Dokumentuaren akzioak
Arrateko Amaren dantzak bosgarrenez
Bosgarrenez egin dugu bai, 2009ko irailaren 8an, Arrate eguna Arraten eta Arrateko Amaren dantzak bere jaiotetxean. Bi gonbidatu berri: Garikoitz Otamendi añorgarra eta Aritz Ibañez iruindarra. Gazteak izanagatik dantzari eskarmentu handikoak eta beraien taldeetan maisu eta zuzendari lanetan ari direnak. Bakarlarien laukotea osatzeko, aurreko urteetako bi gonbidatu, bere garaian min hartuta, bakarlari lanak dantza egin gabe geratu zirenak, penaz handiz, baina orduko zorrak kitatzera pozik etorri zaizkigunak: Mikel Legorburu elgoibartar donostiartua eta Egoitz Krutxaga galdakoztarra.
Ohi bezala goizean Arratera igo, dantzari jantziak soinean jarri, taldeko argazkia egin eta 11.00etako meza nagusian lehen ezpata-dantza egiteko prestatu ginen. Ezpata-dantzako lau lerroetatik bi sartu ohi dira barrura, lauentzat estuegia baita elizako pasiloa. Urtero sesioak izaten ditugu, gehienek nahi baitute barrura sartu. Aurten barruko lerroak sartu dira, eta beraz, hori apuntatuta uzten dugu hemen, eta norbait akordatu dadila datorren urtean kanpokoei tokatzen zaiela (gero etorriko dira batzuk aurten kanpoko lerroetan eta datorren urtean barrukoetan tokatu zaiela, eta bla, bla, bla...).
Eliza jendez lepo, baina txistulariek Iruñako diana jotzen hasi orduko bidea irekitzen da eta barruraino sartu ziren dantzariak. Aritz Ibañez eta Garikoitz Otamendik egin zuten barruan Arrateko ezpata-dantza.
Meza bukatuta, prozesioa antolatu eta gurutzea eta kandelen ondoren dantzariak. Gero txistulariak eta ondoren Ama Birjina, lau izkinetan lau dantzari azkendariak dituela. Ondotik abadeak, udaleko ordezkariak eta herritarrak.
Gurutzera bidean lehen atsedena (eta ezpaten zubia) lautadotxoan, ondoren, aldapa igo eta gurutzera. Eibarrera begira jarri eta Salve-a kantatzen dute abadeek eta kantua ezagutzen duten herritar apurrek. Dantzarien artean urteroko asmo onak: "datorren urterako ikasi behar dugu!!".
Elizara itzultzean izaten dira jende-pilaketak eta estuasunak. Ama Birjina eliza atarian dagoela, Arrateko ezpata-dantza egin zioten lau azkendariek.Ama Birjina elizara, eta dantzariak zelaira.
Behin prozesioa amaituta izaten da dantza emanaldi nagusia zelaian. Bertan egin genituen Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak. Eguraldi bikaina eta ikusleak ere ari dira ikasten nondik nora ibiltzen den taldea, eta gero eta hobeto moldatzen gara dantzarako tokia hartzeko.
Trokeo-dantzak egiteko probalekuan antolatu genuen taldea. Aritz Ibañez-ek dantzatu zuen makila txikien dantzako buruzagi-zortzikoa, Egoitz Krutxagak makil handien dantzakoa eta Garikoitz Otamendik brokel-makilena.
Bukatzeko, ezpatak hartu berriz, eta ezpata-dantzako taldearekin erretiratu ginen. Gero bazkaria ederra Krabelin hotelean, bazkalostean akta jaso zuen Enrike sekretarioak Arrateko dantzarien kofradiaren liburuan eta behin liburua sinatuta, beste modu bateko dantzek hartu zuten txanda Arrateko zelaian.
Dantzariak Arraten 2009an: Oier Ibarbia, Ander Garitagoitia, Joseba Aranzabal, Unai Agirre, Leire Orbegozo, Aiert Ibarbia, Irune Orueta, Miren Baranguan, Luken Aranburu, Enrike Izagirre, Roberto Altzerreka, Ane Sarasketa, Hiart Zugasti, Anartz Fernandez, Nagore Fernandez, Amaia Rodriguez, Ekhi Zugasti, Maialen Araolaza, Esther Kareaga, Mikel Goitia, Eider Agirrebeña, Olaia Gabirondo, Irati Kortabitarte, Izaskun Alberdi, Harkaitz Urreta, Oihane Llorente, Jon Lizarralde, Ainhoa Larrañaga, Eneritz Ganboa, Olaiz Agirrebeña, Malen Ulazia, Irati Carballo, Egoitz Krutxaga, Aritz Ibañez, Garikoitz Otamendi, Mikel Legorburu, Oier Araolaza, Josu Garate.
Txistulariak: Enrike Montero, Elena Perez, Asier Castelos, Iñaki Orbegozo (zelaian jo zuen laukotea), Jose Miguel Laskurain, Jose Luis Perez Sarasketa, Mireia Astiz, German Ereña.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19