Dokumentuaren akzioak
Dantzak estali zuen euria 2016ko dantzari egunean
Euskal Jaiko eguraldiarekin nahiko ez eta berriro ere euria, berriro ere aterpe bila, baina berriro ere pozik eta gogoz plazaratu genituen Euskal Herriko zenbait txokotako dantzak Kezka dantza taldeko dantzariok. Txiki, gazte eta heldu, abarketak eskuetan hartuta iritsi ginen ekainaren 17an Legarreko frontoira, euritik babestu gintuen eszenatoki inprobisatura.
Ohikoa denez Untzaga plaza dantzaz betetzea nahi genuen, eta azken momentura arte zerura begira ibili gara aurtengoan ere. Baina azken urteotan euskal meteorologiak emandako eskarmentua kontuan izanda "B plana" prest izan dugu aurtengoan: Legarreko frontoia. Aulkiak frontoiko ezker paretari begira bueltan jarrita dantzarientzako plaza ederra sortu genuen erdian eta bertara hurbildutako jendea arduratu zen giroa berotzeaz. Jende ugari batu zen inguruan.
Dantzariak iritsi ahala eskuan eramandako oinetako lehorrak jantzi eta taldeka bata bestearen atzean argazkiak egin genituen lehenengo, horren ostean dantza eginez eta hau ikusiz gozatzeko asmo irmoz.
Dantzari-dantzaz zabaldu zuten ekitaldia 2001 eta 2002an jaiotako dantzariek. Urkizun, Letra galegoen jaian, dantzari-dantzako zenbait zati plazaratu bazituzten ere, Eibarko dantzari egunean erakusti zuten sorta zabalagoa izan zen. Honela, agintariena, banangoa, ezpata-joko nagusia eta txotxongilo egin zituzten.
Jarraian taldeko txikienen txanda iritsi zen. Hiru dantza eskiani zituzten kalejiran eta txalo zaparradak lagunduta erretiratu aurretik: Luzaideko lehenego kontra-dantza, Uztaritzeko Marmutx eta Alunenul errumaniarra.
Arabarako jauzia egin genuen gero. 2005ean jaiotakoek Eltziegon, Villabuenan eta Ekoran egiten diren dantzak ekarri baitzituzten Legarrera. Sarrera eta irteerak Eltziegoko kalejira edo "pasacalle"-arekin egin zituzten eta plazan, aldiz, Ekorako Bertzijanako Ama Birjinaren katearen dantza eta Villabuenako El Culo dantza erakutsi zituzten.
Eta Arabatik Lapurdira. Makilak eskuan zituztela, gona luze eta loradun koroaz dotore jantzita eta Kaskaroten martxaren erritmora egin zuten 2004an jaiotakoek plazara sarrera. Makil ttipia eta makil handia dantzatu ostean jauzi batekin amaitu zuten erakustaldia: Antxoriz izeneko jauziarekin hain zuzen ere.
Andoainen eta Adunan egiten dute axeri-dantza. Zenbait pasarte dituen dantza da honakoa eta 2007an jaiotako neska mutilek hauetako zenbaitzuk erakusti zizkiguten: Paseoa, aitarena, orratzarena, ollentiarena, paseoa, perra-jartzea eta dorrea. Dantza alaia da axeri-dantza eta honela dantzatu zuten gaztetxoek ere, alai eta indartsu!
Iñude eta artzaiak ohikoak dira Eibarko dantzari-eguneko errepertorio zabalean. Aurten 2008an jaiotakoek erakutsi dizkigute hauen dantzak. Salto eta algaraka panpinak airean gora indarrez bota zituzten dantzariek. Aurrera eta atzerako zubiak ere makil artean pasaz txukun-txukun burutu zituzten.
Kostaldeko dantzen inguruan jarraitu genuen 2006an jaiotakoekin. Irribarrea galdu gabe, Kaskarots, fandango eta arin-arina eta Ondarruko saliña-saliña dantzatu zituzten makilaz zahagia jo eta kantuan egiten zuten bitartean.
Koloredun girnaldaz jantzi zen ondoren Legarreko frontoia. Lanestosan arku-dantza edo Danza de Varas delakoa egiten dute, abuztuaren 5ean, Elurretako Ama Birjinaren egunean eta 2005ean jaiotako mutikoek hori berori ekarri zuten Eibar aldera. Jira eta bira dantzatu zuten mutilek, arkuen gainetik, azpitik, albotik eta bestaldetik jauzika aritu ziren Gora biribilketaren erritmora.
Xemeingo ezpata-dantza dantzatu zuten 2003an jaiotako neskek. Lerroetan firme, parrila gainean ere ondo eutsi zuten kapitaina azkendariak lanean ari ziren bitartean.
Eta honakoekin nazioarteko dantza iritsi zitzaigun plazara. Boskote ederra osatzen dute 2004, 2003 eta 2002ko mutilek, eta Ingalaterratik zuzenean, Rapper dantzak ekarri zizkiguten. Euskal Jaian, Ezpalak jaialdian, ikusi ahal izan genituen Rapper-ak Untzagako oholtzan, baina etxekoak ez ziren atzean gelditu dantzaren ikusgarritasunari dagokionean.
Arrateko dantzak ere ohikoak gure plazetan. 2000 urtean jaiotakoak oraingoan protagonista. Arrateko hiru trokeo dantzetatik bi ikusteko aukera izan zen dantzrai egunean: Makil-handiena eta brokel-makilena. Datorren urtean Arrateko Amaren kofradiako dantzari izateko aukera zabalduko zaie Kezkako dantza eskolako talde nagusienari eta hauen fin ibili dira, aurretik etxeko lanak eginda.
Emanaldiaren amaierara aldera iritsita, Kezkako nagusien taldeak Gipuzkoako brokel-dantzako zenbait dantza eskaini zituen. Boastitzearekin ekin genion dantzari eta makil handiena eta uztai txikienarekin jarraitu genuen. Txalo zaparrada galanta igarri genuen dantzariok lanak amaituta, eskerrik asko bene benetan bertara hurbildu zineten guztiori!
Emanaldia borobiltzeko dantzari guztiek batera hartu genuen plaza. Kezka Dantza Taldeko 160 dantzaritik gora batu ginen urte osoko lana erakusteko egun ederrean. Musikariak ere fin ibili ziren beraien jardunean. Aurten Iñaki Barua, Amaia Baglietto, German Ereña, Ekhi Zugasti, Andoni Urbieta, Jose Migel Laskurain, Andoni Altzibar, Unai Narbaiza eta Adolfo Jainagak osatutako talde ederrak jarri gintuen dantzan. Eskerrik asko zuei ere eta hurrengo urtera arte!
Hona Josu Garate, Amaia Rodriguez eta Felipe Loiolak ateratako argazkien sorta zabalago bat:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19