Dokumentuaren akzioak
"Dantza" filmaren aurkezpena eta estreinaldia Eibarren abenduaren 26an
Donostiako Zinemaldiaren sekzio ofizialean eskaini ondoren, egunotan estreinatzen da zine aretoetan Telmo Esnal-ek zuzendu duen Dantza (2018) filma. Eibarren abenduaren 26an Coliseo antzokian izango da aurkezpena eta estraineko emanaldia. Telmo Esnal zuzendariarekin batera pelikularen ekoizpenean parte hartu dutenetako batzuk izango dira aurkezpenean, hala nola Juan Antonio Urbeltz koreografoa, Marian Fernandez ekoizlea, eta pelikulan parte hartu duten Kezka dantza taldeko dantzariak ere.
Dantzaren bidez bizitzaren ziklo bat izan daitekeen istorio bat kontatzen du Telmo Esnalen pelikulak. Juan Antonio Urbeltzek euskal dantzarekin landutako mundu sinbolikoan oinarritzen da istorio hori. Koldobika Jauregi artista plastikoa arduratu da jantzi eta atrezzoen diseinuaz eta estetikaz eta Javi Agirre (Handia-rekin Goya irabazitako) da filmeko argazki zuzendaria.
Dantzaren bidez kontatutako istorioa
Dantzaren bidez narratu du kontakizuna Esnalek, eta beraz, dantzariak dira istorioa gorpuztu dutenak. Argia dantzari taldearen gidaritzapean hainbat taldetako dantzariak aritu dira, eta horien artean izan dira Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Ermuko Txindurri eta Debako Gure-Kai dantzari taldeetako dantzariak ere. 2017 urtean zehar egin ziren filmaketa nagusiak, eta besteak beste Ezkio-Itsason, Arantzazun, Leitzan, Zarautzen edo Belchiten (Aragoa) egin dira grabaketak.
Kezkako dantzarientzat esperientzia berria eta berezia izan da, dantza-errodajeen gogortasuna ezagutzeko aukera ere izan dute, filmaketa sesio luze eta nekagarrietan maiz, baldintza gogorretan ere zenbaitetan, besteak beste Arantzazu, Baltzola edo Zarauzko grabaketetan pasa zuten hotzarengatik. Errodajeekin batera filme baten ibilbidearen zenbait atal eta Donostiako Zinemaldian izan duen plazaratze glamourosoaz gozatzeko aukera izan dute Kezkako dantzariek Telmo Esnalen filmaren bidez.
Zehazki Eider Agirrebeña, Miren Hazas, Josu Garate, Ainhoa Larrañaga, Amaia Rodriguez, Egoitz Blanco, Enrike Izagirre, Jone Lahidalga, Amaia Visus, Jone Saez, Luken Aranburu, Maddi Alberdi, Maider Altzibar, Maider Otaola, Maitane Fariñas, Naroa Arrizabalaga, Maite Gonzalez, Nagore Fernandez, Oihane Llorente, Olaia Gabirondo, Oier Araolaza, Izar Araolaza, Ekain Araolaza, Olaiz Agirrebeña eta Unai Txurruka dira filmean parte hartu duten Kezka dantza taldeko dantzariak.
Abenduak 26, estreinaldia Eibarren (Sarrerak)
Datorren abenduaren 26an, asteazkena, arratsaldeko 20:30ean Eibarko Coliseo antzokian estreinatuko da Eibarren Dantza filma. Sarrerak 5,50€ (4€ Coliseo lagunentzat) prezioa dute eta zuzendari eta parte hartzaileetako batzuk bertan izango dira, aurkezpena egiteko. Abenduaren 26ko aurkezpen eta estreinaldirako sarrerak (5,50€) erosteko bi modu daude:
- Coliseoko txarteldegian bertan egun eta ordutegi hauetan: abenduaren 21ean, ostiralean 17:30-19:30 bitartean; abenduaren 22an, larunbatean, 16:00-16:30 eta 17:15-18:15 bitartean; abenduaren 23an, igandean, 16:00-16:30 eta 17:15-18:15 bitartean; abenduaren 26an, asteazkenean bertan, 20:00etatik aurrera.
-
Internet bidez sarrerak abenduaren 21ean 17:30etatik aurrera erosi ahal izango dira lotura honen bidez.
Abenduak 28, 29 eta 30eko emanaldiak
Ondoko egunetan, Dantza filma Eibarren egun hauetan eskainiko da Coliseo antzokian:
- abenduak 28 ostirala, 20:30ean (antzokian, areto handian)
- abenduak 29 larunbata, 17:00 (2 aretoa)
- abenduak 30 igandea, 17:00 (2 aretoa)
Emanaldietarako sarrerak ostiralean, abenduaren 28an, 17:30ean jarriko dira salgai, bai antzokiaren leihatilan bertan, eta baita Internet bidez bidez ere.
****Eguneratzea, 2019-01-04*****
- Urtarrilak 5, larunbata, 19:45
- Urtarrilak 6, igandea, 17:00
- Urtarrilak 7, astelehena, 20:30
****Eguneratzea, 2019-01-10*****
Harrera beroa izaten jarraitzen du Dantza filmak eta hirugarren astebururako ere programatu da Eibarko Coliseo antzokian, emanaldi bakarra bada ere:
- Urtarrilak 13, igandea, 20:00etan
****Eguneratzea, 2019-01-17*****
Laugarren astez Eibarko Coliseo antzokian ikusi ahal izango da Dantza filma. Asteburu honetako pasea hauxe:
- Urtarrilak 19, larunbata, 17:00etan.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19