuadrillatan baserriz baserri eskean ibiltzea. .:“Aginaldoa”, “hamarrekoa”, “Puska biltzea”, “oilasko biltzea”, “arrautze-arrautze”, “santa eskea” eta horrelako izenekin ezagutzen dira erronda hauek. Eibarren Koko-eskean aritzen gara.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19