Dokumentuaren akzioak
60 urte ondoren Euskal Jaiak dantzan jarraitzen du

Eibarren Euskal Jaia 1965ean abiatu zutenean, pentsatuko al zuten 60 urteren buruan horren beharra izango zela? 2025eko Euskal Jaian bizi izan dugun festa eta komunitate ospakizun giroak berretsi digu baietz, Euskal Jaiaren beharra dugula orain ere. Gizartea aldatu da, Eibar aldatu da, eta Euskal Jaiaren funtzioak aldatu dira, baina eibartarrok frogatu dugu beste behin urtean astebetez besterik ez bada behar ditugula kaleak hartu eta euskal kulturarekin, euskal musika, kantu eta dantzak eskaintzen digun gozamenarekin berotu zenbaitetan hain "hotz" gertatzen zaizkigu kaleak.
Kalez-kaleko giroa
Txistu eta trikitixa doinuek, kantuak eta dantzak busti ditu maiatzaren 25ean larunbatean Eibarko kaleak. Eibarko txistularien eta trikitilarien kalejirek goizetik arratsaldera girotu zituzten herriko kale nagusiak. Toribio Etxebarrian artisau eta baserritar azokarekin batera, herri kirol erakustaldia izan da, bertsolarien jardun eta taloen usainez zipriztinduta.
Duguna-Kezka gazte-trukea
Iruñeko Duguna dantza taldearekin martxan dugun gazte-truke programaren baitan, Duguna eta Kezkako gaztetxoen emanaldia izan dugu Deportibo aurrean. Soka-dantza, trokeo-dantzak, ezpata-dantzak, fandango, arin-arin, jauzi eta kalejira, ikusle ugari batu ziren gaztetxoen dantzekin gozatzera.
Bentazaharreko mutiko alaien kantu-jira eta kantu afariarekin musika, kantu eta kalejiran jarraitu du larunbatak ordu txikiak arte.
Sorgin-dantza ez da sorginen dantza
Igande goizean, Urkizutik Untzagara ohi bezala kalejiran etorri dira txistulari, gaitero, trikitilari eta dantzariak eta ikuslez betetako harmailek txaloz egin diete ongi-etorria deneri. Dantza jaialdia hasteko Kezka dantza taldeko dantzari gaztetxo eta hain gaztetxoek Oriako Sorgin-dantza egin dute Kezkako txistularien doinura. Sorgin-dantza esaten bazaio ere, ez du zerikusirik akelarreetako sorginekin eta bikote arteko jokoa du dantza honek oinarrian.
Oriako sorgin-dantza esaten zaio, Lasarte-Orian gorde zutelako beste toki batzuetan galdu zen bitartean, baina esaten dutenez Bergaratik joandako langileek eraman zuten Oria aldera eta Antzuolan ere dantzatzen da. Garai batean Mutrikun edo Zarautzen ere dantzatzen omen zen. Ez bakarrik Euskal Herrian, Europako beste hainbat tokitan, Norvegian, Frantzian, Katalunian eta abar, dantzatzen da doinu hori antzeko jokoak eginez. Hain zuzen ere, orain urte batzuk, 2013an, Euskal Jaiaren baitan antolatuako Ezpalak jaialdian horrelako hainbat adibide ikusteko aukera izan genuen. Kezkako dantzari txiki eta handiek plazaratu dute sorginen dantza ez den sorgin-dantza.
Arkaitz, Gipuzkoako dantzen ordezkari
Tolosako gaitero eta Urolako ttuntturro ohiko gonbidatuez gain, aurtengo dantza talde gonbidatua Añorgatik heldu da: Arkaitz, Añorgako dantzariak. Ehungarren urteurrena ospatzeko bezperatan eta Boiseko Jaialdira euskal dantzarion ordezkari joango diren urtean haien dantza-emariaz gozatzeko aukera izan dugu Eibarren. Mendeurrenera forma bikainean iritsiko direla erakutsi digute añorgarrek. Ezpata-dantza, agurra, soinu zahar bat, uztai txikiena, makila handiena eta zinta-dantzarekin Gipuzkoako dantzen interpretazioan puntako erreferentzia zergatik diren agerian jarri dute Arkaitz taldeko dantzariek.
Larrain-dantza Euskal Jaian
Larrain-dantza Lizarratik dator, dultzaineroak bezala, eta bietarako ere afizio latza dago Eibarren. Euskal Jaiko eguerdiko dantza ekitaldiaren hirugarren partean Eibarko Euskal Jaiko klasiko bat plazaratu da: larrain-dantza! Urtero dantzatzen da arratsaldean birritan, baina aurten eguerdian ere dantzatu da.
Eibarren lehen aldiz 1969ko San Juan egunez dantzatu zen larrain-dantza, eta Eibarko Klub Deportiboko dantzariek, Kezkako dantzariek egin zuten. Baliteke aurten dantzatuko dutenen artean egon 1969ko ordu hartan dantzatu zuen norbait ere izatea. Izan ere, iaz Deportiboaren 100. Urteurrenaren aitzakian Eibarren inoiz dantzari izandako guztiak gonbidatu genituen dantzara eta aurten ere ireki dugu gonbidapena, eta 100 lagunetik gora aritu dira azken hilabeteetan larrain-dantza prestatzen. 150 dantzari, adin eta molde guztietakoak batu dira Untzaga plazan larrain-dantza elkarrekin egitera.
Dantzariak bakarrik ez, musikarien aldetik ere nobedade berezia izan da, Eibarko musikari talde eder batek jarri baitu larrain-dantzarako musika. Ez bakarrik gaiteroak edo dultzaineroak, baizik eta metal eta perkusioekin, Musika Eskolako eta Ustekabe txarangako kideek lagundutako banda eder bat montatu baita emanaldirako.
Patxi eta Konpania, 25 urte plazak dantzan jartzen
2000. urte bueltan Le Ball de Europe jaialdira gonbidatu zuten Patxi Perez dantza irakaslea. Han ezagutu zuen dantzaldi gidatuak egiteko moldea eta horrekin batera plazako dantzetako errepertorio dibertigarria: chapelois, circle circassien, schottis, alunelul, e.a. Plazak dantzan jartzeko molde hori Euskal Herrira egokitu eta mende laurden bete ditu dantzaldiak gidatzen. Askotan izan da Eibarko Euskal Jaian eta aurten ere plaza bete dantzazalek gozatu du Patxi eta Konpainiaren dantzaldian hamaika dantza-jauzi, fandango, arin-arin, balts, sorgin-dantza eta txapeloaz, borobila, ezkotixa eta abarrekin. Zorionak Patxi eta beste 25 urtetan dantzan jarrai dezagula.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19