Dokumentuaren akzioak
Abiatu da tradizio berria
Goizean goizetik euria izan genuen Arrate egunean. Goizeko 11.00etarako jantzi eta dantzarako prestatu ginen. Taldeko argazkia egitera irteteko asmoa geneukan, baina euriak ez zuen atsedenik hartzen. Udalekuan aldatu ginenez, azkenean, udalekuko balkoian bertan egin genuen argazkia, siri-miria ere testigu.
Ondoren elizarako bidean hartu genuen. Abarketak bustitzen hasi ziren dagoeneko. Arrate eguna zela nabaria zen, jendea gora eta bera zebillen eta, baina normalean baino askoz gutxiago. Eliza ordea lepo beteta zegoen. Taldea prestatu, eta konsagrazioaren ondoren sartu ziren ezpata-dantzariak barrura. Lau lerroetatik bi sartu ziren, ez baitago denentzat tokirik. Meza nagusia bukatzerakoan euriak goitik-behera ari zuen eta prozesiao bertan behera geldituko zela argi zegoen. Ama Birjina elizako arkupeetara atera eta hantxe bertan egin genion dantza. Orduan bizi izan ziren eguneko estuasun handienak. Ezpata-dantzarien lau lerroek nahikoa lan izan zuten jende artean tokia egiten eta Ama Birjinaren aurrean lau ezpata-dantzariak geratu zirenean argi ikusi han ezinezkoa izango zela zabal-zabalean jarrita dantza egitea, jendea gain-gainean baitzuten. Bi aurrean eta bi atzean jarri eta lehenego urratsen hasi zen jende piskat gehiago zabaltzen. Erdi-ilunpetan, bata bestearen gainean eta erdu-bultzaka, dantzarako egoera egokiena ez zen izan hura, baina bai denontzat beroena eta hunkigarriena.
Ama Birjina elizara itzulita zelairako aurreikusita zeuden dantzak egiteko zein aukera ote zeuden aztertzen hasi ginen. 12.30etarako iragarrita zeuden dantzak zelaian, baina ez genuen presarik eta aterrune tarte baten zain egon behar bagenuen ez zegoen arazorik. Baina 12.30ak puntuan aterrunea iritsi zen, zelaira joan eta bertan egin ahal izan genituen aurreikusitako dantzak: Arrateko Amaren ezpata-dantza eta makila txikien dantza.
Zelai huts samar zegoen baina aterruneak eutsi ahal eta dantzariak hara eta hona zebiltzala ikusita, poliki poliki jendea inguratzen joan zen multzo ederra osatuz. Usartza Udalaren txistulari taldea prest zegoen eta Jose Miguel Laskurainek prestatutako doinu sorta jotzen hasi ziren. Iriarenaren doinuekin plazaratu zen dantza taldea. Iruña Dianarekin Josu Garatek zuzendutako taldea hiru zubi egin ondoren lau azkendariak (Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegi gonbidatuak, eta Enrike Izagirre eta Oier Araolaza etxekoak) aurrean geratu ziren lehenengo ezpata-dantza egin zuten.
Ondoren zezenaren doinuak lagunduta zintzarria egin zuten ezpata-luzeekin buruzagiaren lepoaren inguruan eta gainean jarrita altxatu zuten. Arrateko Amaren ezpata-dantza egin zuten lau azkendariek eta buruzagiak eta berriz ere zintzarria desegin zen.
Korrika saio azkar batekin ganbara prestatu eta azpitik pasaz erretiratu ziren lau azkendariak. Taldea bere tokira itzuli eta makila txikien dantza egiteko prestatu zen. Iñaki Arregik egin zituen buruzagi lanak Arrateko makila txikien dantzan eta ondoren 24 dantzarik egin zuten makil-jokoa. Ezpata luzeak elkarri eman eta taldea osatuta, Iriarenarekin erretiratu ziren Arrateko Amaren dantzariak.
Krabelin jatetxean egin genuen Arrateko Amaren dantzarien bazkaria. Bazkalostean Arrateko Amaren dantzarien kofradiaren sortze akta irakurri zuen Enrike Izagirrek. Dantzari eta gonbidatu guztiek sinatu genuen ondoren liburuan. Aurtengo bi gonbidatuei Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegiri beren parte hartzea eskertzeaz gain Arrateko Amaren dantzarien domina eman zitzaien. Dantzen prestaketa lanean eta Arrateko Amaren dantzen sorreran nahitaezko eragina eta laguntza eman duten Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi ere Arraten izan ziren estreinaldia ikusten eta beren ekarpena eta laguntza eskertzearekin batera domina eman zitzaien.
Igandean, Arrateko Kofradia eguna ospatzen zen eta bi dantzarik egin zuten ezpata-dantza meza nagusian eta prozesio bukaeran.
Aspalditik zetorren Arratek Amaren jai egunean dantza egiteko tradizioa baina aurten dantza zehatz batzuk ezarri eta tradizio berria abian jartzen ahalegina egin dugu. Datorren urtean errepertorioa osatu eta tradizioa finkatzeko ahaleginak egingo ditugu. Hau hasi baino ez da egin.
Argazki gehiago eta tamaina handiagoan ikusteko Kezkaren flickr-eko txokoan begiratu dezakezue.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19