Dantzaren sokan lotuta Otxandion

2021/09/17
Dantzaren sokan lotuta Otxandion

Dantza, musika eta bertso, programa ederra antolatu dute Otxandion Urduri dantza taldeak eta Iurretako dantzariek. Soka-dantza gainbeheran dagoela sumatzen dute Durangaldean eta balioan jartzeko jaialdia antolatu dute irailaren 4an. Pozik hartu dugu gonbidapena Kezka dantza taldean. Zer esanik ez "kartela" ezagutu ahala piztu digun ilusioa: Bermeoko Alkartasuna, Iruñeko Duguna, Iurreta, Durango, Berriz eta Garaiko dantzariak, Gari Otamendi, Carlos Sagi eta Ander Blasco musikariak, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga bertsolariak, Josu Zabala musikari eta akuilaria... 

Ander Blasco, Gari Otamendi eta Carlos Sagi. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Plaza eder bat herri dotorearen erdian

Otxandio distiratsu dago. Etxe, kale eta plaza, txukun eta dotore ageri zaizkio bisitariari eta herriaren erdian, udaletxe txiki bezain politaren parean plaza eder-ederra. Eszenatokia, eserlekuak, ingurua hesituta aforoa neurtzeko, soinua.... dena prest dute antolatzaileek iritsi garenerako. Dantzarako atondu, instrukzioak jaso eta prest gaude dantzarako. Hasi da jendea plazara hurbiltzen.

Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Sokaren erregelak

Eserleku asko daude plazan eta zalantza dugu beteko diren, baina antzematen da dantza-jaialdien gosea dagoela eta Otxandio eta hango eta hemengo ikuslez betetzen hasi dira aulkiak. Herrikoez gain Durangaldea, Zarautz, Baztan, Oñati edo Santurtzitik iritsitako dantza-zaleak ezagutu ditugu ikusleen artean. Plaza ia betetzen duten ikusleei Miren Soloeta eta Eneko Abasolo "Abarkas"-en ongi-etorria eskaini ondoren, Bizkaiko gaiteroen pieza batekin hasi da jaialdia. 

Bizkaiko gaiteroak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Erregelen deia jo du Alex Agirrebeitia txistulariak eta Durangoko eta Berrizko bina dantzari plazaratu dira. Andoni Urtiagak eta Aritz Lasargurenek dantzatu dituzte aurreskuaren erregelak eta Gorka Otaduyk eta Ixone Aromak atzeskuarenak. Durangaldeko dantza-kode zahar eta konplexua dantzatzeko estilo eta tankeren aberastasuna hasi da plazaratzen.

Erregelak, Berriz eta Durangoko dantzariak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Soka-dantza, Berriz eta Durangoko dantzariak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Iurreta, durango, Garai eta Berrizko dantzariak. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc by-sa

Norbanakoa taldean

Talde estilo bateratua eta norbanakoaren nortasuna uztartzeko moduaz lezio paregabea eskaini digu Duguna dantza taldeak eskainitako soka-dantzan. Pandemiak hainbat talde kinka larrian jarri badu ez da hori Dugunaren kasua, belaunaldi gazte eta ederra loratzen ari baita beteranoen sokara eskuz esku helduta.

Soka-dantza, Duguna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Soka-dantza, Duguna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Soka-dantza, Duguna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

 

Duguna dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc by-sa

Bertsotan ere aurreskua eta atzeskua kontzeptuak erabiltzen direla kontatu zigun behin Eñaut Agirrek. Bidea ireki batek, errematatu besteak, bertsoaren erregeletan duten trebetasunaz gain, euskal dantzarekiko duten gertutasuna agertu dute Miren Amurizak eta Unai Iturriagak, Josu Zabalak soinuaz lagunduta.

Josu Zabala, Miren Amuriza, Unai Iturriaga. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Neurrian sartzeko Kezka

Hamar minutuko mugan sartzeko kezkaz aritu gara entseguetan. San Joan eguneko soka-dantzan ohikoa dugun tankeran, eskutik helduta eta elkarri eskutik tiraka egin dugu plazarako sarrera. Maskarapean arnasari buelta emateko astirik gabe dantzatu dute desafioa aurreskuak eta atzeskuak.

Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

San Joan zortzikoaren doinura puntu-jolasean aritu gara gero, bakarlarien eta talde osoaren aldairak tartekatuz. Urduri dantza taldeko bi dantzariri agurra eta Aita San Migel dantzatu ondoren zubiri-zubiri atera gara plazatik.

Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.
Soka-dantza, Eibarko Kezka dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Kezka dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Jonander

Oinak dantzan, ipurdia geldi

Gari Otamendi, Ander Blasco eta Carlos Sagi, hiru musikari handi, mundua dantzan jartzeko musika armatzat daukatenak. Arrabita, esku-soinu, alboka eta pandero, euskal tradizioko dantza-doinu ederrak eskaini dituzte. Ikusleen oinak eta ipurdiak geldi egon ezin sumatzen ziren, baina sorbalda, esku eta buru baino ezin dantzatu gaurkoan.

Ander Blasco, Gari Otamendi, Carlos Sagi, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak 100 alargunen dantza ekarri du Otxandioko plazara. Itsasoak eramandako arrantzaleen doluz irradakan dantzatzen dira, Thierry Biskariren kantan oinarritutakoa, Uxue Alberdiren hitzak eta Patxi Labordak mazurka erritmora koreografiatuta.

Ehun alargunen dantza, Bermeoko Alkartasuna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Ehun alargunen dantza, Bermeoko Alkartasuna dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Alkartasuna dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc by-sa

Mazurkaren malenkoniari beste mazurka batek eman dio erreleboa, bigarren hau Gari Otamendi, Ander Blasco eta Carlos Sagi hirukotearen eskutik, eta eserita bada ere, hainbat hanka dantzan ari dira dantza bihurrian. 

Erregela bihurriak eta zortziko erregularrak

Durangaldeko erregelen bigarren txandan Garaiko Unai Etxeita eta Eneko Sarrigoitia, eta Iurretako Eñaut Aiartzaguena eta Maitane Totorika aritu dira aurresku eta atzesku lanetan.

Erregelak, Garaiko dantzariak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Erregelak, Iurretako dantzariak, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Alex Agirrebeitian txistuaren doinura erretiratu dira horiek eta sartu da plazara Otxandioko Urduri dantza taldeko soka. San Pedro zortziko ederra dantzatu dute errementarien omenez.

Soka-dantza, Urduri dantza taldea, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Urduri dantza taldea, Soka-dantzen ekialdia, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Urduri dantza taldea, San Pedro zortzikoa, Soka-dantzen ekialdia, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.
 
Urduri dantza taldea. Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC by-sa

Azken soka, segitzeko bultzada

Segidan jaialdian parte hartu dugun talde guztietako bina dantzarik osatutako sokak hartu du plaza. Bizkaiko gaitarien jo eta guztiek batera dantzatu dituzte jota eta porrua, eta Otxandioko txistularien azken kalejirarekin borobildu da jaialdia. 

Soka-dantzen ekialdia, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.

Otxandioko garbitoki zaharrean prestatu gara dantzariak eta garbitokiaren azpialdean bildu gara dantza-ostean afal-mokadurako. Bai goxotasuna eta berotasuna otxandioarrek eskaini digutena. Dantzari, dantzazale eta musikariz beteta Otxandio, afalosteko giro ederra ez dugu berehalakoan ahaztuko. Dantza-festarik gabeko denboraldi luze eta idorraren bukaera izan ote da Otxandiokoa? Hala bedi.

Soka-dantzen ekialdia, Otxandio, 2021-09-04. Argazkia: Arkaitz Bengoa.