Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Dantza gaitezen biharamunik ez balego bezala

Dokumentuaren akzioak

Dantza gaitezen biharamunik ez balego bezala

Dantza gaitezen biharamunik ez balego bezala

Entsegua, Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Entsegu bakoitza tarte baterako azkena izan daitekeen sentipenarekin ari gara bizitzen. Baina ari gara. Dantza osasuna dela sinesten badugu, nola utziko diogu dantzatzeari osasunaren izenean? Gakoa neurriak hartzean datzala sinetsita gaude, dantzari eutsi, baina babes neurri guztiak beteta. Dantzan kutsatze arriskua ahalik eta txikiena izatea da helburua, beraz, arauak betetzeaz gainera, ahalik eta modurik seguruenean aritzeko neurriak hartzea. Hauxe da guk egin duguna:

  • Espazio handiago bat alokatu dugu, talde handiak zatitzeko eta bertan elkarren artean distantzia handiagoa bermatzeko.
  • Protokoloa ezarri dugu, gehienezko edukiera, sarreran gel hidroalkoholikoarekin garbiketa, distantziak, e.a. guztiak zehaztuz.
  • Maskarak darabiltzagu jarduera osoan. Badakigu zenbait testuingurutan intentsitate handiko gorputz ariketa egiterakoan baimenduta dagoela maskara kentzea, baina ez dago argi dantzan hori baimenduta dagoen, eta gainera, ez du zentzurik arrisku handieneko unean ―arnasketa areagotzen zaigunean maskara kentzeak. Babes-neurriez ari bagara, hain zuzen ere une horietan da beharrezkoena musukoa jantzita izatea. 
  • Aireztapen oso ona dugula ziurtatu dugu. Espazio berriak atetzarra du eta osorik altxatzen dugu, eta kalera ematen duten beste bi ate ere irekita izaten ditugu. Gainera altura handia du lokalak, 5 m inguru. Dantza-gela ongi aireztatzen dela ziurtatzeko CO2 neurgailua darabilgu. Neurgailuak 800 ppm-ko langa gainditzen ez duen bitartean adierazten digu gela ongi aireztatzen ari dela. Kopuru horretara iritsiko balitz entsegua bertan behera utziko genuke. Atzo, entsegua hasi aurretik 415 ppm markatzen zituen CO2 neurgailuak. 15 dantzari ordubetez gorputz ariketa bizian aritu ondoren daturik altuena 587 izan da.

 

Kezka entsegua 2020-11-02
CO2 neurgailua Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Dantza taldea dantza eskolan

Araudiek ez dute dantza taldeez hitz egiten. Dantza jarduera kirolaren ala hezkuntza ez-arautuaren zakuan sartu behar zen erabaki ezinda ibili gara, baina Kezkaren dantza eskola osoa ume eta heldu artean 15 talde  hezkuntza ez-arautua dela kontuan hartuta, eta dantza taldearen jarduera dantza eskolakoaren oso antzekoa denez irakasle batek gidatzen ditu entseguak eta dinamika dantza eskolako ikasgelen ia-berbera da―, ba erabaki dugu dantza taldea dantza eskolan integratzea. Beraz, dantza taldeko kide guztiok matrikula orriak bete ditugu eta ikasturte honetan dantza eskolako beste ikasgela bat izatera pasatu gara.

Eusko Jaurlaritzaren urriaren 26ko dekretuan, arautu gabeko prestakuntza-zentroak aipatzen ditu 8. puntuan eta bertan dioenez, horietan ikasketa-jarduera "presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonaren mugara bitarte. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den". Horixe da beraz, aplikatzen ari garen araubidea.

Kezka entsegua 2020-11-02
Entsegua, Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Azken dantza hau

Agian bihar bukatuko dira gure entseguak. Agian etzi. Nietzschek esana da galdutzat eman beharko genukeela dantzatu ez garen egun bakoitza. Dantza gaitezen bada, biharamunik ez balego bezala.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com