Dokumentuaren akzioak
Asteburua Arraten
Irailaren 7an, ostiralean iritsi ziren aurtengo Arrateko jaiak, eta iritsi bezala joan ziren hilaren 9an, igandean, Kofradia Egunarekin. Asteburu betea izan da aurtengoa; ostiralean bertso-afariarekin hasi eta igandean baserritarrekin bazkaltzen bukatu arte, herri-kirolak, musika, bertsolariak, herri krossa, gaupaseroak... eta nola ez, hau dena borobiltzeko Arrateko Amaren dantzen 3. edizioa. Ez zen jai-girorik falta izan Arrateko zelai gainean!
Arrate egunean, goizean goiz iritsi ginen denok ohi bezala Arrate gainera. Lanbro artean ezkutatzen ziren azken gaupaseroak eta nahiz eta hasiera batean kezkati egon eguraldiarengatik, azkar uxatu zituen gure ardurak eguzkiak. Heldu bezain pronto janzten hasi ginen, ondoren taldeko argazkia atera eta zuzen-zuzenean Meza nagusira sartzeko prest jarri ginen. Konsagrazio ostean, Usartza txistulari bandaren doinuetara dantzatu zuten Jaunaren aurreko ezpata-dantza aurtengo bi gonbidatu bereziek: Jokin Otamendik eta Jexux Larreak. Fernando Aristizabal aurtengo hirugarren gonbidatuak ez zuen Arratera etortzerik izan ondoezik zebilelako, beraz, hurrengo urteren batean espero dugu Arrate gainean. Josu Garatek gidatzen zuen ezpata-luzeen taldea eliza barruraino sartu zen, zubi pare bat egin eta bi azkendariek Jaunaren aurreko ezpata-dantza egin ostean denok eliza atarira prozesiorako prestatzera.
Prozesioa Arrate egunean eliz ataritik gurutzeraino eta buelta izan ohi da. Gurutzean, Eibarrera begira jarri eta Salbea kantatzen da. Aurten ia ahaztu zitzaien abadeei, baina azkenean ohitura bete zuten. Berriz ere eliz atarira itzuli, eta oraingoan lau gonbidatuek, ezpata-dantza eskaini zioten amabirjinari. Jendez leporaino bete zen eliza eta eliz ataria, eta ezpata-dantzariek harro igo eta jeitsi zituzten ezpatak han bildutakoen txalo zaparraden artean.
12:30ak pasata hasi
genuen
emanaldi nagusia Arrateko zelaian. Ordurako jende andana zegoen han
bildurik
talo eta txorizo usainen artean. Dantzariok zelaian sartu ahala,
jendea alboratzen hasi zen dantza egiteko tokia utziz. Usartza
txistulari banda Iriarena doinuarekin hasi bezain pronto
ezpata-dantzarekin ekin genuen saioa. Lau azkendariak: Iñaki
Arregi, Mikel Sarriegi, Jexux Larrea eta Jokin Otamendi
dantza-maisuak; ezpata-luzeen buruzagi Josu Garate eta buruzagi
makilarekin Oier Araolaza. Ezpata luzeak: Aiert Ibarbia, Ainhoa
Lendinez, Aintzane Uriguen, Amaia Goenaga, Amaia Mutiloa, Amaia
Recio, Ander Fernandez, Ane Sarasketa, Ane Urresti, Aresatz Usobiaga,
Ekhi Zugasti, Eneritz Ganboa, Enrike Izagirre, Gaizka Arrizabalaga,
Haritz Arrieta, Harkaitz Urreta, Hiart Zugasti, Irati Carballo, Irati
Kortabitarte, Irune Orueta, Izaro Gerrikagoitia, Jon Lizarralde,
Joseba Aranzabal, Julene Usobiaga, Leire Orbegozo, Luken Aranburu,
Maialen Araolaza, Malen Ulazia, Oier Ibarbia, Oihane Llorente, Olaia
Gabirondo, Olaiz Agirrebeña, Roberto Altzerreka, Unai Agirre,
Unai Lizarralde, Zuriñe Torre eta Abel Iriondo. Egun osoan gogoan izan
genuen Maitane Castillo, hain gogoan gurekin izan zela ziur gaudela.
Zelaiko emanaldia 13:30ak inguruan bukatu genuen. Tartean Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak burutu genituen: makila txikiena, makila handiena eta brokel-makilena ere. Bazkalostean, Arrateko Amaren dantzarien kofradiaren akta irakurri eta gonbidatuei eskerrak eman ostean, ohi bezala liburuan sinatzearekin amaiera borobila eman genion egun handi honi. Jai giroak ordea ez zuen gauerarte bukaerarik izan...
Hurrengo egunean, Kofradia Egunean Enrike Izagirrek eta Josu Garatek Arrateko ezpata-dantza eskaini zuten berriz ere Arraten bertan. Meza barruan dantza egin ostean, kanpoan, eliz atarian berriz ere Arrateko ezpata-dantza dantzatu zioten Ama Birjinari.
Argazkiak ikusteko hona
hemen Felipe Loiola, Arantza Uriguen, Iñaki Zugasti eta
Maialen Araolaza gure paparazzi propioek atera zituzten
argazki sorta ederra. Hemen berriz Kofradia Egunekoak.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19