Dokumentuaren akzioak
Arrateko dantzak 2016: Kronika
Eguna iritsi aurretik beldur ginen, irailaren 8 iritsi aurreko astea zeruari begira pasa genuen; beldur ginen euriak eta eguraldi txarrak ez ote ziguten bisita egingo Arrate egunean ere. Baina ezustean, ateri iraun zuen eguerdira arte, eta ezpata-dantzak zein trokeo-dantzek azken urteotan bezala hartu zuten goiz horretan Arrateko zelaia.
Ohi bezala, meza nagusian, Arrateko amaren aldare aurrean izaten zuten urteko gonbidatu bereziek lehenengo agerraldia egiteko aukera. Fin ibili ziren Leire Leza eta Julen Fagoaga iruindarrak, Duguna Dantza talde laguneko kideak.
Iruñeko gonbidatuekin batera, iazko biek osatu zuten azkendarien laukotea. Aitor Sorazu azkoitiarra eta Karmelo Angiozar berriztarra izan dira berriro gure artean, 2015eko Arrate egunez biak min hartuta joan ziren etxera, eta dantza-lanak nahi moduan ezin amaitzeak utzitako arantzatxoa kendu dute aurten, eta bai ondo kendu ere. Leire Leza eta Julen Fagoaga, Duguna Iruñeko dantzari gonbidatuen aita-ponteko, beraien taldeko zuzendari eta Arrateko dantzarien kofradiako kide den Aritz Ibañez aritu zen.
Euri-arriskua zegoela eta, prozesioa gurutzera egin beharrean elizaren inguruan egitea erabaki zen. Itzulia egin eta elizako atarira bueltatuta lau azkendariek, Arrateko ezpata-dantza dantzatu zuten irudiaren aurrean.
Elizakoen ostean, atseden motza izaten dugun dantzariok ezpata-dantza zelairatu aurretik. Beroketak egin eta nork bere lekua hartutakoan, 12:30etarako, ezpata-dantzako talde osoa, Usartza Txistulari Taldeko Enrike Montero, Asier Castelos, Ainhoa Urkizu eta Iñaki Orbegozo kideen lehen notekin batera zelairatu ginen, Josu Garate buruzagi genuela. Gonbidatuei, gainera, beste lau azkendari gehitu zitzaizkien: Ander Garitagoitia, Eider Agirrebeña, Miren Hazas eta Luken Aranburu, hain zuzen ere.
Zelaiko sarrera eta lehen zubiak eginda, Aitor Sorazu, Leire Leza, Julen Fagoaga eta Aritz Ibañez-ek hartu zuten Gipuzkoako ezpata-dantza dantzatzeko ardura.
Segidan, zezenaren doinura, bi zintzarri antolatu ziren eta segidan parrilla gainean altxatu genituen Josu Garate eta Oihane Llorente maisu-maistra-zaharrak. Biak goian zeudela, azkendari guztiek, zortziek, Arrateko zortzikoa dantzatu zuten haien inguruan, ezpata txikiak buruzagien altuerara jarriz.
Parrilak deseginda, korrika hasi eta zubia osatzen diegu azkendarieri. Ezpata-dantzari taldea txistularien oholtza azpian pilatu eta buruzagiren batek aurrealdea hartzen duenean hasten dira trokeo-dantza. Makil-txikienak, makil-handienak eta brokel-makilenak osatzen dute Arrateko trokeo-dantzen sorta eta hauetako bakoitzean buruzagi batek ekiten dio dantzari. Aurten Aitor Sorazu izan da kapitaina lehenengoan, Karmelo Angiozar bigarrenean eta Leire Leza aldiz, azkenengoan. Taldeak honela osatu ziren:
- Makil-txikiena: Maier Fernandez, Naroa Arrizabalaga, Amaia Gorrotxategi, Irati Egiguren, Jone Amuategi, Olatz Mandiola, Maddi Alberdi eta Idoia Lahidalga.
- Makil-haundiena: Luken Aranburu, Egoitz Blanco, Oier Araolaza, Oihane Llorente, Oier Ibarbia, Josu Garate, Unai Txurruka eta Ander Garitagoitia.
- Brokel-makilena: Eider Agirrebeña, Idoia Lahidalga, Maitane Fariñas, Jone Saez, Miren Hazas, Ekhi Zugasti, Amaia Rodriguez eta Olaiz Agirrebeña.
Trokeo-dantzen ostean ezpata-dantzako taldea berriro ere osatuta uzten dugu zelaia dantzariok eta aurten ere horrela egin dugu, pausua tinko irten gara zelatik. Jarraian etorriko da besarkadetarako, berriketarako eta aldatzeko unea, aurten bazkaltzeko ere balio izan digun "kolonian" bertan.
Egunean bertan dantza egindakoez gain, kofradiako beste zenbait kide eta dantzaren inguruko beste gonbidatu batzuk ere batzen zaizkigu bazkaltzera eta ondo bete genuen jangela, tripa bezala. Ostean dantza eta kantuan ikusi gintuen jangela hark, tartean, aurten zendu den Angelo Iriondo gogoan hartuta.
Hamar urtez ezpata-dantza egin dutenak dantzariok bularrean daramagun zilarrezko domina jasotzen dute, hitz eder eta kideon txalo artean. Aurten Olaia Gabirondo, Oihane Llorente eta Ekhi Zugasti izan dira hamar dantzaldien kopurura iritsi direnak eta bere domina jaso dutenak beraz.
Honela, lehengoak eta berriak dantzan eta kantuan gogora ekarrita amaitu genuen Arrate eguneko tradizioa, ez, ordea, azken dantzaldi eta gerri mugimenduak Zelaiko kontzertuan egin aurretik, noski.
Taldeko argazkia 2016 (egin klik argazkian bertan handiago ikusteko):
- Goiko ilaran ezkerretik eskuinera: Luken Aranburu, Maialen Araolaza, Joseba aAranzabal, Aber Iriondo, Oihane Llorente, Arkaitz Urreta,Ekhi Zugasti, Oier Ibarbia, Unai Txurruka, Esther Kareaga, Andoni Iriondo, Igor Baroja eta Enrike Izagirre.
- Hurrengo hilaran ezkerretik eskuinera: Ander Garitagoitia, Maier Fernandez, Idoia Lahidalga, Amaia Rodriguez, Olaiz Agirrebeña, Izaskun Alberdi, Maitane Fariñas, Irati Kortabitarte, Miren Hazas, Olaia Gabirondo, Eider Agirrebeña, Jone Lahidalga eta Ainhoa Larrañaga.
- Hirugarren hilaran ezkerretik eskuinera: Jexux Larrea, Maite Gonzalez, Egoitz Blanco, Anartz Fernandez, Nagore Fernandez, Endika Arrillaga, Naroa Arrizabalaga, Maddi Alberdi, Amaia Gorrotxategi, Irati Egiguren, Jone Amuategi, Jone Saez, Olatz Mandiola eta Ane Sarasketa.
- Beheko ilaran ezkerretik eskuinera: Jon Iruretagoyena, Aitor Sorazu, Leire Leza, Josu Garate, Julen Fagoaga, Karmelo Angiozar, Aritz Ibañez eta Oier Araolaza.
2016ko Arrate eguneko argazki gehiago ikusi nahi?
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19