Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Bero-bero Dantzari Egunean

Dokumentuaren akzioak

Bero-bero Dantzari Egunean

2005/06/20 14:21

Meteorologoek iragarri bezala eguzkiak errukirik gabe jo zuen larunbatean. Eibar futbol taldearen azken partida erabakigarriarekin ez bat egiteko eguerdian egin genuen Eibarko Dantzari eguneko saioa, eguzki galdatan zegoen Untzaga plazan.

Plazako beroa bera gutxi balitz, Jainaga trikitilaria etxetik etorri zen bero-bero, gaixorik eta sukarrarekin. Goizean altxatu zenean zuzenean ospitalera joan beharrean Untzaga plazara etorri zen, dantza saioan soinua jotzera. Eguzkia erasoka, bere burua gaixorik, baina hala ere, bukaerarte eutsi zion Adolfok, eta denok jarri gintuen dantzan bere soinuarekin. Gero korrika ospitalera. Eskerrikasko Adolfo!

Kezkako txistulariek ere serio demonio jardun zuten lanean. Azken bi asteak gogorrak eta bete-beteak izan dira beraientzat. Aspaldiko urteetako errepertorio luze eta konplexuena egokitu zitzaien, eta tartean Jose Miguel Laskuraienek Arrateko Amaren dantzetarako prestatutako doinuak. Ez da erronka makala izan. Azken asteotan urduritasunak eta presak agertu dira, baina azkenean fin-fin borobildu dute saioa Andoni, Barua eta Felixek. Eskerrikasko hirukote!!

Hasteko, inude eta artzaiak

Kezka dantza eskolako talde bakoitzak 5-10 minutuko dantza saioa eskaini du. Guztira 100 ikaslek parte hartu dute dantza saioan. Ikasturtean egindako lana erakusteko aukera izan dute eskolako ikasleek. Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako dantzak nabarmendu dira aurtengo emanaldian. Hona Eibarko Dantzari egunean eskaini den dantza-egitaraua:

  • Inude eta Artzaiak
  • Nafarroa Behereko inauteriak
  • Kaskarots
  • Durangaldeko dantzari-dantza
  • Irri-dantzak
  • Gipuzkoako dantzak
  • Neskatxen esku-dantza
  • Arrateko Amaren dantzak
  • Zazpi jauzi

Arrateko dantzak

Arrateko Amaren dantzen aurrestreinua ere egin dugu noski. Beroa, nerbioak ere bai, baina oro har aurreikusi bezala atera zen emanaldia. Ikusleen aldetik harrera beroa izan duela esan liteke. Hotza izateko baldintzarik ez zegoen behintzat.

Ezpata-dantza eta makila txiki dantza aurkeztu ditugu. Horiek dira aurtengo Arrateko Amaren egunean dantzatuko ditugunak. Hemendik irailera bitartean dantza horiek finkatu, zuzenketa batzuk egin, eta atseden hartzeko astia dugu.

Baina oporrak hartu aurretik baditugu beste lan batzuk. Adibidez, datorren ostiralean, ekainak 24, San Joan eguna eta beraz, soka-dantza Eibarren.

Eibarko Dantzari Eguneko argazki gehiago Kezka dantza taldeak flickr gunean duen txokoan aurki ditzakezue. Egin klik hemen eta hor ikusiko dituzue.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com