Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Eibarko Dantzari Eguna 2014

Dokumentuaren akzioak

Eibarko Dantzari Eguna 2014

2014/06/23 13:00

Euskal Jaiak grisetik agurtu bagintuen, Dantzari egunak zeru urdinak eta beroak gordeak zizkigun. Arratsaldean Untzaga Plaza behar bezala atontzeko lanetan gero dantzan baino izerdi gehiago bota zuenik bada!

Arratsaldeko 19:30etan genuen zita Untzaga Plazan dantzariok publikoarekin. Itzalak erdizka gordetzen zituen oraindik harmailak eta jendea alde horretara pilatua zen eguzkiari ihesean. Bien bitartean, 150 dantzari inguru prest zeuden; jantzi eta konplementu guztiak txukun-txukun soinean eta urduritasuna aurpegietan. Hauxe da urtean zehar landutakoa erakusteko unea, ez dago besterik. Orduak joan joaten dira Portaleko dantza gelan batzuetan gogotsu eta bestetan alfergura usainaz, baina plazara ataratzeko unea iritsita denek ere ahalik eta ondoen nahi dute erakutsi beren burua. Ez du inork nahastu nahi, eta esan nahi da beraz, oro har txikienek ere badakitela ikasitakoa zuzen egitetik oker egitera bereizten. Nagusitxoagoek berriz, txikienen xalotasunik gabe, ez dute horrekin bakarrik konformatu nahi eta hanka ahalik eta goren altsatzen ahaleginduko dira, edo salto handiago ematen, edo urratsa ahalik eta zehatzen markatzen.

Musikariek aurretik eginak zituzten soinu frogak. Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza soinu txikia eta panderoarekin; txistu eta danbolinekin Andoni Altzibar, Roberto Altzerreka, Amaia Baglietto eta Jose Miguel Laskurain, eta hauen ondoan Iñaki Barua atabalarekin; Jose Miguel bera eta Joselu Angulo gaitari putz egiteko prest eta haueri erritmoa markatuz German Ereña danborraz. Gutxi gorabehera txikienetatik hasi eta nagusienetara joan ohi da emanaldia; 2007an jaiotako neska-mutilengandik hasi eta 1999an jaiotakoenganaino aurtengoan, eta taldeko lanak ixteko berriz nagusien taldea.

Esan bezala txikienek eman zioten hasiera dantza jaialdiari. Irakasleak erreferentzia moduan lurrean jarrita zeudela festarako hiru dantza eman zituzten: iturria, alunelul eta kalejira. Hasi eta amaitu; ez da gutxi!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0735_IZ

Atzetik Abaltzisketa eta Lizartzako dantzen doinu eta kolorez jantzi zuten plaza 2006an jaiotakoek: Abaltzisketako txantxoen kalejira eta makila-dantza, Lizartzako inauteri dantzan lehenengoa eta bigarrena eta kalejira batez berriz agur esan zioten saioari.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0775_IZ

2005koen txanda iritsita, lehendabizi neskek, erratz txiki bana hanka tartean zutela Beasain aldetik ekarritako sarian zunzun dantzatu eta abestu! zuten bixi bixi. Jarraian mutikoek ordezkatu zituzten Lapurdiko dantzekin dotore-dotore jantzita: Kaskarot martxa plazatik sartu-irtenak egiteko eta tartean makil-ttipi, marmutx, eta xinple ikusi ahal izan genituen.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0812_IZ

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0836_IZ

Urte bat nagusiago diren neskatilek kresal usaindun kaskarots, fandangoa, arin-arina eta saliña-saliña dantzatu zituzten. Azken orduko ume baten faltan irakasleak berak dantzatu behar izan zuen umeekin. Irribarrerik ez zen falta izan talde haretan!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0867_IZ

2004 eta 2003ko mutikoek bat eginik dantzatu zituzten Durangaldeko dantzari-dantzako ezpata joko txikia, banangoa, eta txotxongiloa. Hemen nagusietako batek osatu zuen taldea. Banakako beharretan non ezkutaturik ez eta bakoitzak zituenaren onenak emanda, dantzari txiki dohaintsurik ere ikusi ahal izan genuen. Ea datozen urtetan haien ibilbide dantzariaz gozatzeko moduan gauden!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0914_IZ

Atzetik, gaita doinuek lagunduta, nesken txanda iritsi zen berriz ere. 2003an jaiotakoek Arabako zenbait pieza dantzatu zituzten: Eltziegoko kalejira, Ekorako kate-dantza, Eltziegoko arbola eta kalejira berriz. Eltziegoko arbolako adarretan zintak esekitzen izan zuten lanik bai; baita lurretik jasotzen ere eusten zegoenak!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0960_IZ

Neska-mutilak elkarrekin ikusi ahal izan genituen neskatxen soka-dantzan. Soka koloretsu eder baten atera ziren plazara denak eskutik helduta neskatxen esku-dantzaren doinura. Jarraian, aurresku eta atzeskuen punta-motzeko lanak bukatuta, taldeka erdira irten ziren batzuek ormatxulo eta besteek txakolin soinu-zaharrak egiteko. Berriz denak sokara sartuta abarketak dantzatu zituzten sartutako doinuarekin erretiratu aurretik.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0973_IZ

2000an jaiotako nagusitxoagoek Lapurdiko fandangoa dantzatu zuten Jainagaren trikitiak lagunduta. Koreografia bukatu ostean aurpegietako kolore gorrituek dantzaren bizitasuna erakusten zuten eta egindako ahalegina, noski!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1019_IZ

Mutilik ez adin hauetan eta urte bat zaharragoko neskek zuri-gorriz jantzita irten ziren erdira Arrate egunez egin ohi ditugun trokeo-dantzetako bi ematera. Bi kapitainen hasierako zortzikoen ostean, taldeak makil-txiki eta brokel-makilena dantzatu zituen; Arrateko Ama pozik geldituko zela seguru gaude!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1062_IZ

Itzalak harmaila osoa hartua zuenean nagusienen unea heldu zen. Cortes-ko paloteadoko dantzak egiteko lau talde zortzikoak! Kalejira izeneakoarekin atera ziren bi lerrotan 32 dantzariak baina hiru gelditu ziren plazan paloteado I edo balsa egiteko. Atzetik bi taldek trenzado doble izeneko zinta-dantza egin zuten. Egia esan, bietako batek ahal-eginera baino ez zen iritsi, dantzaren erdi ingurura nahastua eta korapiloa askatu ezinik gelditu bait zen. "Zuzeneko kontuak" esan izan ohi dute! Berriz ere hiru talde plazaren erdian zirela paloteado II edo jota ere deiturikoa ikusi ahal izan genuen; estu hartzen zaituen dantza indartsua bukaerako arnasestuek erakusten zuten bezala.Cortes-ko kalejira doinuaz erretiratu ziren dantzariak sartu ziren antzera.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1161_IZ

Jaialdiari agur esateko dantzari guztiok plazara atera ginen kalejiran eskutik helduta Untzaga plaza geure eginez.

Eskerrik asko dantzari, irakasle, dantzari guraso, anai-arreba eta lagun guztiori, batzuok plazan eta besteak harmailetan, denon artean halako egunak posible egiten ditugulako, dantzak bizi gaituen seinale!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1222_IZ

Hemen Iñaki Zugastiren argazki sorta.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com